Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Oiana Blanco

2012-03-01,12:00:00

Ane Olaizola-Urola Kostako Hitza. Oiana Blanco (Orio, 1983) judokak Londresko Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du, pasa den asteburuan Varsovian, Munduko Kopako azken proban, urrezko domina eskuratu ondoren. Oriotarrak Munduko Kopako lau proba irabazi ditu aurtengo denboraldian, eta azken honekin bere ametsa gertuago du. Buru-belarri hasiko da orain txapelketa nagusian domina lortzeko entrenatzen, horretarako «gai» dela berretsi baitute Blancoren azken probetako emaitzek.


Uztailean jokatuko diren Olinpiar Jokoetan lehiatuko zara. Nola sailkatu zara?
Apirilean Europako txapelketa izango da. Iazko apiriletik aurtengo apirilera bitarteko txapelketa guztietatik bost emaitza onenak hartzen dira kontutan. Ondoren, 2010etik iazko apirilera bitartean jokatutako probetatik beste bost emaitza onenak hartzen dira aintzat, baina emaitza horiek %50 balio dut; hau da, nik 300 puntu egin baditut, 150 puntu zenbatzen dira. Beraz, bi urteetako puntuak kontuan izanda, sailkapeneko lehenengo hamalau jokalariak joango dira Olinpiar Jokoetara. Hala ere, herrialde bakoitzeko pertsona bakarra lehiatuko da haietan.


Asteburuan jokatu duzun Munduko Kopako proba irabaztea beharrezkoa al zenuen Olinpiar Jokoetan sailkatzeko?
Puntuazio aldetik ongi sailkatuta nengoen aurretik ere. Hori hala, zaila nuen Olinpiar Jokoetara ez joatea, baina ezustekoak beti gerta daitezke. Inoiz irabazi ez duen batek irabazi dezake, esaterako. Beraz, matematikoki ez nuen erabat ziurtatuta. Baina urrezko domina irabazita, puntuazioa igotzea lortu dut, eta dagoeneko ziurtatu dut txartela.


Olinpiar Jokoetan sailkatzeko aukera dezente zenituen aurretik. Psikologikoki, nola joan zinen Munduko Kopako azken probara?
Urtarriletik aurrera, bost asteburutan izan ditugu txapelketak, jarraian. Bostetik hiru probatan hartu dut parte; hilabete neketsua izan da. Munduko Kopako azken proba izanik, jende asko lehiatu da asteburuan; guztiak joan gara azken puntuen bila. Egia esan, nekatuta joan nintzen Varsoviara, baina banekien azkena izango zela. Egunean bertan ere ez negoen oso motibatuta, baina behin txapelketa hasten denean oso erraz joaten da guztia. Azkenean, ongi atera zitzaidan txapelketa.


Momentuan jakin al zenuen Olinpiar Jokoetan sailkatu zinela?
Irabazi nuenean ez nekien txartela ziurtatu nuenik. Ondoren hitz egin nuen entrenatzailearekin, eta hark esan zidan Olinpiar Jokoetara joango nintzela, ziur. Gutxi gorabehera begiratzen dut sailkapenean non nagoen; ez dut dut astebururo jarraitzen sailkapena. Gehiegi obsesionatu gabe ibili naiz, egia esan. Sailkatuko nintzela nahiko seguru nuen; beraz, pixkat asimilatuta nuen ordurako. Ezin nion aukerari ihes egiten utzi. Sailkapenean atzetik nituenei irabaztea nire esku zegoen, eta konfiantza nuen nire buruarengan. Zentzu horretan, lasai nengoen.  Azkeneko bi urteetako emaitzak dira kontutan hartzen direnak, baina bizitza guztiko lana izan da. Bi urte hauek, ordea, gogorrak izan dira, txapelketa asko izan baititut.


Zer eragiten dizu Olinpiar Jokoetan parte hartzeak?
Judo munduan txapelketa garrantzitsuena da. Txikitatik, Olinpiar Jokoetan parte hartu dutenak erreferenteak izan dira niretzat. Betidanik helburu izan dudan zerbait izan da. Azken urteetan ikusi ditut Olinpiar Jokoak eskura ditudala. Nire lana ondo eginez gero, haietarako sailkatzea lortu nezakeela ohartu nintzen. Ametsa izatetik, nire esku dagoen errealitatea izatera pasa da. Lehenengo helburua bete dut dagoeneko, eta uste dut esperientzia bakarra izango dela.


Zein erronka izan dituzu orain arte?
Duela lau urte, Pekingo Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko txapelketetan aritzeko aukera izan genuen, baina azken momentukoak izan ziren aukera horiek, eta ez ginen nahikoa prestatuta. Noski, jendea oso prestatuta dago, eta oso zaila izan zen sailkatzea. Orduko Olinpiar Jokoak pasa zirenetik, azken urteak Londresko proba handirako sailkatzeko helburuarekin igaro ditugu. Era berean, txapelketa asko izan ditugu, eta une oro lehiatu gara. Beraz, prestatzeko modua ere moldatu egin behar da urteko txapelketetara. Munduko txapelketak izan dira garrantzitsuak puntuak lortzeko, baina urte guztian eskuratu behar dira emaitza onak. Olinpiar Jokoetan izan direnek esan didate bertan egon behar dela zer sentitzen den jakiteko. Oraingo helburua, beraz, txapelketa
horretan emaitza onak lortzea da.


Munduko Kopako probetan hainbat urrezko domina lortu duzu, eta emaitza onak izan dituzu beste askotan ere. Azken urtean, zure ibilbidearen gailurrera iritsi zarela uste al duzu?
Pasa zen urteko ekainean irabazi nuen lehenengoa, eta azken honekin lau urrezko domina lortu ditut. Urte amaieran, berriz, Txinako Grand Prix Qingdao txapelketan zilarra irabazi nuen. Egia esan, 2010eko denboraldian eta 2011ko denboraldi hasieran ez nituen emaitza onak lortu. Aurten, behintzat, beste lehiakideekiko aldea gutxitzea lortu dut. Judoan, inguru honetan behintzat, dominak ez dira oso gaztetan irabazten. Espainiako sisteman, hau da adin ona maila ona emateko. Gainera, pertsonalki oso ondo sentitzen naiz; gustura lehiatu eta entrenatzen naiz, eta horrek motibatu egiten nau, egiten dudarekin gozatu egiten baitut.


Psikologikoki zenbateraino eragin dizute azken emaitzek?
Oso garrantzitsua da egoera psikologikoa; %80 horrek eragiten duela uste dut. Horren arabera, emaitzak modu batekoak edo bestekoak izan daitezke. Emaitzez gain, ikusi dut probetan ondo egon naizela. Gustura sentitze horrek aurrera begira motibazio gehiago izaten laguntzen dit.


Emaitza horiek kontuan izanda, Olinpiar Jokoetan  maila ona emango duzula uste al duzu?
Txapelketa bakoitza berezia da. Larunbatean izan genuen proba igandean errepikatuko bagenu, emaitzak desberdinak izango lirateke. Olinpiar Jokoak uztailaren 28an jokatuko ditugu, eta egun horretan proba ondoen egingo duenak irabaziko du. Irabaztea izango dut helburua, eta horretarako prestatuko naiz. Egunak eta nire eta aurkarien egoerak zehaztuko du zer postutan geratuko naizen. Uste dut dominagatik borrokatzeko gai naizela, eta hori lortzen saiatuko naiz.


Lau hilabete inguru falta dira Olinpiar Jokoetarako. Zure entrenamenduak horretara bideratuko al dituzu orain?
Orain arte entrenamenduak mantentzen aritu gara, txapelketa asko izan ditugulako. Baina, orain txapelketa bakarra dago, eta denbora badugu hori prestatzeko. Entrenamenduak, beraz, bestelakoak izango dira.


Apirileko Europako Txapelketan parte hartuko al duzu?
Hasiera batean, bai. Bi hilabete geratzen dira horretarako, baina orain ez naiz Europako Txapelketarako prestatuko, Olinpiar Jokoetarako baizik. Beraz, Europako Txapelketara prestakuntza horren barruan, dagokion unean, joango naiz.


Olinpiar Jokoetarako txartelak babesleak lortzerakoan aterak irekiko dizkizula pentsatzen al duzu?
Judoa ez da asko saltzen duen kirola. Oso zaila da kirolarekin zerikusirik ez duen norbait judoan sartzea. Gipuzkoa Kirolak eta Basque Team-en laguntza izaten dugu; horiek guztiak ere kirolaren ingurukoak dira. Baina, hortaz aparte, zaila da babesleak aurkitzea.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info