Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Klaudio Etxeberria, Orioko nesken entrenatzailea

2015-11-18,10:00:00

Orio Arraunketa Elkarteko emakumeen traineruaren entrenatzaile izango zara beste urtebetez. Zein dira asmoak?
Taldea aurreko denboraldian bezala mantenduko dugu, eta gure asmoa falta zaigun jauzitxoa ematea da, eta banderak irabazteko lehian lehen postuetan aritzea.

Aurreko denboraldiko ildo bera jarraituko al duzu?
Iazko denboraldiaren jarraipena izango da. Taldekideei dagokionean ez dugu aldaketa nabarmenik izango: hiru baja izango ditugu eta lau-bost arraunlari berri gehituko dira taldera. Uste dut urtebetean aldaketa antzematen dela arraunlarien mailan, kirol arloan heldutasunean gora egin dute, eta denboraldi berrian jauzitxo hori emateko gai izango garela iruditzen zait.

Taldean gorabehera handirik ez izateak eragina al du emaitzei dagokionean?
Egokortasuna ezinbestekoa da talde lanean urratsak egiteko. Hobekuntza ez da bat batekoa izaten, urtez urte joan behar da. Gainontzeko taldeetan ere hori gertatu da, oinarri sendoa duten taldeek egin dute aurrera.

Bestetik, arraun elkarteak emakumeen arraunaren aldeko apustua egitea garrantzitsua dela uste al duzu?
Argi dut emakume arraunlariek arraun elkarteak euren aldeko apustua egitea merezi dutela. Neskak beren borondatez egiten dute arraunean, ez dute inongo ordainsaririk jasotzen, eta entrenamenduak eta estropadak mutilek bezala egiten dituzte. Beraz, tratu bera merezi dute arraun munduko eragile guztien partetik: arraun elkartea, babeslea eta baita ligaren partetik ere. Azken urteetan urratsak eman badira ere, uste dut asko dagoela hobetzeko arlo horretan, eta urtez urte horretan saiatu behar dugu.

Orio herri arraunzalea bada ere, emakumeetan arraunak ez du gizonezkoetan bezain beste ospe. Kostatu egiten al da emakumeak arraunera erakartzea?
Kontuan hartu behar da gizonezkoen arraunak tradizio handia duela Orion, eta emakumezkoen traineruak, berriz, urte gutxi daramala uretaratzen. Gainera, beste hainbat kirol ere badira, eta horrek ere eragiten du. Dena dela, garapen bat antzeman da azken urteetan, eta egun harrobian neska asko dabiltza arraunean, harrobi ederra izango dugu etorkizunean. Hurrengo erronka, neska horiek senior mailara iritsitakoan arraunean jarraitzea izango dugu. Hori mutilen kasuan ere gertatzen da, haur eta gaztetxo piloa ibiltzen dira beheko mailetan arraunean, baina seniorretara arraunlari gutxi iristen dira. Harrobia lantzen duenak, eta gazteek arraunean jarraitzea lortzen duenak, emaitza onak lortuko ditu etorkizunean.

Arraunean egiteko deia luzatu nahi al diezu Orioko neskei?
Noski baietz, baina ez nuke inor engainatu nahi. Izan ere, argi esan behar da, arrauna oso kirol sakrifikatua dela, eta urte osoan zehar entrenatu behar dela. Dena dela, arraunak badu zerbait berezia, kirol gogorra izan arren arraunlariek tinko jarraitzen baitute.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info