Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Euskotren Liga

Aurrera egiteko indarrak bilduz

Denboraldi hasierarako genuen helburu nagusia lortu dugu dagoeneko. Oso urduri egon gara, denboraldi osoko lana bi egunetan jokatu dugulako. Baina gustura gaude egin dugun lanarekin», adierazi du Atsegin Odriozolak, Zumaia Salegi Jatetxeko arrunlariak. Taldeak ezin hobeto hasi du arraun denboraldia, Eusko Tren Ligan sailkatzeaz gain, pasa zen larunbatean Portugaleteko (Bizkaia) Kutxabank Bandera irabazi baitzuen. Kike Manterola entrenatzaileak adierazi duenez, taldeak bazuen esperantza Eusko Tren Ligan sartzeko, baina «uste baino errazagoa» izan dela aitortu du. Izan ere, aurreko urtetik sei baja izan dituzte taldean, eta arraunlari berriak sartu dira Zumaia Salegi Jatetxea traineruan. «Beldur handia genuen izango genituen emaitzekin, aldaketa asko izan baititugu azken hilabeteetan, baina oso pozgarria izan da».

Aise garaitu dituzte beldurrak, ordea, eta denboraldia hasi eta lehenengo bandera lortzea «ezustekoa» izan dela onartu du taldeak. «Ez genuen espero garaipena, baina erraz irabazi genuen estropada saioa. Iragarri zutena baino eguraldi askoz txarragoa egin zuen, baina lana gogor eta ondo egin genuen».

Lortutako emaitzek «konfiantza eta indarra» eman diote taldeari. «Aurreneko postuetan izateak aurrera jarraitzen laguntzen du», esan du Odriozolak. Manterolak, berriz, gaineratu du talde «indartsuenekin» lehiatzeko «adorea» ematen diela emaitzak. Lehenengo helburua bete badute ere, aurrerantzeko bidea «poliki-poliki» egingo dutela aurreratu du arraunlariak, zuhur. «Gure lekua aurkitzen joango gara. Estropadetara gustura joan behar dugu, ditugun akatsak hobetuz, taldea ahalik eta ondoen egon dadin».

Denboraldia oraindik luze joango da, eta Manterola zuhurra da hurrengo jardunaldien aurrean, aurkari gogorrak baitituzte. Gainera, egoera «estutzen» ari dela uste du entrenatzaileak. «Getaria-Tolosa oso indartsua da, eta berdinduta gaude puntuetan. Galiziarrak ere halakoxeak dira, eta San Juan taldea ere mailaz igo da. Lehia estua izango da lau taldeen artean», adierazi du Manterolak. Odrizola ere bat dator entrenatzailearekin, eta denboraldi «interesgarria» izango delakoan da. «Estropada asko daude aurretik, eta gorabehera dezente izango direla uste dut. Hala ere, orain arteko emaitzak ikusita, taldeen artean aurreko urtetakoa baino alde txikiagoa izango delakoan nago».

Talde berria, baina sendoa
Arraunlari batzuen bajen ondorioz, taldean aldaketa ugari izan direla jakinarazi du Manterolak. «Hasiberri batzuk sartu dira taldean, eta kideak besteengana moldatu behar izan dute». Hala ere, Odriozolak ez du uste hori ahulezia denik. «Askotan hasiberriek haize freskoa ekartzen dute, eta ilusio eta gogo handia izaten dute. Guztiek egiten diote ekarpena taldeari». Manterolak, bere aldetik, uste du arraunlarien egoerak baldintzatuko duela taldearen geroko jarduna. «Hamazazpi arraunlari daude, gutxi. Beraz, lesioek arnasa ematen badigute, borroka egiteko moduan ibiliko gara».

Odriozola ez da hasiberrietako bat. Duela sei urte hasi zen Zumaiako taldean. «Lagunen artean probatzeko gogoa genuen, eta gero gustatu zitzaidan. Behin egonkortuta, taldeak kateatu egiten zaitu aurrera segitzera». Urtetik urtera taldeak gora egin duela uste du arraunlariak, aldaketa asko bizi izan baditu ere. «Aldaketetara moldatzen jakin dugu, eta talde polita sortzea lortu dugu pixkanaka».

Odriozolak badaki zer den Donostiako Kontxako Banderan lehiatzea, eta aurten ere, helmuga horixe du buruan. «Kontxa urruti bezain hurbil izaten dugu guztiok. Arraunlarientzako oso berezia izan ohi da egun hori». Kontxara iristea eta liga irabaztea dira taldearen ametsak, baina horretarako argi dute aurretik lan asko egin  behar dute: «Gogor jardun behar dugu helburua betetzeko, eta zortea izatea ere ezinbestekoa da honetan. Guk ez ezik, besteek ere beharko dute zortea, ordea».

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info