Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Ruben Arredondo - boxeo irakaslea

2011-09-14,12:00:00

Ruben Arredondo (La Habana, 1965) boxeo irakaslea da Zumaiako Lubaki kiroldegian. Ring gainean trebetasunez aritzeko trikimailuak irakasten hasi aurretik, ordea, Kubako talde nazioleko boxeolaria izan zen. Makina bat borroka jokatu ditu bere ibilbidean, baita hainbat txapelketa irabazi ere. Jaioterria utzi eta Zumaiara etorri zenean, nekez pentsatzen zuen gustuko zuen horren jarduteko aukera izango zuenik. Proposamena han eta hemen aurkeztu ondoren, boxeo eskola jarri zuen abian duela urtebete.

Zer egiten du Kubako boxeatzaile batek Zumaian  klaseak ematen?

Nik ere ez nuen sekula pentsatuko boxeoko klaseak ematen bukatuko nuenik. Are gutxiago Zumaian, boxeorako zaletasun handirik ez zegoen herri batean. Duela sei urte etorri nintzen, herrian bizi zen lehengusu baten bitartez. Hona etorri nintzenean beste lan batzuetan aritu nintzen; esaterako, Getariako portuan ibili nintzen arrainak deskargatzen. Gaur egun, Algorri jatetxean egiten dut lan, baina era berean boxeo eskolaz arduratzen naiz.

Nola sortu zen boxeo eskola martxan jartzeko ideia?
Kubako selekzioko boxeolaria izan nintzenez, boxeo eskola sortzeko ideia otu zitzaidan iaz. Zumaian boxeoa desagertuta zegoen arren, bazuen tradiziorik. Izan ere, duela 40 urte, Urtainen garaian, boxeo borrokak antolatzen zituzten frontoian. Egun boxeorik ez zela eta, eskola bat sortzeko ahaleginean, Lubaki kiroldegiko zuzendariarekin eta Zumaiako Udaleko kirol teknikariarekin harremanetan jarri nintzen. Haien babesari esker, duela urtebete inguru ekin nion eskolari.

Zer-nolako harrera izan du herrian?
Proposamenak harrera ona izan du, eta aurrerantz doala dirudi. Orain arte ez nuen sekula klaserik eman, eta,egia esan, oso gustura nago. Erantzuna ere bikaina izan da; izan ere, lehen ikasturtean 25 ikasle izan nituen –19 mutil eta 6 neska–, nahiz eta bukaera aldean, ikasketa kontuak tarteko, 14 lagun izan. Dena dela, orain, irailean ikasturte berriko matrikulazio kanpainari ekin diogu, eta gehiago izango diren itxaropena dut.

Irakasteaz gain, lehiaketetarako trebatzea al da helburua?
Hori litzateke eskolaren helburua; hau da, etorkizunari begira, elkarte bat sortu eta talde bezala lehiatzea. Eskolaren bitartez, ikasle batzuk txapelketetara bideratzea da nire nahia. Asko gustatuko litzaidake nik irakatsitakoa ring gainean erakutsiko balute, eta uste dut lor dezakegula pixkanaka-pixkanaka. Joan den uztailean Boxeo Gala antolatu genuen, Udalarekin elkarlanean, Zumaiako kiroldegian, eta sekulako arrakasta izan zuen. Aspaldiko partez, maila handiko borrokaldiak ikusi ahal izan genituen herrian; besteak beste, 70 kiloko Espainiako txapelduna aritu zen. Eskolaren sorrerak eta aipatutako erakustaldiak, nolabait esateko, zaletasuna piztu du herriko nahiz inguruko gazteen artean.

Ikasleentzat berme handia izango da Kubako selekzioko boxeatzaile bat euren entrenatzaile izatea, ezta?
Ni beraiekin batera jartzen naiz entrenatzen, ariketak behar bezala uler ditzaten. Horrela, irakasten ari zaren hori menderatzen duzula erakusten diezu ikasleei; hau da, boxeoan jakin badakizula eta mundu hau sobera ezagutzen duzula. Pentsatzen dut beraientzat ere ohore bat izango dela eskarmentudun boxealari bat irakasle gisa edukitzea.

Kubako selekzioko kide izateaz aparte, ze lorpen dituzu zuren kirol ibilbidean?

Kubako txapeldun eta txapeldunorde izan nintzen, baita probintziako txapeldun ere. Horretaz gain, nazioarteko hainbat txapelketetan hartu dut parte Kuba ordezkatzen. Hala ere, ez nintzen Olinpiar Jokoetara iritsi. Dena dela, 187 borrokaldi egin ditut nire ibilbidean, eta ez dut uste profesional askok horrenbeste borroka egiteko aukerarik izan dutenik.

Eta hori, zer dela eta?

Kontua da txikitatik hasi nintzela kirol honetan; 13 urterekin, hain zuzen ere. Kubako eskoletan ikasketak egiteaz gain, kirolari gisa prestatzen zaituzte. Kirol Prestakuntzarako Eskolan hasi nintzen boxeoan. Ondoren, Eskola Nazionalean jarraitu nuen, eta, azkenik, talde nazionalera egin nuen jauzi. Duela hamar bat urte, probintziako txapelketa batean kolpe txar bat jaso nuen hatz-koskorrean, eta lesio txiki hark, tamalez, erretiroa hartzera behartu ninduen.

Alde horretatik, eskolak biziberritu egin al zaitu?
Bai. Hemen egonda, gustatzen zaidan eta sentitzen dudan zerbait egin ahal izatea handia da niretzat. Horrekin batera, jende gaztea prestatzea eta borrokaldietara bideratzea gustatuko litzaidake. Kirol bezala, boxeorako zaletasuna piztu nahi dut Zumaian eta inguruetan. Gutxi gorabehera, garai batean izan zuen ospea berreskuratu, eta apurka-paurka lortuko dugula uste dut. Gipuzkoan boxeoa gorantz doa, eta sasoi onean dago.

Irakasle zorrotza al zara?

Pixka bat izan behar duzu. Kirolean emaitzak lortzeko, zorrotz samarra izan behar duzu ikasleekin. Beraiek ideia hori barneratu behar dute, baldin eta lehiatzeko asmoa badute. Jakina, ariketa fisikoa egitera etortzen direnak ere badira klasean, eta hori ere errespetatu egin behar da. Baina, txapelketetan aritzeko gogotsu heldu behar zaie entrenamenduei.

Zure ikasleek nolako maila dute?

Boxeolari izateko funtsezko gauzak ikasten ari dira oraindik. Indarra, abiadura eta erresistentzia oinarriak dira boxeatzaile baten prestaketa prozesuan, baina teknika ikastea oso garrantzitsua da. Teknika kaskarra duen boxeatzaile batek nekez distiratuko du; indar handia eduki dezake, baina teknikarik gabe ez da urrutira helduko. Beraz, erresistentziaz eta indarraz gain, batik bat teknika lantzen dugu entrenamenduetan. Borroka batean estuasunetik nola atera behar duten eta nola mugitu behar duten irakasten diet, azken finean.

Boxeo Gala antolatu duzue aurten. Datorren urtean zure ikasleak ikusteko aukera izango al da bertan?
Pentsatzen dut baietz. Datorren urterako jendea prest eduki dezakedala uste dut, eta erakustaldi moduko bat egin ahal izango dugula edo, bestela, borrokaldiren batean lehiatu. Zerbait egin ahal izango dugu, hori ziur.

Eskolaren aitzakiarekin,  ez al zaizu lehiatzeko gogorik piztu?

Gipuzkoako Federazioaren araudiaren arabera, 40 urtetik gorakoek ezin dute borrokaldietan parte hartu profesional bezala. Erdi erretiratuta etorri banintzen ere, nire asmoa lehiatzea zen. Ezin dudanez, boxeo eskola sortzea eta jendea prestatzea erabaki nuen.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info