Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Gorka Aranberri, Urdaibaiko patroia

2015-09-17,13:00:00

Pasa den igandean Bermeo-Urdaibaik irabazi zuen Kontxako Bandera preziatua. Gorka Aranberri zarauztarra da traineruko patroia, eta estropadan zehar bizitakoak hizpide izan ditu.

Zer sentitzen da Kontxako Bandera irabazita?
Poz handia sentitzen dut. Kontxako Estropada arrauneko Champions-a dela esan daiteke, eta bandera irabazten denean poz handia sentitzen da. Hau nire hirugarren Kontxako Bandera da.

Hondarribia liderra izan da denboraldian zehar. Horrek Kontxako Bandera hau berezia egiten al du?
Aurten Hondarribiak egin duen denboraldia historikoa izan da. TKE Ligaren historian inork gutxik lortu ditu denboraldi batean horrenbeste bandera. Gu bigarrenak izan gara estropada askotan. 17 estropadetatik hiru bandera irabazi ditugu, eta bederatzi estropadetan bigarren postuan sailkatu gara. Bigarren izateak arraunlarien animoan eragina izaten du. Horregatik, poz handia ematen du Kontxako Banderan nagusi izan den taldeari aurre hartu, eta bandera irabazteak. Gainera, geure buruari erakutsi diogu gai garela onenaren pare eta hobeto ibiltzeko.

Nolakoa izaten da prestaketa halako estropada garrantzitsuen aurrean?
Igandean goizean goizetik urduri egon nintzen. Astea oso luzea egin zitzaidan, baina garrantzitsua izaten da egunez egun lana txukun egitea. Igandean, berriz, lehen ordutik adi-adi jarraitu genuen itsasoaren egoera. Itsasoa nahiko nahastua zegoen, eta iragarpenek hego haizea izango zela esan bazuten ere, ez zen hego haizerik ageri. Horrek tentsio handia sortzen du; usain txarra hartu nion, ordura arte aurrikusita genuena ez baitzen betetzen ari. Uretara atera eta beroketekin hasi ginenean, urduritasuna pasa zitzaidan eta estropadan kontzentratu nintzen.

Igandekoa oso estropada lehiakorra izan zen. Nola bizi izan zenuen traineru barrutik?
Bigarren iganderako Kaiku eta Orio hamairu segundo atzetik ziren, eta pentsatu genuen ezer galtzeko ez zutenez estropada haustera atera zitezkeela. Egoera horretan burua galtzen bada, arrunketatik atera eta Oriok eta Kaikuk duten potentzialarekin eta itsaso nahastuarekin edozer gertatu liteke. Horregatik, hasieratik bi helburu genituen; alde batetik, irteera indartsu bat egitea atzean ez geratzeko eta, bestetik, geure arraunketa hartzea. Igandean lehen luzean Orio aurretik izan genuen, baina ziaboga emanda arraunketa ondo hartu genuen, eta aurretik jarri ginen. Hortxe hautsi zen estropada.

Noiz ohartu zinen bandera zeuena zela?
Badia barrura sartu ginenean bagenekin helmuga pasa arte dena ematen jarraitu behar genuela. Lehia oso estua zen, gu aurreraxeago gindoazen, baina Hondarribiak bi segundoko aldea zuen aurreko igandetik, eta ezin ginen lasaitu. Hondarribiak olatu bat hartzen bazuen eta guk ez, genuen abantaila galduko genuela baikenekien.

Tentsio une horietan taldea motibatzea izango da gakoa. Zein da zure sekretua?
Sekreturik ez dago, ondo ezagutzen dugu elkar. Arraunlariek nire ahotsa ezagutzen dute, eta antzematen dute lehia estua badago. Ni itxura egiten saiatzen naiz beraiek lasaiago arraunean egin dezaten. Dena dela, igandeko estropada garrantzitsua zen, Kontxako Bandera zegoen jokoan, eta zaila zen momentuko tentsioa ezkutatzea.

Une horietan zaletuen babesa garrantzitsua al da?
Zaletuen berotasuna eta animoak oso garrantzitsuak dira guretzat, denboraldi amaiera da eta arraulariok nekatuta izaten gara gainera. Bermeoko zaletuak estropada guztietara joaten dira, eta Kontxako Estropadara oraindik eta jende gehiago hurbiltzen da. Kontxako Bandera arraunaren festa handia izaten da, berezia benetan.

Garaipenaren atzean esfortzu handia egongo da, ezta?
Bederatzi hilabeteko lana dago atzean. Orain talde handi batean egonda Kontxako Bandera irabazi dut, baina hankak lurrean izan behar dira. Ni Zarauztik nator, eta Kontxako Estropadako sailkapen estropadara etortzen ginenean, neure buruari galdetzen nion ea egunen batean Kontxako Banderan parte hartzeko gai izango ote nintzen. Bandera irabaztea ametsa zen orduan. Zarauzko taldearekin nenbilela bi urtetan Kontxako Estropada jokatzeko sailkatu ginen, eta lorpen ikaragarria izan zen guretzat. Urteak pasata, talde indartsu batean aritzeko eta Kontxako Banderak irabazteko aukera izan dut, eta zorteko sentitzen naiz, arraunlari askok ez baitute beren palmaresean Kontxako Banderarik. Nik hiru ditut, eta ohorea da niretzat.

Zarautzen arraunak ez du beste herri batzuetan bezainbeste indar. Zuen lorpenekin Zarauzko arraunlari gazteak animatzea nahiko al zenuke?
Zarauztik arraunlari oso onak atera dira. Arraunaren gakoa irmotasuna da. Askotan emaitzek laguntzen ez badute desanimatzeko joera izaten dugu, baina arrauna gustatzen zaienei jarraitzeko esango nieke, ez etsitzeko. Urte askotako lanak emaitzak ematen ditu. Zarauzko Arraun Elkartea lan handia egiten ari da harrobiarekin, eta gure lorpenek balioko balute Zarauzko haurrak animatzeko eta arraunak gora egiteko, asko poztuko nintzateke.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info