Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Asier Olaizola

2012-06-20,12:00:00

Asier Olaizola (Getaria, 1972) da Lagun Onak futbol klubeko Espainiako hirugarren mailako taldearen entrenatzaile berria. Orain taldea osatzeko barruko lanean ari da klubeko beste kideekin batera, «telefonoari su ematen»; denboraldi aurrekoa uztail erdian hasiko dute. Azpeitiko kluba ondo ezagutzen du getariarrak, hiru denboralditan mutilen bigarren taldea entrenatzen jardun baitu. Gainera, erregional mailako txapelketa irabazi, eta mailaz igotzea lortu dute. Futbolerako duen zaletasunagatik, afizioz aritzen da entrenatzaile.

Hiru denboralditan jardun duzu Lagun Onak-eko mutilen taldea zuzentzen. Nolatan hasi zinen?
Orain dela hiru urte Kinttelak [Juan Ramon Olalde] deitu zidan, bigarren erregionaleko taldea entrenatzeko prest nengoen galdetuz. Niri futbola betidanik gustatu zait, baina taldean jendea egotearen baldintza jarri nion. Taldea osatuko zidala agindu
zidan. Halaxe hasi nintzen, eta hiru urte egin ditut talde horrekin lanean.

Hiru denboraldi egin, eta hirugarrengoan mailaz igotzea lortu duzue.
Bai, baina hiru denboraldiak gorabehera askokoak izan dira. Aurrenekoa ona izan zen; hirugarren bukatu genuen. Lehenengoa eta bigarrengoa mailaz igo ziren, eta gu hor gelditu ginen. Baina bigarren denboraldia okerragoa izan zen; hamaikagarren gelditu ginen. Jendea entrenatzeko arazo handiak izan genituen orduan, eta azkenean entrenatu gabe gero asteburuan partida ezin da irabazi; zaila izan zen. Azken denboraldi honen hasieran ez nintzen taldea entrenatzen hastekoa, ez zegoen jenderik, eta abuztuan 12-13 jokalarirekin hastea zaila zen. Aitor Zulaikarekin egon nintzen, eta nik jarrai nezan nahi zutela esan zidan, jokalariak nirekin oso gustura zeudelako. Nik segitzekotan, berriro jarri nuen baldintza bakarra taldera jende gehiago ekartzea izan zen. Hala, bizpahiru urtean futbola utzita egondakoak edota pilotan ibilitakoak etorri ziren. Halaxe hasi ginen. Denboraldia borobila izan da, gauzak ondo atera dira, eta kontuak ondo ateratzen hasten direnean, jendea animatu egiten da. Txapeldunei aurrea hartu, eta finala irabazi dugu, azkenean.

Ohorezko mailan ariko da orain.
Bai. Bigarren taldeak lehen ere maila bazuen, baina futbola ez da bi eta bi lau, zientzia zehatza. Futbolean maila eman dugu, eta ilusioarekin eta konfiantzarekin  emaitzak etorri dira. Mailaz igo da, eta futbolarientzat maila gogorra izango da hurrengo denboraldia. Ohorezko mailak asko eskatzen du, Gipuzkoa mailan herriko talde nagusienak daude bertan: Tolosa, Pasaia, Real Union… Hirugarren mailan ibilitako talde eta jende asko dago.

Eta zure kasuan?
Ni, aldiz, berriz hirugarren mailan ariko naiz. Lehen bi denboralditan ere ibili naiz Elgoibarren, eta niretzako ez da maila berria, probatuta nago. Baina gazteekin eta herriko jendearekin aritzea beste erronka bat da.

Lagun Onak-ek aurrean bi talde izango ditu. Zer espero duzu?
Lehen taldeak igoera fasea jokatu zuen urte batean, baina berez Lagun Onak-en helburua ez da mailaz igotzea. Helburua maila mantentzea da, eta herriko jendea ahalik eta gehien izatea da. Herriko jendearekin bakarrik hori egitea zaila da, Bizkaiko taldeekin eta lehiatzea zaila delako. Hirugarren mailan gipuzkoarrak gara pixka bat sufritzen eta gutxiengoa egiten nola ahala helburua betetzeko lanean jarduten dugunak. Gipuzkoan Hirugarrenean eta Ohorezkoan talde bana duen beste klubik ez dago. Real Unionek Bigarren B-n eta Ohorezkoan ditu, baina gainontzean gu gara bakarrak; Elgoibarrek lehen bazituen, baina orain mailaz jaitsi da. Oso zaila da bi maila horietan 47-48 lagunekin maila ematea eta  mantentzea, eta herrikoekin bakarrik are zailagoa da.

Harrobiari garrantzia handia ematen diozue, baina jokalari bila kanpora joko al duzue?
Bai, jo beharko da kanpora. Herrikoekin bakarrik aritzea zaila baino gehiago, arriskutsua da. Gaizki ateraz gero mina egiten zaio Hirugarren mailako taldeari. Bi taldeekin jokatu beharko dugu. Ez da erraza, baina herriko gazteei erakusteko kanpotik esperientziadun batzuk ekartzea da asmoa. Hala bi-hiru urtean herriko gazte askok aukera izango dute lehen taldean jokatzeko. Baina oraindik batzuentzat goiz samar da.

Bigarren taldeko zein jokalari igaroko da Hirugarren mailako taldera?
Batzuk igotzeko finkoak dira: Julen Aranburu eta Joanes Otamendi, eta Mikel Altolagirre atezaina. Unai Etxeberria aurretik lehen taldean ibilita dago, baina azkenaldian ikasketengatik nirekin bigarren taldean ibili da. Hori laugarrena da goiko mailara igotzeko finkoa. Gero, beste gazte batzuk daude udan aurre denboraldi ona eginez gero gora igotzeko aukera dutenak: Alex Guridi, Aritz oraindik jubenila…

Eta bajak zeintzuk izango dira?
Herriko beteranoena, Saizar, futbola uztekotan dago. Uztekoak diren gainontzekoak kanpokoak dira; batzuk nekatu egin direlako utziko dute, eta beste batzuk ia baja izango direlako.

Orain Anaitasuna izango duzue aurkarietako bat.
Derbia izango dugu, bai. Niretzako ez da horrenbesteko derbia, baina jokalarientzat-eta bai. Beste maila batzutan izan dugu derbia, eta gazteek beste gogo eta ilusio batekin jokatzen dute. Antzematen da, bai.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info