Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Iritzia

Izena, izana, ezina

XABIER LOPETEGI LABAIEN. URTETAN ZEHAR, futboleko euskal selekzioak atxikimendu zabala izan du herritarren artean, baina gehienon begietara «jatorra» eta «sanoa» zen aldarrikapenari, zimurrak agertu zaizkio. Futbolariek garai ekonomiko txarrak aukeratu dituzte plantorako. Señorito pribilegiatu apetatsuak balira bezala aurkezteko baliatu dute askok aukera. Argudio demagogikoa da, bai, baina baita eraginkorra ere. Eta unean ez ezik, estrategian ere ez dute batere asmatu: luzaroan aldarrikatu dute jokalariek ofizialtasunerantz aurrerapausoak eman beharra dagoela, arrazoi osoz. Galdera saihestezina da: mesederik egin dio borroka horri Iranen aurkako lagunartekoaren karietara gertatutako guztiak?

Eztabaida izenan kokatzea ere salatu dute jokalariek. Ahazten dute euren ekimenez jokatu zela aurrenekoz «Euskal Herria» bezala. Nahiz eta, beharbada, herritar asko ez ziren ados egongo aldaketarekin, nahiago zutelako esanahi historiko argia duen  «Euskadi», edo beste edozer arrazoigatik. Edonola ere, benetan ekarri zuen aurrerapauso praktikorik deitura horrek, lehenagotik ere Nafarroa eta Iparraldeko jokalariek Euskadirekin lagunarteko partidak jokatzen bazituzten? Benetan zen «egi bihurtutako ametsa» izen horrekin jokatze hutsa (hala zioten jokalariek azaroaren 13ko agirian)? Izenen atzean izana dagoela onar daiteke, baina izenak, berez, ez du izana ekartzen.

Zalantzarik gabe, kirol arloa gainditzen duen eztabaida ireki dute jokalariek. Baina hori baino askoz ere okerragoa da Euskal Federazioak erakutsi duen koherentziarik eza. Ezin da ahaztu bere adostasunarekin aldatu zela izenez, Kataluniaren aurkako partidaren beroaldian. Arazoa ordutik dator. Harrezkero, argi geratu da federazioa politikarien unean uneko interesei men egiten dien erakundea baino ez dela, eta etorkizunari begira kreditu handia galdu duela. Esan behar da ere zenbait politikarik afera honetan izan duten jarrerak populismoaren gailurra jo duela. Baina hori ez da berria.

Haatik, aurrera begiratu beharra dago. Zer behar da ofizialtasuna lortzeko? Elkarri trasteak botatzeak ez du ezer konponduko, afera honetako bi protagonista nagusiek, erakundeek zein jokalariek, egin dezaketelako orain arte egin dutena baino gehiago. Autokritika, benetako borondatea eta pragmatismoa uztartu beharko dira, baina egiten den guztia alferrikakoa izango da, ziurrenik. Arazoaren oinarrian «Euskadi» edo «Euskal Herria» erabaki subjektu gisa bitarteko guztiekin ukatzen duen estatua dago. Gertatutako guztia estatu horren itxikeriak eta monolitismoak sortzen duen etsipenaren, nahasmenaren eta zatiketaren isla baino ez da. Euskal herritar, euskaldun, baskito edo baskongado, hori da gure izate tristea.�

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info