Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Idoia Etxeberria, harri-jasotzailea

2012-10-17,12:00:00

Aiora Larrañaga - Urola Kostako Hitza. Larunbat eguerdian Idoia Etxeberria (Orio, 1992) harri-jasotzaile oriotarrak Harria izeneko jaialdian errekorra egiteko saioa egingo du. Ilusioz beterik da Etxeberria erronka berriarekin, eta larunbatean lan ona egiteko prest dagoela azaldu dio Urola Kostako Hitza egunkariari.

Prestatzen ari zaren errekorra ikuskizun batean jokatuko duzu, ezta?
Donostia Kulturaren baitan, harri-jasotzearen inguruko Harria liburua aurkeztu behar dute San Telmo Museoan, eta ondoren eguerdian ikuskizun bat izango da, liburuari bultzada emateko. Ikuskizunean dantza, musika eta herri kirolak uztartuko dira. Aimar Irigoien errezildarrak, Urdax Magunazelaik eta nik parte-hartuko dugu bertan. Hiru harri-jasotzaileok elkarren alboan norberak bere errekorra egitea da antolatzaileen asmoa.
Noiztik zabiltza erronka hori prestatzen?
Duela gutxi hots egin zidaten proposamena egiteko. Hasieratik aitortu zuten bazekitela berandu zebiltzala, baina guk ere zerbait egiteko ideia bagenuenez, prestatzailearekin eta etxekoekin hitz egin ondoren, baiezkoa eman genien.
Zer errekor egin nahi duzu larunbatean?
Nik jaso dudan harri handiena 140 kilokoa da; harri hori jaso duen lehen emakumea izan nintzen. Orain 150 kiloko harri lauki-zuzena jaso nahi dut. Oraindik ez dago emakumerik 140 kilokoa baino harri handiagoa jaso duenik. Gainera, larunbatekoa aukera aproposa da, errekorra egiteko aukera izango baitut; modu horretako marka egin ahal izateko beharrezkoa da epaileak, dopinaren aurkako probak eta beste hainbat baliabide izatea. Hori poltsikotik jarri behar bada, oso garestia ateratzen da. Oraingoan, berriz, antolatzaileek hartuko dute kostua euren gain.
Zer moduz sentitzen zara erroka egiteko egun gutxi falta direnean?
Nahiko ondo nabari dut nire burua, gimnasioan eta harriarekin lan txukuna egin dugu eta.
Modu berezian prestatu al duzu zure burua errekorra egin ahal izateko?
Urte zaila izan da niretzat, urte bete harririk jaso gabe egon bainaiz. Iaz, maiatzaren 15ean, egin nuen azken erakustaldia, eta aurten maiatzaren 15ean itzuli naiz berriz ere plazara. Denbora honetan ez dut harririk ukitu, gimnasioko lana izan da dena; abdominalak eta gerriko ariketak egin ditut, gerri aldea indartzeko.
Zer dela eta utzi behar izan duzu harria jasotzea urte betez?
Antza denez, jaiotzetik bizkar hezurreko orno bat itsasita egon beharrean, bananduta daukat. Harria jasotzean, bizkarrarekin atzeratz egiten dut, eta mugimenduarekin hezurrak sufritu egiten du. Hala, hezurrean desgastea sortzeko arriskua dago; bizitza guztirako kaltetzeko arriskua, alegia. Sendagile batek harri-jasotzea betirako utzi beharko nuela ere aipatu zidan. Malkoak atera zitzaizkian; lur jota utzi ninduten. Dena dela, prestatzailearekin hitz egin nuen, eta esan zidan gerri aldea indartzeko gimnasioan lana ondo eta serio eginez gero, harria-jasotzen jarraitzeko aukera izango nuela.
Gogorra egin al zaizu harririk ukitu gabe egotea?
Oso gogor egin dut lan. Hilabetez hilabete jarraipena egin didate, eta azkenean urte bete osoa behar izan dugu berriz ere harria jasotzen hasteko. Gimnasioko ariketez gain, errehabilitaziora ere joan naiz denbora honetan guztian. Lan oso gogorra izan da. Gauzak ondo doazenean jende asko hurbiltzen da, baina horrelako lesio bat gertatzen denean, orduan konturatzen zara zein duzun benetan ondoan, onerako eta txarrerako.
Indar berrituta eta gogo biziz hasiko zinen berriz ere harria jasotzen, ezta?
Bai. Erakustaldiekin hasi nintzenean, telefonoak ez jotzetik, bat batean batetik eta bestetik deika hasi zitzaizkidan, kazetariak, herri kirol munduko jendea... Harria jaialdian parte hartzea proposatu zidatenean ere, urte betez harririk jaso gabe egon nintzenez, ez zekiten errekorra egiteko gai izango nintzen. Dena dela, atsegin handiz hartu nuen errekorra egiteko gonbita , modu horretako aukerak gutxi izaten baitira. Jaialdia serioa izango da, ez ohiko plaza batean; Viktoria Eugenia antzokian, hain zuzen ere. Oso pozik nago. Urte betez harririk ukitu gabe egon, eta hasiera batean esperantza guztia kendu zidatenean, osatu eta errekorra egiteko aukera izatea pozgarria da.
Aurrerantzean harria jasotzen jarraitzeko arazorik  izango al duzu?
Orain arte bezala gimnasioan gogor entrenatzen badut, harria jasotzen jarraituko dut. Jaiotzetik nik dudan arazoa ez duten harri-jasotzaileek gimnasioan ez dute nik adina entrenatu behar. Nik dudan lesioarekin, berriz, gimnasioko ariketak gogor egin behar ditut, lesioa ez areagotzeko. Horregatik, prestatzailearen helburua da harria jasotzen jarraitzea, lesioa kontrolatuz. Oso garrantzitsua da prestatzailearengan konfiantza izatea. Ni neu oso gustura nago nire prestatzailearekin, eta aurrerantzean zainduz lan ona egiten jarraitzea da nire asmoa.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info