Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Taldeka

Hamarkada bat tatami gainean

ZARAUZKO JUDO Klub Lizardi taldeak hamar urte bete berri ditu, eta dagoeneko hasi da ospatzen. Urtarrilaren 18an, esaterako, junior mailako Gipuzkoako Txapelketa eta eskola kiroleko jardunaldia antolatu zituzten Aritzbatalde kiroldegiko eskubaloiko kantxan. Eta urtarrilaren 24an, berriz, infantilen Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten. Ospakizunak, ordea, ez dira ekitaldi horietara mugatuko. Urteari begira, ekitaldi gehiago antolatuko dituzte: taldekako Gipuzkoako Txapelketa, Euskal Herriko judoka beteranoen entrenamendu saioa, argazki erakusketa, elkarteko kideen afaria...

Eman beharreko pauso guztiak eman ostean, 1999an sortu zen Judo Klub Lizardi. Hala ere, hasierako hazia bizpahiru urte lehenago landatu zutela esan du elkarteko arduradun eta entrenatzaile Albaro Mendibek: «Judo ikastaroak ematen hasi ginen Aritzbatalde kiroldegian. Hasiera hartan, dozena bat haurrek baino ez zuten osatzen taldea. Ondorengo bi urteetan, ordea, gero eta martxa handiagoa hartzen joan ginen eta konturatu ginen elkarte bat behar genuela. Izan ere, batzuk jada txapelketetan parte hartzen hasi ziren, federatzen hasteko beharra geneukan… Etenik gabeko dinamika jarraia zegoelako eman genuen aurrerapausoa».

Lizardi Institutua habia
Hasiera batean Elkarteari Judo Klub Zarautz izena jarri nahi zioten,   baina «antza denez, badago lege bat elkarte bati herri izena ezin zaiola jarri dioena. Garai batean posible zen, baina gaur egun ez dute uzten. Lizardi Institutuan entrenatzen genuenez, ikastetxeko izen bera geure egitea erabaki genuen. Lizardirekin, gainera, jendeak erraz identifikatzen du gure jarduera eta kokalekua», dio Albaro Mendibek.

Judo saioak egunero egiten dituzte, arratsaldez. Lau urteko haurrek izan ezik, gainerako guztiek bi saio egiten dituzte astean; gaztetxoenak astean behin elkartzen dira. Bestalde, txapelketetan aritzen direnek hiruzpalau saio ere egiten dituzte. Bost begiralek zuzentzen dituzte talde horiek. Oier Aranzabal, Ainhoa Berasaluze, Angel Lopez, Erika Larrañaga eta Albaro Mendibek berak, hain zuzen ere.

Adin guztietako 250 judoka inguru dabiltza gaur egun elkartean: 4 eta 12 urte bitarteko 180 lagun; 12 eta 16 urte bitarteko 20; eta helduen artean, 50. Elkarteak jauzi kuantitatibo nabarmena egin du hamar urte hauetan, zalantzarik gabe: «Hasieratik jarraitzen duten judokekin eta berriekin familia handitzen joan da. Egia esan, oso talde polita sortu dugu». Kide gehienak eskualdeko herrietako bizilagunak dira, nahiz eta tartean hainbat donostiar ere badagoen.

Txapelketak eta katak
Txapelketei dagokienez, elkarteak nahiko emaitza onak lortu ditu bere ibilbide laburrean: «Elkarte gaztea gara eta hamar urte oso gutxi da garaipen handiak lortzeko. Dena dela, seniorrak eta juniorrak pixkanaka-pixkanaka emaitza politak lortzen ari dira. Urtero-urtero bat edo beste Espainiako Txapelketarako sailkatzen da, gainera. Alde horretatik, oso gustura gaude» eman du jakitera  Judo Lizardi Klubeko arduradunak. 
Bata bestearen aurkako ohiko txapelketez gain, kata jardunaldietan ere parte hartzen du Lizardiko zenbait lagunek. Saio horiek aurkariarekin hitzartutako borrokak dira, eta judoka bakoitzak borrokan zehar egingo dituen mugimenduak zeintzuk diren esaten dio aldez aurretik epaileari. Ondoren, epaileek judoka bakoitzaren erakustaldia baloratzen dute.

Beraz, denetariko aukera dago judoan. Batzuek judoa praktikatu nahi izaten dute soilik, kirola eginez gozatzen dutelako, eta beste batzuek, praktikatzeaz gain, lehiaketetan ere parte hartu eta euren indarrak beste batzuen aurka neurtu nahi izaten dituzte. «Bi alde horiek bereiztea gustatzen zaigu gure elkartean. Izan ere, alebinetatik aurrera jada jakin badakite txapelketak zer diren eta batzuk lehiatu nahi duten bezala, beste batzuek ez dute txapelketari buruz ezertxo ere jakin nahi. Beraz, bi aldeak errespetatu behar dira».�



Izan zaitez bazkide:
Judo Klub Lizardi elkartean izena emateko 610 881387 telefono zenbakira deitu edo judoklublizardi@gmail.com posta elektronikora idatzi daiteke. Hileko kuota 26 eurokoa da 4 urtetik 12 urte bitartekoentzat; gainerakoentzat, berriz, 35 eurokoa. Urteko aurrekontua bazkideen kuotarekin estaltzen dute. Dena dela, «babesle bila» dabiltzala azaldu du Albaro Mendibek.

Araudi zorrotza:
Judoa borroka arte mota bat da, eta bere helburua aurkaria lurrera botatzea da. Kanpotik ikusita, kirol bortitza dirudi, baina «araudi zorrotza» duela azpimarratu du taldeko arduradunak. Borroketan finkatu- tako protokolo bat jarraitu behar dute judokek: aurkariarenganako errespetua erakutsi behar dute eta keinu itsusiak egitea nahiz mina ematea guztiz zigortuta dago, besteak beste.

Edonork egin dezake:
Kirol gehienetan jokalari batek morfologikoki nolakoa izan behar duen zehaztuta egon ohi da. Judoan, ordea, ez da hala izaten. Edonork praktika dezake. Bakoitzak bere morfologiaren arabera, erosoen zaizkion mugimenduak egin ditzake; hau da, judoko teknika bere gorpuzkerara egokitu. «Hori guztia txiki-txikitatik erakusten zaie, jolasen eta ariketa ludikoen bidez», eman du jakitera Mendibek.  

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info