Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Albisteak

Estropada eta jai giroa uztartuko ditu asteburuan Enbata Egunak

Abuztuaren 13an eta 14an arraun munduaren «epizentroa» bihurtuko da Zarautz. Izan ere, urtero bezala Ama Birjinaren jaien inguruan Zarauzko estropadak jokatuko dituzte, Enbata Egunaren baitan. Hiru bandera izango dira jokoan aurten: KAE 1 Ligako Zarauzko II. Ikurriña, Zarauzko III. Emakumezkoen Ikurriña eta Zarauzko XXXIV. Estropada.

Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatearen arabera, traineruen denboraldia neurtzeko «termometro onena» izango da asteburuko saioa, «Kontxako estropadetatik gertu baitago». Bestalde, Zarauzkoa «galduezineko saioa» izango dela adierazi du TKEko kudeatzaile Iñaki Mikeok: «Ohorea da Zarautzen jokatu ahal izatea. Kantxa onenetarikoa da». Atzo aurkeztu zuten Zarauzko Ikurriña Cachi Bachi elkartean, eta Mikeoz eta Illarramendiz gain, bertan izan ziren Turismo zinegotzi Karmele Alberdi eta Zarauzko Arraun Elkarteko presidente Edu Mugerza.

Aurkezpenaren amaieran San Miguel Ligako liderrari, Kaikuri, Rosari Floresek egindako Arrantzalea eskultura eman zion Zarauzko Udalak. Kaikuko ordezkari Pedro Olmedillok jaso zuen oroigarria.

Bandera eta liga
KAE 1 Ligako jardunaldia izango da jokatuko duten lehenbizikoa. Larunbat eguerdian izango da. Bertan lehiatuko dira Zarauzko eta Orioko traineruak. Larunbatean zein igandean, Euskotren ligako play off-a jokatuko dute Galiziako, Zumaiako, Getaria-Tolosako eta Pasai San Juaneko traineruek. Larunbatean lehenengo jardunaldia izango da, arratsaldez; San Miguel Ligako estropadaren aurretik, hain zuzen. Igandean izango da bigarren saioa, eguerdian. Bi estropadak puntuagarriak izango dira; bi saioetan lortutako denboren batuketaren emaitza hartuko da kontuan, eta erregularrenak irabaziko du Zarauzko bandera; eta ondorioz, aurtengo Euskotren Liga .

Horrez gain, TKE San Miguel Ligako 12. eta 13. estropada puntuagarriak ere jokatuko dira bi egunetan, Zarauzko XXXIV. Estropadak deritzena. Hilaren 13an, 18:30ean hasiko da estropada horretako lehenego proba. Bigarrena igandean izango da, eguerdian. Bi estropadak puntuagarriak izango dira San Miguel Ligako sailkapen nagusian. Ikurriñari eta sariari dagokionez, bi jardunaldiotan lortutako denboren batuketaren emaitza hartuko da kontuan, emakumezkoen proban bezala.

Gizonezkoen kasuan, ibilbideak 5.556 metro izango ditu, lau luze eta hiru ziaboga guztira. Emakumezkoek egin beharreko ibilbidea motzagoa izango da. 2.778 metroko bidea izango dute, bi luze eta ziaboga bakarra, alegia. Sari banaketa igandean bertan izango da.

Estropadak jokatu bitartean, asteburuan zenbait ordutan itxita izango da N-634 errepidea Getaria eta Zarautz artean. Larunbatean, 16:30etik 19:45era errepidea itxiko dute Zarauzko norantzan. 16:30etik 18:00etara, berriz, aurkako norantzako erreia itxiko dute.

Igandean, berriz, 10:30etik 14:00etara itxiko dute Zarauzko norantzako erreia, eta 10:30etik 12:00era Getariarakoa. Estropadak amaituta, segurtasuna bermatzearren, errepidea orduerdi batean erabat itxiko dute bi norantzetan. Ohiko autobus zerbitzua eta ordutegia mantenduko da, bi norantzetan.

Kirola baino gehiago
Mugerzak jakinarazi zuenez, ordea, egun horietan ez da kirol arloa «bakarrik» jorratuko. Hiru ikurriña jokatuko badituzte ere, izango da bestelako aukera. Enbata Eguneko egitarauaren baitan, askotariko ekitaldiak izango dira hala, zarauztarren zein bisitarien gozagarri. «Zarauzko Udalak eta Zarautz Arraun Elkarteak Zurekin Ostalaritza Elkartearekin elkarlanean, egitarau oparo eta zabala antolatu du asteburu guztian zehar arraun eta jai giro paregabea bizi eta gozatu ahal izateko», nabarmendu Mugerzak.

Behin estropadak amaituta, igandean eguerdi aldera, paella erraldoi jana egingo dute Munoan. Bazkalostean, Arraun bertso-poteo desafioa, Zurekin Ostalaritza Elkartearen eskutik. Gauean, berriz, kontzertu sorta zabala izango da. Hala, Oreindik, The Uski´s eta Obrint Pas taldeen kontzertuak izango dira, eta amaitzeko, Jon Urbieta disko jartzailearen emanaldia. Kontzertu gauerako sarrerak salgai daude dagoeneko elkarteko tabernetan eta dendetan. Aurrez erosten dutenek bost euro ordaindu beharko dute sarrerako; eguneanbertan Munoan erosi ahalko dira sarrerak, zazpi euroren truke.

«Herriko beste kirolekin» egin ohi duen moduan, Zurekin elkarteko ostalariek Enbata babestu nahi izan dute, eta horretarako, Zarauzko hainbat tabernatan saskiak zozkatuko dituzte, Enbataren alde. Bi euroren truke 100 zenbakiren artean bat aukeratu ahalko dute. Zenbakiak amaitu, eta hurrengo eguneko ONCEko zozketako zenbaki irabazlearen azken zifrak daramatzan txartela izango da saritua. Bestalde, Enbata Eguna antolatzen laguntzeaz gain, patata tortilla pintxoak eskainiko dituzte larunbatean zein igandean, Munoa Plazan.

Bestalde, larunbatean, eguerdi aldera, Enbataren aldeko kantu jira egingo dute herritarrek. Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, hiru orduz kaleak alaituko dituzte. Bertaratzen direnek jantzi eta zapi urdinak eraman beharko dituzte soinean.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info