Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Gaizka Garitano, Eibar futbol taldeko entrenatzailea

2012-08-07,12:00:00

«Oraindik ez nago guztiz zarauztartuta, baina alabak hemen jaio ziren eta bizitza jada eginda dut bertan». Duela zortzi urte ingurutik Zarautzen bizi da Gaizka Garitano (Derio, 1975), Realean jokatzen zuen garaitik. Gaur egun, ordea, Eibarko lehen entrenatzailea da, eta taldea Bigarren B mailatik Bigarren A mailara igotzea izango du erronka. Denboraldiari hilaren 28an emango diote, Zaragoza B taldearen aurka.


Bi urtez Eibarko beheko mailako taldea entrenatu ondoren, lehen taldearen gidaritza hartu duzu. Zure entrenatzaile ibilbiderako erronka garrantzitsua, dudarik gabe?
Egia esan, mahiko jauzi handia izan da Hirugarren mailatik Bigarren B mailara. Erronka polita da, eta, aldi berean, zaila. Kristoren ilusio egiten dit, eta gogotsu nago. Espero du barruan dudan sentipen guztia taldeari helaraztea.


Ongi sobera ezagutzen duzu kluba. Bertako jokalari izan zinen, eta azken urtetan talde teknikoko kide. Ezaugarri horiek erabakigarriak izan al dira zuzendaritza batzordek zugan konfiantzeko?
Beharbada, bai. Eibarko zuzendaritzak aldaketa bat nahi zuen, eta aukera batzuk aztertu ondoren, nire izena proposatu zuten. Nire aldetik, baiezkoa eman nien, eta horrela heldu diot erronka honi. Egia esan, kluba bera eta jokalariak ongi ezagutzen ditut, eta, alde horretatik, ez dut izan inolako arazorik sartzerakoran. Etxea ezagutzen nuenez, ez dut ezustekorik aurkitu. Eibarko Hirugarren mailako taldea gidatzen aritu naiz azken urteetan, eta oso gustura nenbilen. Ni eguneroko lanean bizi naiz, eta proposatu zidatenean, gehiegi pentsatu gabe onartu nuen.


Taldearen urrezko garaian kapitain izan zinen, eta lehen maila igotzekotan ere izan zineten. Garai hartako kasta berreskuratzen saiatuko al zara?
Ez dugu ezer berreskuratu behar. Taldeak berak baduelako, jada nahikoa kasta. Iaz, esaterako, oso urte ona egin zuen, sailkapenean hirugarren bukatuz eta ondorengo igoera fasea jokatuz. Beraz, talde on bat hartu dut, nahiz eta jokaslarien joan-etorriak izan diren. Hala ere, taldeak lehendik ere bazuen kasta eta jokoa, eta orain horri jarraikortasuna ematen saiatuko gara.


Jarraikortasun hori bermatzeko, zer ekarpen egingo diozu taldeari? Zertan hobetzen saiatuko zara?
Hobetzea zaila da, emaitzak onak izan baitira azken urtean. Beharbada, aurrekontu gutxiagorekin emaitza berberak eskuratzen saiatuko gara. Gure taldea eta ligako beste batzuk nahiko larri dabiltza ekonomikoki, eta aurten egingo dugun taldea, baliabide aldetik, ez da horren indartsua izango. Hala eta guztiz ere, taldea sailkapenaren goialdean mantentzen ahaleginduko gara.


Egungo errealitatea beste bat da futbolean. Hori horrela, Bigarren B mailatik Bigarren A mailara igotzea da Eibarren lehentasuna al da?
Bai. Aurrekontua murritzagoa izanda ere, helburuak iazko berak izango zirela esan zidaten niri. Badakigu asko exijituko digutela, bai zaletuek bai elkarteak berak. Beraz, nire exijentzia eta jokalariena ere altua izan beharko du.


Finkatutako helburua lortzea bideragarria dela uste al duzu?
Liga nahiko berdinduta egongo dela iruditzen zait. Gure multzoan gu baino indartsuagoak diren hiruzpalau talde aurreikusten di­tut –Alaves, Salamanca eta Logroñes, esaterako–, baina gainerako taldeei aurre egiteko talde polita dugu. Jakin badakigu aurten ez garela faboritoen artean hasten, baina jokalari onak ditugu, goiko postu horiengatik borrokatzeko. Edonola ere, urtero bezala ezustekoa emango duen talderen bat edo beste izango dela esango nuke.


Eta bizi-bizi dagoen egungo krisia eta talde batzuk dituzten zailtasun ekonomikoak kontuan izanda?
Bigarren B mailan mantentzea zaila da aurrekontu handia duten taldeen ondoan. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, aurrekontuak berdinduz joango dira. Azkenean, diru sarrerak jokalarietan gastatzen direnak izango dira. Beraz, duela urte batzuk bigarren mailan zeuden diferentzia ikaragarri horiek ez dira existituko. Joerak berdintzera joko du. Alde horretatik, liga talde guztiek izango dute goiko postuetan sailkatzeko aukera.


Jokalarien aldetik aldaketa batzuk egin dituzue...
Denetarik izan dugu. Jokalari batzuk joan egin dira. Ekonomikoki mantendu ezin izan ditugunez, beste talde batzuetara aldegin dute. Beste batzuk aldatu eta berriak ekarri ditugu. Postu batzuk indartu behar izan ditugu, jokalari faltagatik, eta, gutxi gorabehera, ahal izan ditugunak mantetzen saiatu gara. Denborarekin ikusiko dugu asmatu dugun.


Jokalari berrien artean, zarauztar bat dago: Yuri Berchiche. Zer moduzko jokalaria da eta nola ikusten duzu Eibarren?
Aspalditik ezagutzen dugu. Buelta asko eman dituen jokalaria da, gaztetan Espainiako selekzioarekin ibilitakoa. Athleticen ibili zen, eta, orain, Realak fitxatu du, Real Union taldetik, eta guri utzi digu. Nire gustuko jokalaria da, bai, eta iruditzen zait barruan sekulako dohainak dituela. Ea aurten jokalari bezala nabarmentzen den Eibarren.


Ligari hasiera emateko aste gutxi geratzen dira. Nola planteatu duzu denboraldiaurrea?
Gogor entrenatzea gustatzen zait, eta horrelaxe ari gara prestatzen denboraldiaurre osoan; goiz eta arratsaldez ari gara astean hiru egunez, eta gainerakoetan goizetan. Sei aste eta erdi hauek ezinbestekoak dira denboraldiari oinarri sendo batekin hasteko. Alde horretatik, ahalik eta ondoen eta gogorren entrenatu behar dela uste dut. Modu le­hiakorrean planteatu ditut entrenamenduak; izan ere, ligako jardunaldietan topatuko dugunaren antzekoa izatea gustatzen zait.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info