Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Albisteak

ORIO

Eskualdean gizonezkoen goren mailan, San Miguel Ligan, ariko den talde bakarra da Oriokoa. Aurten iaz besteko denboraldia egin nahi dute, «iazkoa errepikatu edo hobetzeko asmoa daukagu», dio Zigor Gazpio Orioko Arraun Elkartekoak. Aurreko denboraldian Oriok hiru bandera lortu zituen, eta Gipuzkoako txapelduna izan zen. «Ea aurten ere onenen artean ibiltzen garen».


Igor Makazagak entrenatzen duen Orioko trainerura hiru arrraunlari berri gehitu dira: Iñaki Errasti, Iñaki Elortza eta Anartz Larrea. Errasti eta Larrea lehen Orion ibilitakoak dira: baina Errasti Kaikutik etorri da, eta Larrea arrauna utzita egon ostean itzuli egin da. Elortza, berriz, berria da: itziartarra da izatez, eta aurrena Zumaian ibilitakoa eta gero Santurtzin.


Aurreko denboralditik, berriz, hiru baja eduki ditu Oriok: Aritz Etxebestek utzi egin du; Xabier Ostolaza Zumaiara joan da; eta, Endika Urangak utzi egin zuen arrauna aurrena, baina elkartean ibiliko da.


Gizonezkoetan bigarren talde bat ere badu Oriok, KAE 1 ligan. Entrenatzailea Asier Colina dute. Gazpioren esanetan, bigarren talde honetan mugimendu gehiago izan dute: «Baja dezente eduki ditugu, baina behetik ere jende berria igo da, eta gogo handiarekin gaude». Aurreko denboraldian «oso behean» ibili ziren, eta puntu bakar batengatik heldu zioten mailari. Aurten, hobeto ibiltzeko itxaropena dute: «Ea jaisteko arriskurik gabe ibiltzen garen. Erditik behera bada ere, sufritu gabe».


Orioko emakumezkoen taldea EuskoTren mailan ibili zen iaz, eta oraingoan ere maila horretan lehian jarduteko helburua dute. «Uztailean da EuskoTren ligarako sailkapena, eta gogorra egongo da lehia. Hibaika eta San Juan gogor ikusten dira, eta badirudi Galiziatik ere talde bat etorriko dela. Gu ere borroka horretan egongo gara: laurentzako hiru postu daude, eta guk guretzako bat nahi dugu», aurreratu du Gazpiok.


Emakumeen taldean, arraunlari aldetik baja askorik ez du izan Oriok, baina berri batzuk gehitu dira: «Jubeniletako laukote bat hasi da. Inportazio batzuk izan dira, eta ea liga jokatzeko aukera lortzen dugun». Beheko mailetatik goikoetara pausoa ematea harrobi lanaren emaitza dela dio Gazpiok.


Orio Babyauto hiru traineruak larunbatean aurkeztuko dituzte. 12:00etan egingo dute ekitaldia, 12:00etan, herriko plazan. Orioko zaletu guztiak ekitaldira gonbidatu ditu Orioko Arraun Elkarteak.

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

Sasoian PDFan

sasoian

Eskura ezazu sasoian aldizkariaren azken zenbakia, PDF formatuan

Ikus aurreko zenbakiak >>
Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info