Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Dani Estrada, Alaves taldeko jokalaria

2015-09-15,14:00:00

Aritz Mutiozabal. Alaves taldearekin urtebeterako hitzarmena sinatu du zarauztarrak, Realarekin kontratua bukatu ondoren; jokatzeko aukerari eman dio lehentasuna talde berria hautatzeko orduan.


Talde txuri-urdin batetik bestera egin duzu jauzi. Nola suertatu zaizu aldaketa?
Realaren kontratua bukatu zitzaidan, eta sortu zitzaidan aukeretako bat Alaves izan zen. Bilatzen nuena eskaini zidan Gasteizko taldeak, eta aukera egokia izan zitekeela iruditu zitzaidan. Bigarren maila izateko talde polita da, aspirazio nahiko altuekin, eta instalazioei dagokienez, oso ongi dago, baita zaletuen aldetik ere. Azken urteak ez dira onak izan niretzat, eta berriro ere martxa hatzeko talde ona dela iruditzen zait.

Horrenbeste urte eta gero, ez al zaizu arraroa egin klub berri batetara joatea eta bertako funtzionamenduari heltzea?
Egia esan, orain arteko nire bizitza osoa Donostian eman dut. Baina jakin badakigu futbola nolakoa den. Zorte handia izan dut urte luzez Realean aritu naizelako, baina futbola ez da Realean bukatzen. Klub pila bat daude. Orain, esperientzia berri bati ekin diot, taldekide berriekin, eta oso urrutira joan ez naizen arren, aldaketa nabaria da. Esaterako, lehen entrenatzera Zubietara joaten ohituta nengoen, eta orain Ibaia da nire eguneroko prestaketa gunea. Azken finean, aldaketa edo gauza berri guztietatik ikasten da zerbait.

Ez al da arraro egiten lehen mailako talde batetik bigarren mailara jaisteko erabakia hartzea?
Erabakia hartzerakoan guztia baloratu dut. Izan ditudan eskaintzak mahai gainean jarri eta niretzako onena zena hautatzen saiatu naiz. Alaves izan da nire aukera, eta oso gustura nago. Alderdi asko hartu behar izaten da kontuan halako erabaki bat hartzeko orduan. Azken urteetan, adibidez, ez dut askorik jokatu Realean, eta agian garrantzi handiagoa eman diot partidetan minutu gehiago izateko aukerari. Horrez gain, taldeak denboraldi berrirako zehaztu duen proiektua gustatu zait.

Jokatu ahal izatea lehenetsi duzu, hortaz, talde batekin edo bestearekin hitzartzeko orduan?
Faktore garrantzitsua izan da, bai. Nolanahi ere, inork ez ditu bermatuta minutuak zelai gainean. Egunero-egunero borrokatu egin behar duzu, bai Lehen Mailan, bai edozein tokitan. Eta egin dizkidaten eskaintzetatik ge­hien konbentzitu naunaren alde egin dut.

Zuk zeuk ere esan duzun bezala, urte zailak bizi izan dituzu azken bi urteetan Realean. Zeure buruarengan konfiantzarik galdu al zenuen?
Ez dut inolaz ere konfiantzarik galdu. Beti izan dut konfiantza neure buruarengan. Baina gauza bat dela edo bestea dela, ez dugut apenas jokatu: iaz ere ez nuen kontatu entrenatzailearentzat eta klubarentzat, eta airez aldatzeko unea zen.


Eta orain Alavesen, zer moduz sentitzen zara ?
Oso gogotsu nago. Denboraldi hasiera nahiko txukuna egin dugu [ligako hiru partidatatik bi irabazi dituzte eta bat galdu; eta Espainiako Kopako lehen kanporaketa gainditu dute], eta ilusioz ekin diogu, nahiz eta jakin liga luzea izango dela. Denboraldi on bat egiteko animoz beteta gaude.



Talde berrian ere gutxi jokatu duzu orain arte. Postua irabazi beharra dago, ezta?
Hala da, bai. Minutuak ez dizkizu inork oparitzen futbolean, eta  entrenamenduetan gogor egin behar da lan partidak jokatzeko, baita entrenatzailearen konfiantza lortzeko ere. Ea pixkanaka-pixkanaka sasoian jartzen naizen eta gehiago jokatzeko parada izaten dudan aurrerantzean. Taldea hogei jokalarik osatzen dugu une honetan, eta guztiok nahi dugu hamaikakoan sartu. Denboraldian zehar gehiago edo gutxiago jokatzen dituzun boladak ere izaten dira, eta beti egon behar duzu prest zelaira atera eta duzun onena emateko.



Goiko postuetan hasi duzue denboraldia. Hori al da Alavesen aurtengo helburua?
Gure helburua eta, azken finean, talde guztiena, denboraldia bide onetik eta ahalik eta indartsuen hastea da. Horretarako aritu gara gogor prestatzen uda osoan, denboraldiaurrean. Ligako bi partidetan asmatu egin genuen, eta hirugarrenean kale, baina iruditzen zait taldea ongi aurkitzen dela. Garrantzitsua izango da hasiera honetan ahalik eta puntu gehien eskuratzea, denboraldian zehar beti izaten direlako gogorabeherak. Beraz, zenbat eta puntu gehiago lortu, are hobe guretzat.


Lehen Maila al da taldearen denboraldiko helburua?
Lehen Mailara igotzea zaila da. Taldeak finkatu duen helburua da ahalik eta goren sailkatzea. Ohiko esaldia dirudi, baina gakoa partidaz partida joatea da. Asteburukoa irabazten saiatu eta datorrenari begira jarri, eta modu horretan ahalik eta puntu gehien lortzen joatea. Ligak maiatzera arte iraungo du, eta oraindik oso urruti dago. Horregatik, jardunaldiz jardunaldi joatea da onena, eta azken txanpan, otsailean edo martxoan, zehaztea behin betiko helburua.


Denboraldi berrirako, behintzat, dezente indartu da Alaves, hainbat fitxaketarekin.
Bai, taldea asko sendotu dute aurtengo kanpainari aurre egiteko. Iaztik hona jokalari asko aldatu ditu, eta garrantzitsua iruditzen zait taldea batuta sentitzea eta partidak borrokatzeko grina izatea. Fitxaketa onak egin dira, eta espero dugu sailkapenaren goialdean ibiltzea.

 

Argazkiak: Alaves

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info