Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Aitor Frantzesena ‘Gallo’ - Surf entrenatzailea

2013-01-03,12:00:00

Aitor Manterola - Urola Kostako Hitza. Bere etxeko eskaratzean eseri gara, elkarrizketa egiteko, Aitor Frantzesena Gallo-k berak hala eskatuta. Argia itzali egin da, eta ilunpean izan da solasaldia. «Dena beltz ikusten dut», kontatu du. Itsua da, joan zen udako egun batean surfean ari zela istripua izan zuenetik. Beste begia hamalau urte zituela galdu zuen. Surfeko entrenatzailea da, eta ezagun egin da Aritz Aranbururen entrenatzailea izateagatik. Orain, bere bizitzako beste aro batean sartuta dabil, halabeharrez, baina ez du etsi. Kemen handikoa da, eta sari bat jaso du horregatik: Cadena Cien irratiak Pie derecho izenekoa eman dio.


Nondik nora sortu zaizu sariarena?
Bista galdu nuenean, herrian oihartzun handia izan zuen, eta jende askok bisitatu ninduen erietxean. Irratitik deitu zidaten esanez saria niretzat zela, eta ni erabat harritu nintzen, ez bainekien ezer. Irratikoek esan zidaten zarauztar batek idatzi ziela, nire bizitza idatzia zuela eta. Gustatu egin zitzaien, eta hori da sariaren istorioa. Galdetu nien zein zen zarauztar hori, eta Bortxa ezizena duen batek egin zuela erantzun zidaten. Harrituta geratu nintzen, burutik ere ez baitzitzaidan pasatu ere egingo nire bizitzaren kontakizuna idatziko zuenik.


Nork eman zizun saria?
Sariarena esan zidatenean, irratikoek aukera eman zidaten saria nork ematea nahi nuen erabakitzeko. Betidanik gustatu izan zaizkit motorrak, eta Dani Pedrosak ematea nahi nuen. Baina ezin zuten, eta azkenean, Alvaro Bautistak eman zidan. Poz handia izan zen. Horrelako jendea ezagutzea sekulakoa da niretzat. Esaten zidan Bautistak harrituta dagoela nire istorioarekin, baina nik esaten nion harrituta ni nagoela beraiekin, ibiltzen diren abiaduran ibiltzen direlako.


Bestelako ondorioak ekarri al dizkizu sariak?
Bai. Atzetik etorri zaizkit hainbat elkarrizketa komunikabideetan. Sari gehiago ere jasoko ditut, eta beste gauza batzuk ere hasi zaizkit ateratzen, hitzaldiak ematea eta antzekoak. Espainiako kirol erakunde ofizial batek ere eman behar dit. Gaizki nagoen honetan, gustura hartzen dira. Ez nuen uste hainbeste jende arduratuko zenik nitaz. Jende asko ari da nire inguruan idazten Interneten eta gauza politak esaten, eta pozgarria da niretzat.


Txikitatik izan dituzu arazoak ikusmenarekin. Kontatuko al duzu nolakoa izan den guztia?
Hamalau urterekin eskuineko begiko ikusmena galdu nuen, gaixotasun baten eraginez. Harrezkero, ezkerrekoa bakarrik nuen, eta arazoak eman izan dizkit. Azkenaldian, kornearen transplanteak egin izan dizkidate, eta batean, goiko zatia irekita geratu zitzaidan. Beste kornea bat azaltzeko zain nengoen, baina ez zen azaltzen. Bitartean, bizitza normala egiten jarraitu dut; uretara sartzen nintzen surfeatzera, adibidez. Uztailean istripua izan nuen arte. Olatu baten kontra jo nuen begiarekin, eta lehertu egin zitzaidan erabat. Barruko dena atera zen, eta ospitalean esan zidaten ez zegoela zer eginik.


Ikusmena ez duzu inoiz berreskuratuko?
Ez. Dena beltz ikusten dut. Ikusi ez nuen ondo ikusten lehen ere, itzalak bezala ikusten nituen, baina gai nintzen surfean ibiltzeko, patinetean ibiltzeko. Autoan ere ibiltzen nintzen zerbait gehiago ikusten nuenean.


Orain, ordea, ez itzal eta ez ezer. Nola egin diozu aurre aldaketa horri?
Oso gogorra da. Baina bizitza guztian egon naiz zain momentu hau noiz iritsiko; banekien egunen batean itsu geratuko nintzena. Ez banintzen geratzen, primeran, baina arrisku handia nuela banekien. Bi begien artean, hogeitik gora ebakuntza egin dizkidate. Hau heldu artean bizitza topera bizi izan dut, bidai asko eginez (Australia, Hawai, Honolulu...). Gertatu zaidanean hau pentsatzen dut: nire buruarekin bakean nago, bizitza bizi ahal izan dut. Gogorra dela? Oso gogorra, baina okerragoa izango zen 20 urterekin gertatu izan balitzait, ezingo nuen jasan eta. Horrela pentsatuta, gustura nago. Gero, beste kontu bat dago: 42 urte dauzkat, eta nire adineko jende asko, nire ingurua, nire erritmo berean edo makalago doa, nahiz eta ikusmena ondo eduki. Eroso sentitzen naiz. Egin beharrekoa egin dut, eta inguruko jendea ikusten dut bizitza osotasunean bizi ez duena. Nik bizi izan dut. Gogorra da, baina ikusten duen jendeak egingo ez dituen gauza asko egin izan ditut nik.


Egin beharreko guztia eginda duzula esan duzu, baina orain ere izango dituzu gauzak egiteko. Adibidez?
Hegazkin batetik jauzi egin nahi dut, eta agian, liburu bat idatzi, umee edo helduentzat. Familia dut, sei urteko alaba, etxea ere egin dut, zuhaitz bat edo beste ere landatu dut... badaukat zer egina.


Alaba eta zu berri horren arteko lotura indartu egin al da?
Sekulako indarra ematen dit. Itsu geratu nintzenean, pena handiena ematen zidan bera nola hazten joango den ez ikustea. Banatuta nago, eta egunero egoten naiz berarekin, egunero ematen diot bazkaria. Bera ere ondo ari da eramaten nire itsutasuna, hasieran beldur banintzen ere nola hartuko zuen. Maitasun bera ematen diot, eta egiten ditugu gauza batzuk; esaterako, duela gutxi, Port Aventuran izan gara. Itsu egonatik ez dut utziko ezer egin gabe.


Surf eskolako lanak utzi egin al dituzu?
Horrela ezin dut klaserik eman, eta ez nintzen ondo sentituko horrela egonda klaseak emateagatik kobratuko banu. Beste irakasle batzuk dauzkat eskolan, eta ni baino hobeto prestatuta daude klaseak emateko. Hiru bloke daude entrenamenduetan: fisikoa, teknikoa eta psikologikoa. Fisikoa eman dezaket, eta psikologikoa ere bai, dena hitz egitea delako. Teknikoaren baitan, burua jaten hasi nintzen nola molda nezakeen nire egoerara. Orduan, Ibon Amatriainekin landu nuen gauza bat: AEBetan tripode berezi bat lortu genuen, bideoak eta grabatzeko. Surfean, marrazkiak egin behar dira, eta horren barruan, mugimenduak. Surflariek sentitzen dutenaren inguruan nabil lanean orain.


Nolakoa da lan hori?
Nik esaten diet surflari ikasleei zer landu behar duten uretan. Han egiten dute, grabatu egiten ditugu bideoan, eta gero, nire etxera etortzen dira, egin duten lanaz hitz egitera, grabazioan oinarrituta. Fotogramaz fotograma egiten dugu lan, haien iritzian eta bizipenetan oinarrituta.


Aritz Aranbururen entrenatzailea izaten segitzen duzu?
Bai, bai. Aritz oso ona da, baina laguntza behar izaten du urtean zehar. Nire laguna da guztiaren gainetik. Zazpi urte zeuzkala eman nizkion lehen klaseak. Gero, bizpahiru urtez utzita egon ginen, berriz hasi arte, eta harrezkero hamasei bat urte igaro dira. Gure harremana oso sendoa bilakatu da. Nire istripua gertatu eta gero, ez litzateke polita izango gure harremana haustea, eta oso sendo segitzen dugu.  


Berarekin bidaiatzen al zenuen?
Lehen mailan egon zenean, ia propa guztietara joan nintzen. Sekulako esperientzia izan zen niretzat, ikasteko. Bigarren mailan zegoenean ere askotan joaten nintzen. Orain bera bakarrik joaten da, eta Internet bidez hitz egiten dugu.


Zazpi urterekin hartu zenuenean nabari al zitzaion surflari ona izango zela?
Urte haietan baziren beste batzuk ere onak izan zitezkeenak, baina Aritz ezberdina zen honetan: sekulako gogoa zeukan onenen artera heltzeko. Asko entrenatu izan du beti, eta lehiaketa batean sei-zazpi ordu uretan ibili eta gero, Zarautza etorri eta uretan sartu izan da. Tematia izan da, eta oraindik ere hala da, eta horrelakorik ez da egon Espainia osoan. Enpeinu handia dauka. Oso erraza da berarekin lan egitea, esanekoa delako. Berak egin duen lana inork egiten ez duen bitartean, ez da beste Aritz Aranbururik aterako.


Zer etorkizun dauka surfean Aranburuk?
Zailak daude gauzak. Hemendik kanpoko gazteek lan handia egiten dute, eta dena daukate: prestatzailea, psikologoa... Horien parera heltzea ez da erraza. Aritzek gora heltzeko behar du zorte on pixka bat eduki, surfean teknikoki oso ona delako; eta olatu handiak ere behar ditu, ondoen horrela moldatzen delako.


Zer da Aritz Aranburu zuretzat?
Seme bat bezalakoa. Berarekin oso ondo pasatu dut, haserretu ere egin gara... Seme bat da. Nik entrenatu ditudan guztiak dira semeak niretzat.


Zarautzen eta inguruetan ba al dator surflari onen bat?
Oraingo gazteek ez dute Aritzek egin zuen lan guztia egin nahi. Krisi garai honetan babesleak ere uzkurtu egin dira. Lehen, aukerak errazago ematen zituzten, baina orain, onenei bakarrik ematen dizkiete aukerak. Eta ona zarela erakutsi egin behar duzu. Niretzat, oraingoa oso planteamendu ona da. Lehen, pixkat egiten zuten surflariek, babesleak lortu, eta erlaxatu egiten ziren. Gogorra da krisiarena, baina surfean alde onak izan ditu, gazteak gehiago saia daitezen.


Nolakoa izango da surfaren etorkizuna?
Gazteak ginenean, jende gutxiagok egiten genuen, eta lasai ibiltzen ginen uretan. Orain, jende askok egiten du surfa, eta polita da hori ere. Surfetik jende gehiago bizi gara. Kirol polita da. Lehen dirudunek bakarrik egiten zuten, eta orain denek dute aukera surferako, eta oso polita da hori.


Zertan aldatu da lehendik hona?
Lehen, hippiarena egiten zuten dirudunek eta porroak erretzen zituztenek egiten zuten. Orain, kirol izaera hartu du, eta edonork egin dezake.


Nondik nora sartu zinen surfean?
Azpeitiarra nuen aita, eta osaba Albertok Egan taldean jotzen zuen bateria. Osabarekin kalean nindoala, Sanjuandegi auzoko denda batean patinete bat ikusi nuen, eta osabak: «Ze, hori gustatzen?». Eta erosi egin zidan. Txirrist egiten nuen haren gainean, eta kirol klase hori gustatzen hasi zitzaidan. Sei-zazpi urterekin, Meagako baserri batean bizi ginen, eta itsasoari bizkarra emanda geunden. Baina asteburuetan, gurasoekin malekoian paseatzean, txora-txora egoten nintzen surflariei begira. Pukas dendan begira geratzen nintzen surfeko taulei, aho zabalik. Orduan, ezin genuen taula bat erosi, oso garestia zen. Begi bakarretik ikusten nuen, hamabi-hamahiru urte nituen. Gurasoek esaten zidaten nola erosiko zidaten taula bat, begi bakarretik ikusita. Gainera, ez zegoen ondo ikusia, drogazaleek egiten zutelako, arrisku handikoa zelako, ito egin zintezkeelako... Dena zen negatiboa. Egun batean, eskolan lagun bat ezagutu nuen. Bere anaia zen surflaria, eta berak noizean behin jarduten zuen. Hura izan zen nirea! Bere anaiak kanpoan ikasten zuen, eta aste barruan kendu egiten nion taula. Kanguro deitzen zioten lagunaren anaiari.


Ez duzu ahaztua izango aurreneko bainua.
Ezta! Sekulakoa izan zen, sekulakoa! Hamalau urte neuzkan. Guk geure kasara ikasi genuen. Istorio politena hau da: etxean debekatuta neukan hasiera hartan, zigortu ere egiten ninduten, baina gero, amak berak eramaten zizkidan taulak autoan sartuta. Surfeko taulak egiten hasi nintzen gero. Pukaseko Europako lantegi handienean aritu nintzen lanean ondoren. Eskola ireki nuen gero, eta azkenean, bizitza osoa egin dut surfean. Beti kontra izan dudan zerbait bilakatu nuen nire ogibide.


Zer esaten dizu amak orain?
Baserritarra da, igerian ere ez daki. Barneratu zuen surfarena. Pentsa, lehian hasi nintzenean, surflari guztiena gertatu zen gure etxean: nire jatorduak marearen arabera antolatu beharra. Ahal duzunean jaten duzu. Asko kostatu zitzaidan hori aldatzea etxean, baina beste dena aldatuta, hori aldatzea ere lortu nuen.


Zer du surfak hain erakargarria izateko?
Naturarekin harremanean bizi zara, eta polita da hori. Gero, hain zaila da ondo egitea, gauzak ondo ateratzen direnean asko betetzen zaitu. Kirol zaila da: mugimenduan dagoen zerbaiten gainean, mugimenduan dagoen beste zerbait jartzea da. Norberak sentitzen duena da ikasgai onena, eta norberak sentitzeko, erabat kontzentratua egon behar da. Pentsa nola bizi dugun, Australiara eta surfeatzera bakarrik joaten gara! Hamar aldiz Australiara joan, eta herrialdea ezagutu ere ez dugu egiten eta! Lotu egiten zaitu.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info