Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Esteban Ibarrola, auto-gidaria

2012-12-14,12:00:00

Aiora Larrañaga - Urola Kostako Hitza. Esteban Ibarrola (Aia, 1977) pilotu aiarrak, Egoitz Odriozola zumairra kopilotu duela, Euskadiko Rally Sprint Txapelketako txapela lortu du formula libreko modalitatean.


Zein dira formula librearen eta beste modalitateen arteko aldeak?
Gainontzeko modalitateekin alderatuz gero, hitzak dioen bezala, gainontzekoak baino libreagoa da; hau da, autoan nahi adina aldaketa egiteko aukera izaten dugu formula librean gabiltzanok. Normalean motorraren zilindradaren edo beste zenbait parametroren arabera sailkatzen dira autoak. Formula librea, berriz, askoz irekiagoa da. Gure kotxea, esaterako, nahiko berezia da. Auto gehienek gasolinazko motorra dute, eta gurea, berriz, dieselarekin ibiltzen da; gure kotxea da mota horretako bakarra.


Denboraldia hasi zenean pentsatzen al zenuen txapelketa irabazteko gai izango zinenik?
Ez gaitu ezustean harrapatu. Iaz oso lasterketa gutxi jokatu genituen, denbora faltagatik, eta txapelketa irabazten saiatzea jarri genuen aurtengo helburu. Nahiko zaila ikusten genuen. Alde batetik, gure autoa nahiko berezia delako, eta, bestetik, kotxe horrena baino potentzia askoz handiagoa duten autoen kontra jokatu behar izaten dugulako txapelketan. Gainera, pilotu oso onek parte hartzen dute; tartean, nazio mailan txapeldunak izan diren batzuk. Dena dela, guk lasterketa gutxi irabazi baditugu ere, oso erregularrak izan gara, eta jokatu ditugun lasterketa guztiak hasi eta bukatu egin ditugu. Hala, pixkanaka-pixkanaka puntuak lortzen joan gara.


Autoa ere fin ibili al da denboraldian?
Bai, zorte oso ona izan dugu. Ez dugu kotxeko ezer apurtu, eta oso fin ibili zaigu denboraldi osoan zehar.


Aspalditik al zabiltza kotxe lasterketetan parte hartzen?
Bai, baina txapelketa bat irabazten dudan lehen aldia izan da aurtengoa. Duela hamar urte inguru hasi nintzen rally sprintetan parte hartzen. Nire aita zenak murgildu ninduen lasterketen munduan. Motorrarekin erlazionatutako gaiekiko zaletasun handia zuen hark, eta txikitatik ezagutu izan dut lasterketen mundua oso gertutik. Haurra nintzenean aitarekin Euskal Herriko nahiz nazioarteko rallyak ikustera joaten nintzen.


Nola sortu zitzaizun rallyetan parte hartzeko aukera?
Ez nintzen pilotu bezala hasi; Zarauzko Iñigo Alberdi pilotuaren kopilotu bezala murgildu nintzen mundu honetan. Biok mekanikoak gara, eta bion artean kotxe bat prestatu, eta rallyetan parte hartzen hastea erabaki genuen. Bi urte elkarrekin aritu ondoren, nire kotxea erosi nuen, eta pilotu bezala parte hartzera animatu nintzen, kopilotu arreba nuela.


Hasiera horretatik, urtez urte maila hobetu al duzu?
Kirol honetan, gainontzekoetan bezala, kotxearekin ibiltzea oso garrantzitsua da. Askotan lasterketetara autoa probatu gabe joaten gara, hemen inguruan ez baitugu horretarako prestatutako zirkuiturik. Kotxea ezin izaten dugu gustatuko litzaigukeen bezala probatu, eta nahiko itsuan joaten gara lasterketetara. Hala ere, hobetzea da gure asmoa, eta pixkana horretan ari gara.


Etorkizunari begira jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Nire asmoa jarraitzea da, baina gauza nahiko zaila dago egun, eta ez dugu lortzen gastuei aurre egiten laguntzeko babeslerik. Nik, zorionez, oraindik lana daukat, eta neuk prestatzen dut autoa. Beraz, erritmo hori jarraitu dezakedan bitartean jarraituko dut.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info