Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Ibon Huegun

2011-10-26,10:00:00

Urola Kostako Hitza . Azken uneko ezustekorik izan ezean, Ibon Huegun Xega (Aia, 1972) izango da Orioko Arraunketa Elkarteko hurrengo lehendakaria. Izan ere, oraingoz Huegun buru duen zerrenda soilik da zuzendaritzarako hautagaia. Erronka zaila du aurretik, baina lan egiteko gogoz azaldu da Huegun. Eskuartean duen kirol proiektuari «benetako protagonismoa» eman nahi dio, eta dagoeneko Igor Makazaga entrenatzaile izatea lortu dutela argitu du.
Zein izan da elkarteko zuzendaritzara aurkezteko arrazoia?
Aurreko zuzendaritzak konfiantza mozioa gainditu ez zuenean, elkartea hutsik geratu zen. Ordura arte, taldeko sei kideok kanpotik laguntzen genion elkarteari. Elkarteari babesleak lortzen
jarduten nuen ordura arte. Azkenaldian Orion sortu den klimak bultzatu gintuen zerrenda aurkeztera. Aurreko zuzendaritzako kide batzuekin osatu dugu. Horiekin, guztira hamabi lagun elkartu gara zerrendan.
Zer helburu ditu taldeak?
Kirol mailan,Orio merezi duen lekuan uztea da gure helburua. Bigarren mailan gaude, eta, denon artean lan eginez, berriro lehenengo mailara igotzea da gure asmoa. Horrez gain, aulki mugikorra bultzatu nahi dugu, baita bestelako traineruak eta batelak ere. Zentzu horretan, arlo eta kategoria guztietan lehiakorrak izatea da gure asmoa.
Nola egingo duzue hori?
Lan asko eginez. Horretarako, hainbat erabaki hartu dugu dagoeneko. Igor Makazaga entrenatzaile berria izango da, esaterako. Jada lotu dugu hori. Horrez gain, Mikel Portularrume Paorra bigarren entrenatzaile eta arraunlari bezala arituko da. Aulki mugikorrerako, berriz, Miguel Angel Millares, Urdaibaiko kidea izandakoa, etorriko da. Hiruko talde horrekin Orio behar den lekuan jartzea da gure helburua.
Aurreko denboraldian emaitza oso txarrak izan ditu taldeak. Orduan planteatu zuten Igor Makaza taldera ekartzea. Baiezkoa eman zuen berak, eta, orain, talde berria aurkeztu dugunez, harekin egin nahi dugu lan.
Oriok hiru traineru ditu. Bi gizonezkoetan, eta bat emakumezkoetan. Emakumezkoen taldeari ere erabateko babesa eskainiko diogu. Orio arraun munduan erreferentea izanik, lagundu beharra dago.
Zergatik aukeratu duzue Igor Makazaga?
Azken lau urteetan San Juan taldean aritu izan da, entrenatzaile eta arraunlari bezala. Aurreko denboraldian utzi zuen taldea, izugarrizko lana egin ostean. Makazaga San Juanen hasi zenean, Orioren antzeko egoera zuen; kontuan izan behar da hori. Bigarren mailan zegoen taldea, eta azken urteetan Igorrek taldea osasuntsu eta itxura onarekin utzi du. Lehenengo mailan dago, eta azken denboraldian banderak irabazi ditu. Orio antzeko egoeran egonik, Makazak halako kasuetan baduela esperientzia uste dugu; egoera hobetzeko pertsona egokia dela uste dugu. Entrenatzailearekin asmatu dugula uste dut, baina emaitzek erakutsiko dute hori.
Egoerari buelta emateko prest al zaudete?
Bai, noski. Oso gogotsu gaude guztiok. Finean, hamar aurpegi berri daude taldean, eta Orioko gazte asko batu da taldera. Horrek freskotasun puntua emango dio taldeari. Ilusio handiarekin gaude guztiok. Badakigu lan ikaragarria dugula aurretik, taldea bigarren mailan dagoelako.
Taldeko batzuk lehengo zuzendaritzakoak izanik, aurrekoaren jarraipena izango al da?
Ez du jarraipenik izango. Hamar lagun berri gara. Kide berriekin eta bertan zeudenen esperientziarekin oso talde indartsua osatu dugula uste dut.
Azkenaldian Orion bolo-bolo ibili den kontua izan da kantera ala kartera. Zerren aldeko apostua egiten duzue?
Zalantzarik gabe, harrobiaren alde egingo dugu. Orain arteko arauekin jarraituko dugu, eta arraunlari guztiek kopuru bera kobratuko dute. Zentzu horretan, ildo berari eutsiko diegu. Gure politika ez da izango arraunlariak fitxatzea; ez dugu dirurik horretarako. Harrobia landuko dugu.
Kanpoko taldeetan dabiltzan oriotarrak erakartzen ahaleginduko gara. Modu horretan, guztiak elkartu, eta talde indartsua sortu nahi dugu. Badakigu berandu gabiltzala horretarako, eta beharbada azarora bitartean ez dugu ezer jakingo, baina dagoeneko batzuekin harremanetan gaude.
Norbaitek baiezkoa eman al dizue?
Ez, guztia airean dago. Taldean hiru bakarrik dira finkoak: Igor Makazaga, Mikel Portularrume Paorra, eta Miguel Angel Millares.
Horiez gain, orain arteko arraunlariekin jarraituko al duzue?
Momentuz inork ez digu esan ez duenik jarraituko. Aurreko denboraldian aritu zen taldearekin hasi gara hitz egiten, eta momentuz ez dugu ezezkorik. Zurrumurru asko dago, eta gauzak zehaztu arte pentsatzen dut ez duela inork baiezkorik esango.
Diru inbertsio handiak egiteko asmoa al duzue?
Ez dugu horretarako dirurik. Kontuak atera ditugu, eta sendagiletara, masajistetara edota entrenatzaileetara bideratzen den aurrekontua %10 inguru murriztea aurreikusi dugu.
Orion harrobi sendoa badago, baina arraunlari asko kanpoko taldeetara joaten da. Horri nola egingo diozue aurre?
Oso zaila da hori saihestea. Orio bezala, Hondarribia, San Pedro, San Juan, Zarautz edota Zumaia oso talde txikiak dira, eta bertako arraunlari bat oso ona bada, zaila da talde horretan mantentzea. Bizkaia edota Kantabriako taldeek diru asko dute. TKE Traineru Kluben Elkarteak horren inguruan arau batzuk jarri zituen, baina ez dira nahikoak. Orion lehengaia oso ona egon da betidanik, baina senior mailara iristen denean oso zaila izaten da herrian geratzea. Zikloak izaten dira, eta arraunlari bakoitzaren egoerak ere eragiten du horretan. Akaso egitura sendotu behar da, edota diru gehiago lortu.
Pertsonalki, nolako harremana izan duzu Orioko arraun taldearekin?
Betidanik izan naiz oriozalea, herritar guztiak bezala. Azken bi urteetan elkartearen alde lanean jardun dut, babesleak lortzen. Lagunak ere baditut taldean arraunean aritu direnak. Betidanik izan dut arraunarekin halako lotura bat.
Bazkideei azalduko al dizkiezue zuen asmoak?
Hilabete barru asanblada egingo dugu, eta orduan azalduko ditugu gure asmoak.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info