Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Antxon Agirrezabalaga

2012-05-15,12:00:00

Ane Olaizola-Urola Kostako Hitza. Antxon Agirrezabalaga (Aia, 1983) Euskadiko Plater Tiraketa Kopako txapelduna da, eta Espainiako Txapelketan bigarren postuan geratu da, taldeka egin duen saioan. Duela lau urte hasi zen plater tiraketan, eta lehenengo mailara igotzea du helburu.


Zer moduzko saioa egin duzu Euskadiko Kopan?

Hirugarren mailan geratu naiz txapeldun; sailkapen orokorrean, berriz, hirugarren postua lortu dut. Arraten (Gipuzkoan) jokatu genuen txapelketa. 25 platereko bi serie egin genituen. Guztira 50 plater hautsi behar ziren, eta 47 puskatu nituen. Hurrengo hilean, berriz, Euskadiko Txapelketa izango da Irunen (Gipuzkoa), eta orduan ehun plater puskatu beharko ditugu. Hala, bi txapelketetan puntu gehienak lortu dituzten hiru lagunek Valladoliden (Espainia) jokatuko den Espainia probarako beka izango dute.
Espero al zenuen Euskadiko Kopan lehenengo postua lortzea?
Aurten berandu hasi naiz entrenatzen, baina aurreko txapelketetan nahiko ondo aritu naiz. Asturiasen (Espainia), esaterako, Errege Kopa jokatu genuen, eta nahiko txukun aritu nintzen; hirugarren postuan amaitu nuen. Baina eguraldiak ez zuen askorik lagundu, haizea handia eta ikuspen txikia zegoelako.
Eguraldiak asko baldintzatzen al ditu emaitzak txapelketetan?
Bai. Lainoak asko zailtzen du saioa, eta asko baldintzatzen dute hodeiek eta euriak.
Espainiako Txapelketa jokatu zenuen herenegun.
Taldeka txapeldunorde geratu ginen, baina banaka nahi baino okerrago ibili nintzen. Izan ere, haize dezente zegoen, eta platerak asko mugitzen ziren.
Taldeka ere ibiltzen al zara orduan?
Espainiako Txapelketan taldeka aritzeko aukera ere izaten da. Guk taldetxo bat sortu genuen herenegun, eta azkenean saio ona egin genuen. Hala ere, inguruan egiten diren txapelketetan banaka aritzen gara normalean.
Azken txapelketetako emaitzak kontuan izanda, nola ikusten duzu zure burua?
Entrenatzea falta zait oraindik. Iaz, Munduko Txapelketa zela eta, dezente entrenatu nintzen, baina aurten ez dut egin horrenbeste. Aurrerantzean, astebururo txapelketa bat dago, eta entrenatzeko denbora hartu beharko dut.
Kirol ezezaguna da plater-tiraketa. Zergatik?
Kirol garestia da, batetik. Eta bestetik, batzuk armekin lotzen dute kirola, eta ez dute atsegin. Tiroekin ehiza eta beste gauza batzuk lotzen dituzte. Kirol honek, ordea, tiratzaileari fisikoki eta mentalki ondo egotea eskatzen dio. Kontzentrazioa ezinbestekoa da. Despiste txikiena dela medio huts egin daiteke, eta huts horrek txapelketa galtzea ekar lezake.
Zergatik da garestia?
Hasieran, plater-tiraketa zaletasuna denean, eskopeta merkeenetarikoa erosi ohi da; 1.000 euro ingurukoa. Ondoren, txapelketa eta proba nazionaletan parte hartzen hastean, izen-ematea, ostatua eta bidaia ordaindu behar da. Izen-ematea, esaterako, 120 euro kostatzen da. Beraz, asteburuko 600 euro gastatzen dugu. Gainera, eskopeta ona erosi nahi bada, beste 7.000 euro inguru ordaindu behar izaten da. Asko ibiltzen den tiratzaileak gutxienez 4.000 euro gastatzen ditu urtero. Kontrola eraman behar da, bestela diru asko joaten da.
Edozein poltsikorentzako ezinezkoa da, orduan.
Denetik dago. Norberak jarri behar dio neurria kirolari. Gazteak gero eta gehiago ikusten dira. Leioan eskola bat ere badago. Txapelketetan gazteek kuota erdia ordaintzen dute, baina hala ere garestia da.
Non entrenatzen zara?
Irungo San Martzialgo tiro-eremuko kidea naiz. Legazpian, Hondarribian eta Oñatin ere badaude tiro-eremuak, baina nire ustez eremu politena Irungoa da. Normalean, txapelketarik izan ezean, astebururo joaten naiz hara.
Inguruan zaletasun handia al dago kirol honekiko?
Oro har, badago zaletasuna. Gipuzkoan, esaterako, 700 lagun daude federatuta. Baina azken urteetan txapelketetan jende gutxiago ikusten da, krisiaren eraginez. Asturiasen jokatu dugun Espainiako Txapelketan 123 lagun aritu gara, eta iaz 280 pertsonak hartu zuen parte. Askok utzi dituzte txapelketak, eta azkenaldian entrenamenduetan soilik tirokatzen dute.
Nolatan hasi zinen kirol honetan, zerk erakarri zintuen?
Ehiztaria ere banaiz, eta lagun batzurekin batera hasi nintzen honetan. Duela lau urte hasi nintzen, eta hasieratik gustatu zitzaidan. Hurrengo saioan puntuazio hobea lortu nahi duzu, eta harrapatu egiten zaitu.
Zer eragiten dizu kirol honek, plater-tiraketak?
Kirol asko taldeka jokatzen dira, eta haren araberakoak izaten dira norberaren emaitzan. Hemen, ordea, egin beharreko guztia norberak egin behar du. Hori da gustatzen zaidana.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info