Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Jokin Argote

2012-01-04,12:00:00

Etzi (urtarrilaren 6an) hasiko dute Promozioko edo Bigarren Mailako Binakako Txapelketa.  Jokin Argotek (Meaga, 1982), ordea, astelehenean jokatuko du lehen partida, Iker Tainta gaztea lagun duela. Tolosako Beotibar pilotalekuan izango da norgehiagoka, 16:30etik aurrera, Lemuno-Aretxabaletaren aurka. Guztira, zortzi bikote lehiatuko dira txapelketan, eta apirilaren 28an izango da finala.

 

Bikotekide berria eta gaztea duzu aurten lagun. Ezagutzen al duzue elkar?

Bai, berekin jokatzeko aukera izan dut aurtengo denboraldian. Aurten egin du debuta, 18 urterekin. Oraindik ofizioa ikasten ari da, baina xehetasun oso politak ikusten zaizkio: esaterako, kolpekada handia du, baita tantoa bukatzeko erraztasuna ere. Alde horretatik, gustura nago enpresak berekin parekatu nauelako. Elkarri laguntzen saiatuko gara, bikote indartsua sortzeko. Egia esan, ilusio handiarekin nago.

Berekin jokatu duzula diozu, bikotekide ala aurkari bezala?

Bost aldiz edo jokatu dugu elkarrekin, bikotekide bezala. Mutil jatorra da eta nik uste dut ongi ulertzen dugula elkar kantxa barruan. Harreman horrek bikote egonkor bat osatzeko eragin zuzena du.

Txapelketan zortzi bikote ariko zarete lehian. Faborito nagusien artean al zaudete?

Ez, bikote faborito nabarmen bat dago: Mikel Urrutikoetxeak eta Iñaki Izak osatutakoa, alegia. Txapelketako parte-hartzaile guztiok ados gaude horretan, gainera. Lehen mailan pronostikoak Martinez de Irujo-Barriola edo Olaizola-Beroiz bikoteen alde badaude, bigarren mailan aipatutakoak dira. Momentu oso onean dago bata zein bestea, eta bat eginda bikote handia osatzen dute.

Behintzat, ezustekoa emateko asmoz ekingo diezue lehiari.

Partidaz partida joaten saiatuko gara. Gainerako aurkariei gauzak zail jarri nahi dizkiegu, neurketak irabazteko eta sailkapenerako ahalik eta puntu gehien lortzeko asmoz. Gure hasierako helburua lehen lau postuetan bukatu eta finalerdietako ligaxkarako sailkatzea izango da. Nola ez, parte-hartzaile guztiok guztia ematera aterako gara, baina ea lan txukuna eginez, finalerdietara iristeko aukera dugun.

Binakako txapelketan eskarmentu handia duzu; izan ere, 2007an eta 2008an txapeldun izan zinen. Azken hiru urteak, ordea, ez dira horren onak izan. Dena dela, txapela berriz janztea posible ikusten al duzu?

Zalantzarik gabe, horretan saiatuko gara, baina nahikoa zaila izango dela iruditzen zait. Urrutikoetxea-Iza bikote oso indartsua da, eta haiek dituzte irabazteko txartel guztiak. Hala eta guztiz ere, txapelketa oso luzea da eta gorabeherak egon daitezke; tartean, eragile asko daude: besteak beste, lesioak izaten dira eta bikotekideen arteko jokoak ere funtzionatu egin behar du. Aurreneko bi urte horietan, esaterako, gauzak itzel atera zitzaizkidan. Azken urteetan, aldiz, lesioak izan ditudala eta, ez naiz nahi bezala aritu.

Iaz, esaterako, partida gutxi jokatu zenituen. Lesioen erruz izan al da ala beste eragile batzuk egon dira?

Krisiak pilota munduan ere eragina izan du, eta herriz herritako jaialdi asko bertan behera geratu dira. Arazo ekonomikoekin dabiltza eta, orain, pilota jaialdi gutxiago antolatzen dituzte. Beraz, ez naiz ni bakarrik izan partida gutxiago jokatu duena. Oro har, aurreko urteetan baino gutxiago jokatzen ari gara guztiok, eta sarri-sarri jokatzen ari direnak punta-puntakoak izaten dira. Normala ere bada, haiek erakartzen baitute ikusle gehien.

Orain, zer moduz zaude? Sasoiko eta lesiorik gabe al zabiltza?

Iaz ongi ibili nintzen urte osoan, baina, orain, azken partidatan eskuetatik justu samar bukatu dut. Ez dut uste larritzeko moduko ezer dudanik. Pilotari guztiok izaten ditugu molestia txiki hauek, baina badaezpada ere masajistarekin zaintzen ari naiz, eta ez zait iruditzen arazorik emango didanik txapelketan zehar.

Promozioko edo bigarren mailako txapelketa da honako hau. Zu al zara koadrilako beteranoena?

Ez dakit beteranoena naizen, baina beteranoetako bat naizela, hori bai. Ni ere adinez aurrera noa eta promozio delako horretatik urruntzen. Jende oso gaztea sartzen ari da, eta gure enpresak (Asegarce), behintzat, oreka hori bilatu nahi izan du gure bikotea eratzerako orduan. Ondorioz, esperientziadun bat hasiberri batekin elkartu ditu.

Kasu horretan, nork jartzen du errespetu gehiago gazteek ala beteranoek?

Gazteak txapelketak jokatzen ari badira eta hor baldin badaude, zerbategatik da. Gazterik egin dute debuta eta mundua jateko gogoz kantxaratzen dira. Gainera, pilotan ere asko jokatzen dute. Guk, beteranook, ofizioa ezagutzen dugu eta gure eremua markatzen saiatzen gara, eta ahal dugun neurrian gazte jokoari eusten.

Adinean ere aurrera zoaz; 30 urte beteko dituzu, aurten. Txapelketa hau izan daiteke lehen mailara jauzi egiteko azkenetako aukera?

Betidanik izan dut argi lehen mailan jokatzeko oso-oso ongi egon behar duzula, eta horrez gain, bikain erantzun behar duzula partidetan. Jakina, aukera guztiak aprobetxatu egin behar dira, baina jauzi hori ematea benetan nekeza da. Lehen mailan pilotari handiak dabiltza, eta horiei lekua kentzea ikaragarri zaila da.

Gero eta gazteagoek egiten dute debuta profesionaletan. Horiek tokia kenduko ote dizuten kezkatzen al zaitu? Bermatuta ikusten al duzu zure ibilbidea?

Bermatuta ez dut ikusten. Jakin badakit hor jarraitzeko gogor entrenatu behar dudala. Askotan, gainera, erabaki teknikoak izaten dira eta ez da norbere esku egoten. Enpresako arduradunek ikusten badute gazteak tokia kentzen ari zaizkizula, kontratua bukatzen zaizu eta kale gorrira zoaz. Hemen ere beste edozein tokitan bezala gertatzen da. Niri, zorionez, urtebetez luzatu didate kontratua, eta gustura nago. Horrekin erakutsi didate oraindik nirekin kontatzen dutela.

Urtebete, behintzat, bermatuta duzu. Zein helburu finkatu duzu?

Urtero bezala, topera entrenatu eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, baldin eta lesioek uzten badidate. Orain, binakakoan erakustaldi polita egiteko asmoa dugu, eta, ondoren, banakako txapelketa etorriko da. Ea gauzak nahi bezala ateratzen zaizkidan aurten!

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info