Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Xabier Osa, piraguista

2012-09-27,12:00:00

Aitor Manterola - Urola Kostako Hitza. Lanetik entrenatzera, eta entrenatzetik lanera. Etxea eta familia hor tartean sartu, eta horra Xabier Osaren (Zumaia, 1968) bizimodua. Astelehen goiza da, eta polita dator eguna. Itxas Gain klubaren kanpoaldean giro dago, eta bertara azaldu da piraguista. Bi egun lehenago iritsi zen Erromatik (Italia), Munduko Txapelketa jokatzetik, eta ez esku hutsik: bi domina ekarri zituen; K1ean hirugarren izan zen, denboraldiko aurreko proba guztietan aurrena egin eta gero, eta txapeldun K2an, Luis Medrano espainiarra ontzikide zuela. Ez zaio arrotza egin dominena, asko baititu Munduko, Europako eta Espainiako txapelketetan ateratakoak. Baina neurria jartzen die garaipenei, bidea eta aurrez egindako lana lehenetsiz.

 

Joan aurretik zenituen aurreikuspenak bete dituzu ala uste baino hobeto ibili zara?
Txema Balentziaga prestatzailearekin proba batzuk egin genituen aurretik, eta bagenekien oso ondo genbiltzala, inoiz baino azkarrago. Gero, karrerak bere gauzak dauka, eguna ona tokatu behar da, eta hori zortearen araberakoa izaten da.

K1eko probarekin hasiko gara. Zenbat kilometrokoa izan zen?
20 kilometrokoa, eta bost porteorekin. Azkenekoa bukaera baino mila eta bostehun metro lehenago zegoen.

Zenbateko garrantzia daukate porteoek?
Azkenekoarena oso garrantzitsua izaten da beti, eta endemas Erroman, oso aldapa pikoa zuelako eta materiala hausteko arriskua zegoelako. Porteoetan zorteak eragina dauka, ez baita gauza bera bakarrik sartu edo lehiakide askorekin.

Zenbat parte-hartzaile zineten K1eko proban?
26 uste dut ginela.

Nolakoa izan zen proba?
Irteeran, atzera eraman ninduten epaileek. Gero, lehen ziabogan aurreneko postua hartu nuen, eta australiar batekin ibili nintzen. Gero, seniorren lasterketan aritu zen, eta zazpigarren egin zuen. Ez da edonor. Hura hasi zen tiraka, eta bizpahiru itzulitan eutsi egin nion. Hiru geratu ginen lehen porteotik irtetean; bestea hungariarra zen. Hark ez zuen ezertan laguntzen, ez zuen ezer tiratzen, eta horrela doanaren bihotz taupadak hamar gutxiago dira tiraka doanaren aldean. Hirugarren porteotik ateratzean bagenuen australiarra harrapatzea, ordurako aurrean zelako, eta esan nion hungariarrari laguntzeko tiratzen. Bada, hura geratu egin zen, eta minutu erdi ibili ginen tira, ez tira. Azkenean, neuk hartu nuen ardura, eta geroago ere eskatu nion laguntzeko, eta ezetz. Baina tira beharra zegoen, bestela atzekoek harrapatuko gintuztelako, eta azkenean, hungariarrak egin zuen bigarren, eta nik hirugarren.

Zer gorputzaldi geratu zitzaizun gero?
Dominarena polita da, deigarria da, baina nik nahi dudana da maila jakin bat eman, hor nagoela jakin. Entrenatu dudana agertzea gustatzen zait lehiaketan. Bosgarren egin izan banu maila ona emanda, ni konforme.

Hungariako 'lagunarekin' hitz egin al zenuen ondoren?
Podiumean geundenok, hasi ginen elkarri 'congratulations' ematen, baina ez nion kasu handirik egin berak esandakoari. Gauzak ez zirela horrela esan nion. Bagenekien nolakoa den, lehen ere antzekoak egina baita.

Orain, beteranoen mailan lehiakide dituzunak lehen ere hala izan al ziren, aurreko mailetan?
Bai. Baina gu lehen ez ginen joaten nazioartera. Zumaiak ez zuen lehen halako maila, gerokoa da hau. Hamar bat urtez edo desagertuta egon nintzen, utzita, eta gerora hasi ziren beteranoen probak.

Nola hasi zinen nazioarteko txapelketetan parte hartzen?
Oier joaten zen (Oier Aizpurua), eta bakarrik ibiltzen zen. Laguntzeko asmoz joaten nintzen berarekin, eta parte ere hartzen nuen probetan. Orain, berriz, apeta hutsagatik ateratzen naiz. Oierrengatik ez balitz, pentsatu ere ez nuen egingo nazioartean ibiltzea.

Hemendik joan al zen jendea zu ikustera?
Bai, emaztea eta alaba etorri ziren.

Goazen orain bigarren probara, K2kora. Hurrengo egunean zenuen, eta egun batetik besterako errekuperazio lana oso garrantzitsua izango zen, ezta?
Bai, eta dena ondo lotuta eraman genuen, aurrez pentsatuta. Bakarkako probak ordubete eta hogeita hamasei bat minutu iraun zuen, eta arratsaldeko ordu bitan izan zen. Ordu txarra zen niretzat, bazkariko ordua erabat aldatzera behartu ninduelako. Egunero, lanagatik, 12:30ak aldera bazkaltzen dut, eta proba 14:00etan izatea ordu petrala zen niretzat. Binakakoa 12:00etan izan zen, eta hobeto.

Egun batzuk pasatu zenituzten Erroman, eta non egiten du lo zu bezalako kirolari amateur batek Munduko Txapelketan?
Gu apartamendu batean egon ginen. Nik neuk ordaintzen dut, baina gero, Itxas Gain klubak laguntza ematen dit. Eta ezin ditut ahaztu bi izen hauek: Geoparkea eta Ascensores Beltran.

Errekuperazioa ondo eginda eta atseden hartuta, bigarren proba heldu zen. Zenbat parte-hartzaile?
Hamabost-hogei bat ginen, eta ez nuen informazio askorik aurkariena. Nire ontzikideak, Luis Medranok bazuen nahikoa berri besteena. Niri ez zait gustatzen besteekin burua jatea.

Albokoa esan duzunean, aurkeztuko al diguzu zein den?
Lehen aldiz atera gara batera lehiara. Kinta berekoak gara, eta gure mailan, Espainiako probetan, biok ibiltzen gara borrokan muturrean. Aurten, neguan, berak aitatu egin zidan K2a batera egiteko, baina nik erdi-hitz eginda nuen beste batekin. Azkenean, konpondu ginen, eta jendeak uste zuen oso ontzi indartsua izango zela gurea. Probatu genuen, eta oso azkar ibili ginen. Hirutan edo bakarrik aritu gara batera prestatzen, beste lasterketak bukatu eta gero. Ontzia eramaten genuen, eta horrela prestatu gara. Gerora, bera etorri zen Zumaiara egun pare bat pasatzera, gure etxera, eta entrenatzeko baliatu genuen. Palentzian bizi da, eta Algecirasen egiten du lan suhiltzaile bezala, aireportuan. Egun batzuk libre izaten dituenez, hona gerturatu zen.

Entrenamendu horietan konturatu al zineten emaitza handiren bat lortzeko aukerak zenituztela?
Elkarrekin aritu ginen aurreneko egun batean ikusi genuen ondo zebilela ontzia. Hori probaren bat amaitu eta gero izan zen. Zumaia etorri zenerako, lasai geunden, eta ontzia doitzea falta zitzaigun. Beste batek utzi zigun, estrategia ona delako gero ontzia saltzeko jabeak, eta hasieran ez baginen ere ondo moldatu, etxean utzi genuen ontzia baino hobea da eraman duguna, besteak utzitakoa.

Propaganda ona egin diozue, orduan, ontziaren jabeari.
Ez. Gu beterenoak gara, eta gure mailan propaganda gutxi egin daiteke [barrezka].

Edozein atera al daiteke Munduko Txapelketan?
Bai. Oso maila onekoak izaten dira batzuk, seniorretan ere bikain ibiliko liratekeenak. Gero, beste batzuk ere badira, piraguan justu-justu tente egoten dakitenak, Munduko Txapelketa batean ateratzeagatik bakarrik joaten direnak. Espainiarrak joaten dira asko, nahiz eta jakin aurrean ez direla ibiliko; turismo egitea gustatzen zaie, eta horretarako baliatzen dituzte txapelketak. Beste filosofia bat da.

Nolakoa izan zen K2ko proba?
Ibilibide bera zen K1ekoarena. Aurrena atera ginen, oso ondo, eta egia esatera, harritu egin gintuen hala izatea, elkarrekin entranamendu gutxi eginak geundelako. Ziabogan, alemaniarrak, espainiarrak, frantziarrak eta gu atera ginen lehendabizi. Lehen porteora ere lau heldu ginen, eta saltaka azkar egiten saiatu ginen, eta irteeran ihes egin genien. Pusketa handia atera genien atzekoei, ia bi minutu pasakoa, eta azkeneko itzulian, hutsik ez egitea zen kontua. Gozatzen joan ginen.

Gozatzeko aukera izatea ez da ba ohikoa izango, ezta?
Ez, ez. Eta Munduko txapelketetan are gutxiago. Gu konturatu ginen aurreko mailako jendea harrapatzen ari ginela, guri baino lehen irteera eman zieten haiek. Ontzia bizi zihoan.

Bukatu eta gero zer sentitu zenuen?
Poza, eta gero, bi pertsonekin akordatu nintzen. Hil berri zaigun Antxon Gonzalezekin, batetik. Piraguista zen, gutarra, eta bere familiari besarkada handia ematen diot. Beste lagun bat, Jorge Alves, gure lankidea, erietxean da, nahiko gaizki ari da pasatzen, eta harentzat ere besarkada bidali nahi dut.

Emazteak eta alabak zer esan zizuten?
Gustura ziren haiek ere, eta alabak piraguan ibili nahi zuen, piraguista delako bera ere. Baina ez ginen azaldu lehiaketako pistara gero. Erroma ikusteko baliatu genuen ostirala, gurea ez bada ere turismoa egitea. Jende asko zebilen, eta guk nahiago dugu leku lasaietan ibiltzea.

Erromatik Zumaiara, larunbatean. Ongi-etorria prestatu zizuten lagunek, baina ez omen zenuen nahi. Hala al da?
Oier [Oier Aizpurua] ibili zen galdezka ea noiz helduko ginen. Ez genion esan nahi noiz genuen abioia, baina egundoko errieta jo zidan ongi-etorria ez nuelako nahi. Nik nahiago dut lasai ibili, halako ekitaldiek inbidia ere sortzen dute, eta nahiago ez egitea. Baina berak esaten zidan inbidiarena saihestezina dela, eta bazegoela bene-benetan ongi-etorria eman nahi zidan jendea. Konpromiso handi bat ere laga zuela esan zidan, eta azkenean, esan egin behar noiz iristen ginen.

Eta gero zer?
Ba han azaldu ziren, Loiun, aireportuan. Zain genituen. Argazki batzuk atera genituen, eta etxera etorri ginen. Familia geneukan zain, eta urte guztian gurekin egon direnak ere bai. Oierrek eta Txema Balentziagak antolatu zuten dena, eta esan ziguten autoa etxeko garajean uzteko, eta beraiek etorri ziren gure bila, klubera eramateko. Han egin genuen ekitalditxoa, eta gero, herrira joan ginen, baina zerbait hartzera bakarrik.

Hemendik aurrera zer egin behar duzu?
Atseden hartu, urtea gogorra izan delako. Gustuko ditudan zaletasun batzuk egiteko ere baliatuko dut denbora, olarrutara joan, esaterako. Gero, ikusiko dugu zer egin, baina segituko dut. Kluba nola antolatzen den ere ikusi egin beharko da, eta horko lanetan, entrenatzaile izateari uztekotan naiz.

Zenbat hilabeteko prestakuntza egiten duzu?
11 hilabete eta erdi, normalean.

Orduan, hamabost egun bakarrik al dituzu urtean zure zaletasunak egiteko?
Bai, baina prestakuntzan zehar ere izaten dira batzuk. Hala ere, nire zaletasunik handiena hauxe da, piraguan ibiltzea.



Hasi ginenean klubik ez zegoen Zumaian”


Beteranoen mailan dabil orain, baina hamabi-hamahiru urterekin ekin zion. Itxas Gain klubaren iragana, oraina eta geroa aztertzeko pertsona egokia da, eta hala egin du.

 

Nola hasi zinen piraguismoan?
Maristetako kuadrilla esaten zitzaion hartakoa nintzen, eta gu hasi ginen, lagunak. Klubik ez zegoen orduan, azpiegiturarik batere ez... Ligorio Urruzuno eta Merino zeuden, eta egundoko lana egin zuten orduan. Ez geneukan ezer, baina dena geneukan, eta dena zen ilusioa. Urte politak izan ziren. Piragua zaharrekin joaten ginen probetara, eta jendeak iseka egiten zigun, baina guk irabazten genuen.

Klubik ez egotea oztopoa al zen?
Espainiako Txapelketa batera joan nintzen, mutil koskorra nintzen orduan, eta ez zidaten parte hartzen utzi, izena ematea gaizki eginda zegoelako. Abentura zen, ez geneukan entrenatzailerik... Ikasten ari ginen heinean, Txema Balentziaga jarri genuen entrenatzaile, neu ere egon nintzen garai batean...gure arreba Oihane ere sartu nahi izan genuen Bartzelonako Olinpiar Jokoetako prestakuntzan, baina ez zuen nahi izan, ikasketei eman zielako lehentasuna.

Hasiera hartatik zenbat urte egin zenituen segidan?
Hamabi-hamahiru urterekin hasi nintzen, eta zortzi bat urtez ibili nintzen. Ez dute asko ematen, baina gauza asko egin beharra zegoen orduan, eta nekagarria ere bazen. Gero, nire ondoan ibiltzea ez da erraza. Ez dut esango arazoak sortzen ditudanik, baina gustatzen zait bide bat hartzen bada bide horretan segi eta bertan amaitzea. Urte guztian segitzen dut bide berean, ez naiz bazterretera joaten, eta ulertzen dut nire ingurukoentzat gogorra izatea. Urte guztia bidetik atera gabe ibiltzea gogorra da, baina kirol hau horrelakoa da. 11 hilabetez aritu behar zara entrenatzen, eta gauzak oso ondo egin behar dira. Galizian, esaterako, gazte mailakoak ia erdi profesionak dira, goiz eta arratsalde entrenatzen dute. Guk haien kontra lehiatu behar dugu, eta egunean entrenamendu bakarra daukagu, eta denbora dugunean. Denbora baliatu egin behar da. Guk Espainian guztian dauzkagu aurkariak, eta mundu mailan ere lehiatzen gara; hor ibili zen Oier Aizpurua, hor dabil Iñigo Peña... Asko eskatzen du piraguismoak, eta oso ondo egin ezean gauzak, oso atzean bukatzen duzu. Niri gustatzen zait, gutxien-gutxienez saiatzea; gero, asmatzea beste gauza bat izaten da.

Eta nolakoa izan da urtea Itxas Gaineko harrobiarentzat?
Sekulakoa, prentsan asko azaldu ez bada ere. Espainiako Txapelketan, maratoian, zorte txarragatik ez zuten irabazi; K4a finalean sartu genuen pistan, eta emakumezkoek domina ere atera zuten, eta finalean ere izan ziren. Maila handia da guretzat. Kirolari horiei bidea erraztu egin behar zaie, eta ez trabak jarri. Bakoitzari utzi egin behar zaio bere bidea egiten, lagundu. Horrek esan nahi du lan asko egin behar dela.

Zuen bideak segida izango du?
Beraiek nahi badute eta garbi badaukate, uste dut entrenadore onekin ondo ibiliko direla. Beti esan izan dut Itxas Gain bezalako klub batek bi aukera hauek eman behar dituela: goi mailan aritzekoa, batetik, eta hasierakoa, bestetik, piraguismo herrikoiarena. Arazoa da kirolariek nahasi egiten dituztela bi bideak. Klubak ezin ditu emaitzak lehenetsi, bideari eman behar zaio garrantzia.

Klubean hamaika lan egindakoa zara.
Zuzendaritzako komisioan egon naiz, entrenatzaile ere izan naiz... baina ni uretako mutila naiz. Ez dut balio bulegoan egoteko. Harrokeriak eta hitzak ere uretan nire partetik.


Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info