Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Joxean Olaskoaga Aizperro, Orioko entrenatzailea

2015-10-07,10:30:00

Aiora Larrañaga. Orioko Arraun Elkartea entrenatuko du datozen denboraldietan, eta oriotarra gustura dago erronka berriarekin. Lanean hasteko irrikaz dela kontatu dio egunkari honi.

Oriotarrak asko poztu dira arraun elkarteko entrenatzaile izatera bueltatuko zarelako. Antzeman al duzu babes hori?
Arraunlari gehienekin hitz egin dut, eta gustura daude entrenatzailea izango naizelako. Horretaz gain, lagun eta ezagun asko hurbildu zaizkit zorionak ematera. Egia esan, herrian gutxi ibiltzen naiz, baina antzeman dut harrera ona izan duela berriak.

Ezustean harrapatu al zintuen proposamenak?
Dena izan zen ezustekoa. Ez nuen uste Igor Makazagak utziko zuenik; denboraldi oso ona egin dutela uste dut, eta jarraituko zuelakoan nengoen. Hori izan zen lehen ezustekoa. Bestetik, denboraldia amaitu eta astelehenean bertan Orio Arraunketa Elkarteko presidente Ibon Huegunek deitu zidan. Hasiera batean, sorpresa hartu nuen.

Zalantzarik izan al zenuen?
Zalantza, kezka eta urduritasuna, denetik pixkat bat sentitu nuen. Ardura handia da: Portugaleten entrenatzaile izan nintzenean nekatuta bukatu nuen. San Pedron gustura ibili naiz, hainbesteko presiorik gabe. Presidenteari ezer esan aurretik, San Pedroko entrenatzailearekin eta elkarteko arduradunekin hitz egin nuen. Ni oriotarra izanda, ulertu zuten Oriora bueltatu nahi izatea. Gainera, arraunlari batzuek hots egin zidaten, animatzeko esanez.

Urte askotan entrenatzailea eta arraunlaria izan ondoren, aurten San Pedron arraunean aritu zara. Atseden hartzeko denboraldia izan al da?
Entrenatzaileak ardura handia izaten du, eta arraunlari izanda, lasaitu egin naiz. Beste modu batera ikusi dut arrauna, neure lana egin eta asko gozatu dut. Lagun berriak egin ditut, eta oso gustura egon naiz.

Zer moduzkoa izan da berriz ere entrenatzaile baten gidaritzapean ibiltzea?
Urte askotan entrenatzailea izan naiz eta ondo ezagutzen dut haren papera. Entrenatzailearekin oso ondo molatu naiz, ulertzen nuen bere egoera eta bizi zuen presioa eta horrek lasaitasuna eman dit, jakin badakidalako entranatzaileak erabaki garrantzitsuak hartu behar dituela.

2010ean utzi zenuen Orioko elkartea, eta ordutik Portugaleteko entrenatzailea ere izan zara. Gaur egun Orion praktikan jartzeko gauza berririk ikasi al duzu?
Beti ikasten da, bai Portugaleten, bai San Pedron. Ikasi dudan hori eskaintzeko ilusioarekin nator Oriora. Uste dut Orion gazteak eta B trainerua indartu eta landu behar direla, eta denak talde bereko kide sentiarazi. Uste dut horrela lan polita egingo dugula. Pasa den astean Irakoitz Etxeberria patroiarekin bilera egin nuen, eta berak ere hori aipatu zidan; anbizioa galdu gabe, arraunlari gazteak indartu eta ilusioa sustatu behar dugu.

Esan duzu aurten Oriok denboraldi ona egin duela. Baina oriotar askorentzat, irabazten ez badu ez dabil ondo. Arraunlarien iritzia desberdina al da?
Lehen, bigarren egiten genuenean, galdu egin genuela esaten genuen Orioko arraunlariok. Gaur egun, arrauna asko aldatu da; aurten, esaterako, Hondarribiak, Urdaibaik eta Oriok maila oso altua eman dute, eta oso zaila izan da bandera lortzeko lehian azkarrena izatea. Urte askotan zehar goi mailan ibili arren nahi bezainbeste bandera ez irabazteak arraunlariengan eragina izaten du, eta berriz ere grina sortu nahi dut.

Oriok 1996tik 2000ra bitartean Kontxako lau bandera irabazi zituen. Zu traineru hartan arraunlaria izan zinen. Gaur egun hori berriz ere lortu al daiteke?
Oso zaila da irabaztea, parekotasun handia baitago traineruen artean. Garai hartan bi traineru aritzen ziren punta-puntan, eta gainontzekoak oso urruti izaten ziren. Gaur egun, berriz, oso segundo gutxitan sartzen dira lau traineruak. Gainera, uste dut beti ez duela onenak irabazten. Aurten, esaterako, Hondarribiak erakutsi du Ligan nagusi izan dela, eta irailean Urdaibaik eraman du Kontxako Bandera. Faktore askok eragiten dute: zorteak, itsasoaren egoerak, txandak nahiz kaleak. Beraz, lau lehenengoen artean borrokan ibiltzea emaitza ona da.

Lehiakortasun horrek entrenatzaileari buruko min handiak ematen al dizkio?
Hogei minutuan bost segundo oso denbora gutxi da, baina emaitza guztiz aldatu dezake. Asko kostatzen da taldearen errendimendua hobetzea. Faktore askok eragiten dute traineruaren martxan: pisuak, neurriek eta beste hainbatek. Mundu bat da, eta hor asmatzea oso zaila da. Askotan entrenatzaileok presio handia izaten dugu, eta itsutu egiten gara alderdi batekin. Presioa alde batera utzi, eta lan txukuna egiten saiatzeak emaitza hobeak ematen ditu.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info