Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Jon Juaristi

2011-12-07,00:00:00

II. Azysa Saria binakako txapelketako finalaren atarian dago Jon Juaristi (Zarautz, 1981), Iñaki Lizaso bikotekide duela. Larunbatean, finalerdiko lehen partidan, 40-24ko emaitzarekin irabazi zieten Koteto Ezkurrari eta Xanti Aizpurua Aizpurua II.ari. Bihar arratsaldean (abenduaren 8an), Galarreta pilotalekuan, berriro neurtuko dituzte indarrak, eta bigarrena ere irabaziz gero, finaleko txartela lortuko lukete. Galduko balute, ordea, larunbatean jokatuko lukete hirugarren eta azken norgehiagoka. Finalera iristen den bikoteak Patxi Zeberio Zeberio II.a elduaiendarra eta Ion Etxeberria azpeitiarra izango dituzte aurrez aurre.
Finaleko txartela lortzeko partida batera zaudete. Finalerdietako bigarren neurketa konplexuagoa izango al da?
Askoz ere konplexuagoa izango da, bai. Elizondon nahiko ongi jokatu genuen, baina oraingoan, ordea, beraiek izango dute irabazteko aukera gehien. Pilotaleku bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu, eta aurkariei Galarreta hobeto datorkiela uste dut.
Finalerdietako lehen lehia, ordea, nagusitasunez irabazi zenuten. Ezkurra-Aizpuruari neurria hartua diozuela esan nahi al du horrek?
Beno, ongi moldatu ginen. Orain,  geratzen diren bi partidetatik bakarra irabazi behar dugu finalera sailkatzeko, eta, ondorioz, lasaiago gaude. Beraiek, aitzitik, ezinbestekoa dute hurrengo hitzorduan irabaztea. Alde horretatik, gehiago arriskatu beharko dute.
Hasiera batean, aurkariak ziren faborito. Orain, balantza orekatu egin al da ala  faborito izaten jarraitzen al dute  oraindik?
Lehen finalerdian gailendu eta gero, finalera sailkatzeko aukera handiak ditugu. Beraz, nik uste dut orekatuta geratu dela faboritoen balantza; erdi eta erdi banatuta, hain zuzen ere.
Lehen partidan bikain aritu zineten. Zein izan zen garaipenaren giltza?
Hasierako zatian erakutsitako nagusitasuna garrantzitsua izan zen garaipena lortzeko orduan; izan ere, 8-0ko emaitzarekin ekin genion lehiari. Horrek konfiantza eman zigun. Bestalde, Koteto Ezkurrari pilotak kentzen aritu ginen, jokoan gehiegi sar ez zedin. Bigarren partidan ere helburu berarekin aterako gara kantxara, Ezkurrari pilotak kendu eta atzealdean jokatuz. Ongi funtzionatu digun estrategiari helduko diogu.
Ezkurra erremonteko txapeldun handia da. Errespetu handia ematen al du haren aurka jokatzeak?
Errespetua beti ematen du. Ezkurra hamaika aldiz izan da txapeldun, eta asko jokatzen du kantxara ateratzen den bakoitzean. Oso parte-hartzailea da, eta harekin indarrak neurtzeak beti sortzen dizu errespetua.
Hala ere, motibatuta egongo zarete.
Bai, ilusioz gainezka gaude. Partida jokatu eta finalerako txartela lortzeko motibatuta, alegia
Dagoeneko lehen bikote finalista erabakita dago: Zeberio-Ion Etxeberria izango da. Finalerako aurkari gogorrak izango dira, ezta?
Hori, jada, beste kontu bat da. Finalera iristerakoan erantzun beharrekoa, hain zuzen ere. Printzipioz, txapelketa irabazteko bikote faboritoa da Zeberio II.a-Ion.
Txartela lortuz gero, urte berean binakako bigarren txapela lortzeko aukera izango duzu.
Urtea biribila izaten ari da. Apirilean Sagardoaren Txapelketa irabazi nuen, Patxi Olazarrekin, eta orain finaleko atarian nago. Izatez, binakako txapelketa nagusia honako hau da. Beraz, orain, nire lehen txapela ofiziala lortzea gustatuko litzaidake, baina lehenik finalera iritsi behar dut.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info