Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Iņigo Peņa, piraguista

2012-07-19,12:00:00

Amaia Ventas-Urola Kostako Hitza. Iñigo Peñak (Zumaia, 1990) nazioarteko bere lehenbiziko domina irabazi zuen pasa den asteburuan, Portugalen, 23 urtez azpiko Europako Piraguismo Txapelketan. Sentsazio «gazi-gozoa» du, ordea, gazteak. 1.000 metroko probarako prestatzen jardun du denboraldi osoan zehar baina 500 metrokoan eskuratu zuen brontzezko domina. Hala ere, «pisu handia» kendu du gainetik. «Nazioartean domina bat lortu nahi nuen, eta lortu dut azkenean». Asteburu honetan Espainiako Txapelketan, Asturiasen, lehiatuko da. Denboraldiko azken proba izango da. «Gogotsu» dago, aurreko probako «arantza kentzeko prest»: «Irabazteko asmoa dut». Denboraldia amaituta, merezitako oporrak izango ditu zumaiarrak.  

Zer moduz sentitzen zara nazioarteko zeure lehenbiziko domina eskuratu ostean?
Oso pozik nago; izan ere, ezarritako helburua lortu dut, hau da, nazioartean domina bat eskuratzea. Egia esan, 1.000 metroko proban lehen postuetan sailkatzeko esperantzarekin joan nintzen Portugalera. Ez nuen lortu, seigarren postuan sailkatu nintzen, eta kolpe gogorra izan zen. Bigarren egunean, igandean, 500 metrokoan lehiatu nintzen, eta aurreko eguneko sentsazio gazi-gozo hori  kentzea lortu nuen, ordea. 
 
1.000 metroko probarako asko prestatu zarela esan duzu, eta horrek agian ez zizula gehiegi lagundu Portugalen. Presio handia al zenuen?
Urte osoa proba horretarako prestatzen egin dut, eta irabazteko aukerak nituela pentsatzen nuen. Finalean, ordea, gauzak okertu egin zitzaizkidan. Lehenbiziko 800 metrotan aurrea hartu nien arerioei baina azken metroetan erdi blokeatu egin nitzen. Psikologikoki presio handia sentitzen nuen eta horrek ondorioak izan zituen.
500 metrokoan, berriz, lasaixeago jardun zenuen. Hori da. Guztia galdutzat nuen ordurako; 1.000 metrokoan ez banuen dominarik lortu, 500 metroko proban  ere ez nuen esperantzarik horretarako. Lasai nengoen, eta, begira, hala irabazi nuen brontzezko domina.

Pisu handia kendu al duzu gainetik?
Bai. Azken finean, jubeniletan nenbilenean eta orain senior mailan nagoela,  laugarren postu ugari lortu izan ditut Europako zein nazioarteko probetan. Txokolatezko domina lortu izan dut behin eta berriz. Nik uste horrek  eragina izan duela nigan; banekien Portugalen aukera nuela sailkapen ona egiteko, eta azkenean nire kalterako izan da hori. Europako txapelketan hirugarren postua lortuta, pisua kendu dut gainetik, bai.

Horrek indarra eman dizu asteburu honetarako probarako?
Bai, dudarik gabe. Gainera, asko gustatzen zaidan proba da Asturiaskoa. Bestalde, denboraldiko azkenengoa izango da eta indartsu nago. Bi distantziatan lehiatuko naiz berriz ere, 1.000 metrokoan eta 500 metrokoan. Eta irabazteko aukera asko ditudala uste dut. Ilusio handia daukat, gogotsu nago.

Espainiako txapelketan, Europako arantza hori kenduko duzula uste al duzu? 1.000 metroko proban emaitza hobea lortzea al da zure asmoa?
1.000 metrokoan marka ona egitea da nire asmoa, bai. Hori lortzen saiatuko naiz.

Txapelketa hau da denboraldiko azkena. Nola baloratuko zenuke?
Egia esan, denboraldi gazi-gozoa izan da. Helburu nagusia Londresko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea zen hasiera batean. Lau segundo-hamarrenetara geratu nintzen, ordea. Horregatik, denboraldia pixkat arraroa geratu zen; beste helburu bat bilatzea zaila izan da. Entrenatzen jarraitu nuen, ordea, eta gerora, Espainia mailan hainbat garaipen lortu dut. Zentzu horretan, denboraldi ona egin dut, eta indar handia eman dit aurrera jarraitzeko, konfiantza asko. Horrez gain, Europako Txapelketa absolutuan, K4 modalitatean hartu genuen parte eta zortzigarren egin genuen. Nahiko emaitza ona da Espainiako selekzioko inork sei urtean finalerako sailkatzea ez duela lortu kontuan izanda. Aurrerapauso bat izan da. Behin Joko Olinpikoetatik kanpo egonda, K1 modalitatean Europako txapelketarako prestatzea izan da helburu nagusia, eta horretan jardun dut buru-belarri azken urte honetan. Brontzezko domina lortu dut, eta gustura nago oso.

Merezitako oporrak izango dituzu, beraz, denboraldia amaitzean.
Hori da. Ea asteburu honetan denboraldia borobiltzea lortzen dudan. Gero, atseden hartu eta pilak kargatuko ditut. Izan ere, datozen lau urteak gogorrak izango dira. 2016an Rio de Janeiron jokatuko diren Olinpiar Jokoetarako prestatuko naiz.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Š Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info