Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Julen Saldias, triatleta

2015-10-09,09:00:00

Aritz Mutiozabal. Duela bi hilabete lortu zuen txartela Nizako proban, bere adin multzoan laugarren sailkatuta. Larunbatean du hitzordua, eta bizipenaz gozatu nahi du, ahalik eta ondoen arituz.

Hawaiiko Iron Man proban lehiatzea triatleta ororen ametsa da. Nola sortu zaizu zuri hara joateko aukera?
Distantzia luzeetan aritzen diren triatletentzat dagoen goreneko proba da Hawaiikoa (AEB). Iron Man frankiziak antolatzen du txapelketa, eta bertan parte hartzeko bi modu daude: profesionala izanez gero, denboraldian zehar puntuazio jakin bat lortu behar da; edo, bestela, nire kasuan bezala, halako probaren batean zeure adin multzokoen lehen postuetan sailkatu. Txartel mugatuak daude, eta nik Nizako Iron Man proban lortu nuen.

Txartel hori eskuratzeko lehiatu al zinen Nizan?
Inola ere ez. Nizakoa nire hirugarren Iron Man proba zen, eta ahalik eta ondoen aritzea zen asmoa. Alde horretatik, dezenteko ezustea jaso nuen sailkatu nintzela jakitean. Adibidez, iaz txartela lortzetik ordu laurden batera geratu nintzen Lanzaroten, eta, egia esan, Nizako proba egin aurretik ez neukan batere argi eskuratu ahal nuenik. Baina uste baino hobeto atera zitzaizkidan gauzak.

Aurretik egindako probak esperientzia jasotzeko baliagarriak izango ziren, ezta?
Hala da, bai. Dena dela, ezin da proba bat bestearekin alderatu. Distantzia berekoak badira ere, ibilbideak oso ezberdinak direlako, baita ematen diren baldintza klimatologikoak ere. Nire lehen Iron Man proba Gasteizen egin nuen 2013an, eta denbora hobea egin nuen han, urtebete geroago Lanzaroten baino. Aldiz, Lanzaroten erdietsitako postua Gasteizkoa baino hobea izan zen. Nizan, bizikletako saioan, malda zorrotz bat zegoen, 20 kilometro pasatxoko mendate bat, eta nahiko gustura aritu nintzen. Beste ibilbide batzuek, ordea, ordeka gehiago dute. Azken finean, zirkuitu batzuk besteak baino hobeto egokitzen zaizkizu.

Ezustekoa izan da, baina epe luzera begirako helburu ez al zenuen Hawaiira iristea?
Ez. Iron Man probak egitea aitzakia bat izan dira leku ezberdinak ikusteko, baina, batez ere, neure burua noraino iristeko gai den probatzeko. Hawaiira sailkatzea ez nuen inondik ere espero. Nizako proban lehen 60-100 sailkatuen artean bukatzea espero nuen, eta, azkenean, 27. postuan helmugaratu nintzen. Eta nire adin multzoan, 35-39 urtekoen artean, laugarren postuan.

Helmugaratu zinenean zer sentitu zenuen?
Ez nintzen jabetu ere egin. Lasterketan zoazenean ez dakizu zehazki zenbagarren postuan zauden kokatuta. Igeriketan, uretatik aurrealde samarrean ateratzen bazara, hobeto kontrolatu dezakezu. Baina hori ez da nire kasua. Bizikletako saioa bukatzerakoan ohartu nintzen gauzak ondo bidean zihoazela: egindako denbora ona izateaz gain, box eremuan bizikleta gutxi zeuden. Korrikaldian ez genuen uneoro elkar ikusten, eta helmugaratzerakoan 60.a izan nintzela esan izan balidate ere sinistuko nukeen.

Orduan, nola izan zenuen balentriaren berri?
Zarauzko Triatloi Elkarteko kide Ekain Aldazekin joan nintzen, eta haren anaiak deitu zigun proba bukatu eta ordubetera, gure emaitzen berri emanez. Orduan konturatu nintzen lortutakoaz, ez baineukan arrastorik ere. Antza denez, Aldazen anaia etxetik aritu zen lasterketa jarraitzen, eta hark esan zigun 27. postuan bukatu nuela, baita nire adin multzoan Hawaiira joateko aukera neukala ere. Beraz, Zarauztik eman zidaten berria.

Denbora epe laburra egoten da txartelari baiezkoa emateko. Oso berehalakoa izaten da.
Hurrengo goizean ekitaldi bat egin zuten horretarako, eta bertan onartu eta ordaindu behar izan nuen. Antolakuntzatik ez zidaten ezer jakinarazi; telefonoz esan izan ez balidate ez nintzen ekitaldira joango. Hainbat adin multzotako lehen sailkatuak bildu ginen han; batzuek onartu zuten eta besteek, berriz, muzin egin. Nire aurrekoa, esaterako, ez zen bertaratu, eta hirugarrenaren txartela hartu nuen, nahiz eta laugarrena izan. Eskua altxa, momentuan ordaindu, eta aurrera.

Hasieratik garbi al zeneukan txartela hartu nahi zenuela?
Bai. Egia da ez neukala denbora askorik errekuperatzeko. Denboraldia bukatutzat jo eta oporretara joatea zen nire asmoa. Aukera sortu zenean, planak aldatu nituen. Horrelako abagune bat bizitzan behin izango dut, eta aprobetxatu egin behar da. Ondorioz, uda entrenatzen pasatu dut.

 

«Halako abagune bat

bizitzan behin izango dut,

eta aprobetxatu nahi dut»




Zer espero duzu Hawaiin?

Profesional onenek zer-nolako maila duten ikusi nahi dut. Nik, nire aldetik, ahalik ondoen aritu nahiko nuke, baina presiorik gabe. Hawaiin behin izango naizenez, lasterketa txukuna osatu nahi dut. Baina, era berean, bizipenaz gozatu nahi dut, baita gainerako triatletak nola aritzen diren ikusi eta haiengandik ikasi ere. Aukera hori bizi.

Harako bidaia oso luzea da.
15 orduko bidaia da, eta hemen baino 12 ordu gutxiago dira han [astelehenean hartu zuen hegaldia]. Larunbatera bitartean aklimatatzen saiatuko naiz, eta entrenamendu gutxi batzuk ere egingo ditut. Baina ez nago urduri. Niretzako sari bat da Hawaiiko Iron Man proban lehiatzea eta, alde horretatik, oso lasai nago. Gauzak txukun egin eta gustura geratzea dut xede.

Baina helburu zehatzik jarri al diozu zeure buruari?
Zirkuituaren arabera ikusiko nuke nire marka jaistea posible den. Bero handia egiten duela esaten dute, eta korrika egiteko ez dela batere aproposa. Bestalde, bizikletako zatian apenas dagoen aldaparik. Saiatuko naiz nire denbora hobetzen edo denbora horretara hurbiltzen; 27. postua ez dut hobetuko inondik inora ere. Kontuan izan behar da jendeak urte osoa pasatu duela Hawaiirako prestatzen, eta nik bi hilabete besterik ez.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info