Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Erronka

Marea gorria harritzarrari tiraka

FAMILIAKO BAZKARI batean sortu zen giza proban lehiatzeko ideia. «Nire koinatak Zumarragako taldearen prestatzaile fisikoa ezagutzen zuela eta halako erronka bat antolatu genezakeela hitz egiten aritu ginen, eta horrela hasi zen guztia», azaldu du Zumaiako arraunlari eta ekimenaren bultzatzaile nagusi Dabid Iglesiasek. «Dozena bat lagunek hartzen dute parte proban eta 20 minutu inguru irauten du, estropada baten antzera. Beraz, pixka bat prestatuta, egin genezakeela pentsatu nuen».

Asmoa entrenamendu saioan proposatu zuenean, taldea osatzeko arazorik ez zuela izan azaldu du Iglesiasek: «Kirol apustuei ez diegu muzinik egiten! Taldekideek oso ongi hartu zuten kontua eta berehala animatu ziren».

Nork plaza gehien egingo
Otsailaren 8an jarri dute hitzordua, 12:00etan, Zumarragako plazan. Hogei minutuan ahalik eta plaza gehien egitea izango da apustua; harriak 1.600 kilo pisatzen ditu eta taldeek 12 lagunez osatuta egoteaz gain, ezingo  dute 1.000 kilotik pasa. Guztira, 4.000 euro izango dira jokoan –talde bakoitzak 2.000 euro jarriko ditu–, eta proba irabazten duenak guztia eramango du. Apusturako baldintza batzuk zehaztu dituztela azaldu du Iglesiasek: «Zozketarik gabe, Zumarragako taldea izango da saioa egiten lehena eta plaza bateko abantaila emango digute, emozio pixka bat jartze aldera!».

Zumaiarrak Zumarragan ibili dira entrenatzen hilabete honetan eta espero zutena baino gogorragoa dela onartu dute. Gainera, «ez du zerikusirik arraunarekin. Hankak ezinbesteko tresnak dira harria mugiarazteko, eta guk arraunean ez ditugu hankak horrenbeste lantzen. Pixkanaka-pixkanaka, harria mugiarazteko teknika barneratzen ari gara. Hasiera batean beldur pixka bat ematen zidan; baina nik uste dut jokoa emango dugula». �

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info