Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Mikel Agirrezabalaga

2011-07-08,12:00:00

Amaia Ventas-Urola Kostako Hitza. Mikel Agirrezabalagak (Zarautz, 1984) badu eskarmentua eskubaloi alorrean. Azken lau urteetan Leongo Ademar eskubaloi taldean jokatu du, eta aurrez Alcobendasen ere aritu da. Zortzi aldiz jokatu du Europako Ligan, eta 2002-2004 denboraldian Barcelona taldeko ezkerreko hegaleko jokalaria izan zen. Zazpi urteren ostean, munduko eskubaloi talde onenak berriz fitxatu du. Astearte eguerdian aurkeztu zuten komunikabideen aurrean, eta Barcelonan berriz jokatu ahal izateak «poz ikaragarria» eman diola aitortu zuen.
Barcelona Intersport eskubaloi taldeak fitxatu zaitu berriz ere. Berri pozgarria izango da, ezta?
Bai, noski. Edozein kirolarirentzat benetan pozgarria da halako talde batean jokatzeko aukera izatea; izan ere, munduko talderik garrantzitsuena da. Egia esan, ilusio handia egin dit berriz ere taldera bueltatzeak. Gogo handiarekin noa, beraz.
Aurten fitxatu duten lehenengo jokalaria zara, eta hiru denboralditan arituko zara taldean jokatzen. Hurrengo urteak nolakoak izango direla aurreikusten duzu? Preparatuta sentitzen al zara?
Bai. Lehenengo aldiz fitxatu nindutenean oso gaztea nintzen, 18 urte nituen. Orain 27 urte ditut, eta halako talde batean jokatzeko askoz ere prestatuago nagoela uste dut. Txapelketa mailan eskarmentua badut, azken lau urtean Leongo Ademar taldean aritu bainaiz. Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera izan dut, baita Asobal Ligan ere. Hor beti goi mailan jardun dugu, hirugarren edota laugarren postuan. Horregatik uste dut momentu onenean noala Bartzelonara.
2002-2004 denboraldian aritu zinen Barcelona Intersport taldean jokatzen. Taldea ezagutzen al duzu?
Halako talde potenteak asko aldatzen dira normalean. Orduko bi jokalari soilik geratzen dira egun, Laszlo Nagy eta Victor Tomas, hain zuzen ere. Beste hainbat ezagutzen dut Alcobendas eta Ademar taldean nirekin jokatu baitzuten; Daniel Sarmiento zentrala eta Daniel Saric atezaina, kasu. Era berean, beste hainbatekin jokatzea tokatu izan zait beste selekziotan. Asko jarraitu dudan taldea da, oso potentea baita, eta askotan jokatu baitut haren aurka.
Asobal Liga eta Europako Kopa irabazi ditu aurten Barcelona Intersport taldeak. Datorren denboraldian postu hori defendatu beharko du .
Nik uste Barcelona bezalako talde batek ahal duen guztia eman behar duela postu horri eusteko, eta egingo du. Aurten erakutsi du nagusi dela, eta hurrengo urtean bide horretan jarraitu beharko du.
Zuk, gainera, baduzu eskarmentua Europan. Aurrez ere jokatu izan duzu liga horretan.
Bai, lau urte egin ditut Leongo Ademar taldean, eta denbora horretan Europako Ligan jokatzeko aukera suertatu zitzaidan. Finalaurdenetara iristea lortu genuen behin. Egia esan, partida asko jokatu ditut Europako Ligan.
Esperientzia hori kontuan izanda, Barcelona bezalako talde bateko jokalari izanda, eta zortzi aldiz Espainiako Selekzioarekin jokatuta, 2012an Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izatea posible ikusten al duzu?
Egia esan, Olinpiar Jokoak pixka bat urruti gelditzen dira oraindik. Azken deialditan ezin izan dut Espainiako Selekzioarekin leihatu, eta berriz ere dinamika horretan sartzea lortu behar dut. Momentuz aurten ez naiz Espainiako Selekzioan izango. Nire helburua Barcelonan ongi jokatzea da, eta, ildo horretatik, datorren urtean selekzioan jokatu ahal izatea.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info