Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Oier Illarramendi

2011-11-15,17:30:00

Oier Illarramendi (Zarautz, 1983) Getariako Lonjan surf taldeko kidea da, eta Kantauri Ligan ari da parte hartzen. Igandean bukatuko da, eta irabazteko aukerekin da taldea. Lehiaketa sustatzaileetako bat ere bada, eta pozik da lehen edizio honekin.

 

 Zer balorazio egiten duzu txapelketaz?

Mikel Troitiñorekin askotan hitz egin izan dut txapelketan ezaugarriez. Zuzendari tekniko bezala egiten dut lan lehiaketa batzuetan, eta ondo eginak egon arren, zerbait falta dute: partaidetza sustatzea. Mikelek proposatu zuen taldeen arteko liga antolatzea, eta ados nago berarekin. Azken batean, futbolaren edota saskibaloiaren ereduaren antzekoa da taldekako ligarena, eta gustatzen zait. Jende gehiagok hartzen du parte.

 

Lonjan taldean lan ona egiten ari zarete.

Bai, gustura gaude. Hasieran, Getariako Gaztetape surf taldekoei proposatu genien txapelketan ateratzeko, baina justu ibiliko zirela esan ziguten. Laguntza eskaini genien, eta azkenean, Lonjanen izenean atera gara. Eskualdeko taldea gara, getariarrak, oriotarrak eta zarauztarrak garelako.

 

Taldea presaka osatua egoteko, emaitza oso onak lortu dituzue, ezta?

Talde ona daukagu. Hasiera batean, herri mailan ibiltzen diren surflariez osatu nahi nuen taldea, baina beste batzuk ere animatu egin ziren, eta gurekin daude, besteak beste, Ander Ederra, Indar Unanue, Axier Maqueda.

 

Betiko eredua erabili bazenuten txapelketa antolatzeko, jende asko geratuko al zen kanpoan?

Bai. Surflari horiek ondo ibiltzen dira, eta beste batzuekin batera osatu dugu taldea. Gustura gabiltza denok. Denontzako aukera egoten da.

 

Zer moduzko harrera izan dute getariarren artean herrian jokatu dituzuen probek?

Gaztetape elkartekoak animatu ez zirenez ateratzera, guk ordezkatu ditugu, nolabait esateko, eta nola hartuko zuten kezkatzen gintuen. Baina ez da batere arazorik egon. Jardunaldi batzuk egin ditugu Getarian, igande goizetan, eta oso pozik ibili gara. Igande goizetan izatera, gainera, lasai ibili gara surfean.

 

Lehen edizioa izaten ari da, eta nola hartu dute taldeek ekimena?

Hasieran ez zuten uste taldeak osatzeko gai izango zirenik. Gero, ulertu ere ez zuten ondo ulertzen funtzionamendua, berritzailea delako. Taldeek antolatu egin behar dute, epaileak jarri behar dituzte, eta ez gaude horretara ohituta, dena eginda ematen digutelako beste txapelketetan. Gu animatu ginen ateratzera, eta getariarrak, esaterako, ateratzeko prest azaldu ziren, baina liga osatuta zegoen ordurako.

 

Datorren urtean ere antolatuko al duzue Kantauri Surf Liga?

Bai. Oso gustura dago jendea.

 

Nola osa daitezke taldeak?

Denak helduak, denak gazteak edo denak emakumezkoak izan daitezke. Seiko taldeak dira, eta nahasian doazenek abantaila daukate, olatu bikoitz gehiago dauzkatelako; aldiz, denak Openekoak badira, edo denak emakumezkoak edo denak gizonezkoek, olatu bikoitz bat edukiko du talde horrek. Bultzatu nahi da 18 urtetik beherakoek eta emakumezkoek talde berean parte hartzea. Olatu bikoitzaren kontuak berdindu egiten ditu gauzak. Talde batean Openeko denak oso onak baldin badira, baina beste taldean ez badira hain onak, gazteak eta emakumezkoak dituelako olatu bikoitz gehiago dauzka, eta berdindu egiten da lehia.

 

Egoera hori ez al zen gertatu joan zen igandean, zuen eta Zarauzko Surf Eskolaren arteko lehian?

Bai, hori da. Guk emakumezkoak ez ditugu, eta beraiek emakumeetan olatu bikoitza zeukatelako, 0,33 puntugatik bakarrik irabazi genien.

 

Datorren urtean, Urola Kostako herri denek aterako al dute taldea?

Aukera badago. Berez, onena hori litzateke. Ez dakit gertatuko den, baina parte-hartzaile gehiago egongo da. Erakargarria da formatua, bainu librearen antzekoa delako. Likra jantzita duena aritzen da lehian, baina besteak ere uretan daude. Taldeko lana denez, gaizki ibili denaren beharra estali egiten da, taldekideek lan ona egiten badute. Beste txapelketa eredua estresanteagoa da honen aldean.

 

Eredua aldatuko al duzue datorren urtean?

Badugu zerbait buruan. Taldeak multzotan banatzea ari gara aztertzen. Aukera asko daude. Gero, taldeekin batzarra egingo dugu, eta nahi dugu taldeek hartzea ardura antolaketan, zeregin horretan denak txandakatuz.

 

Txapelketa utzi, eta zutaz arituko gara orain. Noiztik zabiltza surfean?

11 urterekin hasi nintzen. Nire garaian ibiltzen nintzen txapelketetan. Gazterik hasi nintzen. Surfa gustatzen zitzaidan, eta txapelketa askotan hartu nuen parte. Baina lehiaketa gehiegi eduki genituen, eta duela pare bat urte utzi nion lehiari. Orain berriz hasi naiz Kantauriko Surf Ligan, baina lehen esanda bezala, ez dauka zerikusirik betiko txapelketen ereduarekin.

 

Hainbeste hutsegite al ditu betiko ereduak?

Profesionala bazara, ez dago arazorik. Baina ikaslea bazara, asteburua osoa edo denbora gehiago pasatu behar izaten da kanpoan. Gu, adibidez, Portugalera eta joaten ginen. Hiru egun pasatu behar izaten genituen han, eta lehian hogei minutu baino ez ginen aritzen. 16 urterekin ibiltzen ginen horrela, eta gogorra egiten zitzaigun. Ondo pasatzen genuen, baina ez zen samurra. Beste alde batetik, hain onak ez direnek surfa uzteko arriskua dago, lehiaketetan nekez egiten dutelako aurrera. Gure txapelketaren helburua kontrakoa da: denen parte-hartzea sustatzea.

 

Beste akatsik ikusten?

Bai. Egutegian, txapelketa denak udan izaten dira gehienbat, eta Kantauri Surf Ligan, luzatu egin dugu lehiarako tartea, segida izan dezan.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info