Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Iritzia

Nesken benetako ordua iritsi da

KEPA IRIBAR ELIZEGI. POZA SORTU DIT emakumezkoen traineru liga sortu behar dutela jakiteak. Ez dizuet gezurrik esango, iaz nesken lehen estropadak egin zirenean (Euskadiko Txapelketa, Kontxa…), ez nuen oso garbi ikusten kontua. Presaka eta azken orduan antolaturikoa iruditu zitzaidan, arraunlariek ia prestatzeko denborarik ez zuten izan, eta ilusioak ordezkatu zuen behar bezalako plangintza bat antolatzeko denbora falta. Polita izan zen batik bat Donostiakoa, arraunlari haien guztien ilusioa eta poza Aquariumeko antxerrian, estropadaren aurretik eta ondoren irribarrea kendu ezinik egon ziren. Nire beldurra zen, ez ote zen izango jarraipenik gabeko urratsa, egun bateko lorea, oso polita gelditzen baita emakumezkoen alde zerbait egin duzula esatea.

Baina orain TKE ligak 2009ko asmoen berri eman duenean, emakumezkoen liga antolatu nahi duela esan du. Eta hauxe da nire ustez bidea. Ondo antolaturiko liga bat, egutegi zehatz batekin, babeslea lotuta, eta gainera, gizonezkoen ligak duen oihartzun guztia baliatuz. Izan ere, emakumezkoen estropadak gizonezkoenekin batera egingo dira, egun eta leku berean. Eta gaur egun oso garrantzitsua dena, telebista eta gainontzeko komunikabideak tartean direla.

Lehen urte honetan badirudi selekzioak izango direla lehian. Batzuk esango dute klubek hartu beharko luketela parte. Nik uste hasiera honetan benetan dela garrantzitsua ematen diren pausoak sendoak izatea, nesken arrauna sustraitu dadin. Ez luke ezertarako balioko etxe dotorea egiteak oinarria indartsua ez bada. Batzuen ustez gauza gehiago egin beharko lirateke, azkarrago egin beharko litzateke dena… baina kontuz, hobe da pausoak txikiagoak edo makalagoak izatea, baina sendoak izatea. Hasiera honetan txanda bakarra izango da emakumezkoena.

Badakit arraunlariek diotela (eta arrazoi izango dute) ligak badituela hobetzeko gauzak, baina iruditzen zait orokorrean lehiaketa txukuna dela antolakuntza aldetik. Beraz, emakumezkoen arraunak olatu hori baliatu behar du: antolakuntza, ligak duen oihartzuna, komunikabideak, babeslea izatea eta abar. Horrek neska gehiago erakarriko ditu arraunera, kantitatetik denborarekin kalitatea ere hobetuko da, eta urte batzuk barru, egonkortuta egon daiteke. Hori nahi genuke guztiok, neskak beraiek gehien.

Aurten, nesken txanda bakarra jokatuko da ziurrenik. Gero, mutilenak hiru izango dira. Telebistarentzat ere buruhaustea litzateke hortik gorako estropada, iraupenean asko egiten duelako gora. Nesken ontzi kopuruak gora eginez gero, hurrengo urteetarako konpondu beharko dira horrelako eta antzeko arazoak. Baina arazo horiek sortzea seinale ona litzateke, neskak arraunean egin nahi duten seinale, eta urte askotarako izan dadila!�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info