Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

David Agirrezabalaga, eskubaloi jokalaria

2013-02-22,12:00:00

Guztia berehalakoa izan da, bat-batekoa: eskaintza, hausnarketa eta erabakia. David Agirrezabalaga Kapaxko (Zarautz, 1986) eskubaloi jokalariak Amenabar Zarautz taldea utzi eta Quabit Guadalajararekin sinatu berri du hiru hilabeterako. Denboraldi bukaera bitartean, beraz, Asobal Ligan lehiatzeko aukera izango du. Bere bi anaiek –Mikelek eta Albertok– aspaldi eman zuten jauzia goi-mailara, eta berari tokatu zaio txanda.


Goizetik gauera Guadalajarako kide zara. Fitxaketa prozesua benetan azkarra izan da zurea.
Astebeteko kontua izan da, bai. Astearte batean (otsailaren 12an) deitu zidan anaia Mikelek Guadalajarako entrenatzaile Mateo Garraldak nirekin kontatu nahi zuela esanez; izan ere, elkarrekin jokatu zuten Leongo taldean, eta harremana dute. Egia esan, zalantzak izan nituen: Amenabarren oso gustura nengoen eta denboraldi erdian taldez aldatzea pena ematen zidan. Taldekideekin eta entrenatzailearekin hizketan aritu nintzen, eta guztiek Asobal Ligan jokatzeko aukera alferrik ez  galtzeko esan zidaten. Ostegunean (otsailaren 14an) baiezkoa eman nien Guadalajarakoei, eta astelehenerako (otsailaren 18rako) haiekin entrenatzen nenbilen.


Goi-mailan lehiatuko zara aurrerantzean: Asobal Ligan. Sekulako jauzia izango da, ezta?
Hala da, bai. Zarautzen jada zaletasun moduan jokatzen nuen, eskubaloiaz gozatze aldera. Orain, Asobal Liga jokatu ahal izatea bestelako esperientzia izango da, eta jauzia handia izango da, orain artekoarekin konparatuta. Jokalari guztiak profesionalak dira, eta fisikoki ere ongi prestatuta egoteaz gain, handiagoak eta indartsuagoak dira.


Aterik ez zenuen itxita izango, baina espero al zenuen halako deirik?
Jada ez nuen espero. Bidasoan eta Barakaldon aritu nintzen jokatzen, gaur egun Amenabar dagoen mailan, eta aurtengo denboraldirako Zarautzera itzuli nintzen. Egia esan, herrian geratu eta lagunartean jokatzeko asmoz itzuli nintzen. Denboraldian zehar txukun jokatzen ari nintzen, gol dezente sartuz. Horrez gain, Guadalajarako bigarren entrenatzaile Vicente Cotrinak ezagutzen ninduen, zarautzen ibili baitzen bere garaian jubenilak entrenatzen, eta ongi hitz egin zuen nitaz. Azken finean, guztiak bat egin dute.


Aurtengoa izaten ari al da zure denboraldi onena?
Agian, bai. Barakaldon ez nuen zorte handirik izan, lehen urtean lesioa izan nuen belaunetan, eta errekuperatu bezain pronto, meniskoa apurtu nuen. Bi urte eman nituen ia jokatu gabe, eta aurten Zarautzera itzuli naiz guztiz errekuperatuta. Orain arteko partidetan ez dut arazo fisikorik izan eta jokoaz gozatzen ari nintzen.


Teucroren aurkako partidan jokatu zenuen azkenekoz Amenabarrekin, 9 gol sartuz.
Agur hobea izan ziteken, partida irabazi izan bagenu. Azken garaipen batekin utzi nahi nuen taldea, baina ezinezkoa izan zen.


Gogorra egin al zaizu bertako taldekideak agurtzea?
Bada, bai. Sekulako pena eman dit, oso gustura nengoelako. Nire erabakiarekin huts egingo banie bezala, baina kide guztiek euren babesa eman didate. Joateko lasai eta haietaz ez kezkatzeko, alegia. Asobal Ligan jokatzeko aukera aprobetxatzeko esan didate, eta taldekideek nirekin izan duten jarrera bikaina izan da.


Hiru anaietan azkena zara goi-mailan debutatzen. Azkenean iritsi da!
Nire bi anaiak oso gazterik eman zute profesionaletarako pausoa. Mikel 18 urtekin iritsi zen Bartzelonara, eta Albertok 17 urte zituela egin zuen debuta Leonekin. Niri gehiago kostatu zait. Asobal Ligan jokatzea pentsatzen ez nuenean etorri da eskaintza, eta aprobetxatu egin dut.


Behintzat, arantza kendu duzu.
Tira, bai... Dena dela, ez nuke arantza zenik esango. Lagunek beti gogorazten zidaten nire anaiek Asobalen jokatzen zutela, eta ea nik noiz jokatu behar nuen. Goi-mailara iristea ez dela horren erraza erantzuten nien beti. Orain horretarako momentua iritsi dela, oso pozik nago.


Hiru hilabeterako sinatu duzu kontratua. Denboraldi bukaera bitartean izango zara, beraz?
Oraingoz, hiru hilabeterako sinatu dut. Ez dakit ni neu moldatuko naizen eta taldea bera ere nirekin gustura geratuko den. Beraz, bi aldeon artetik erabaki zuzena hartu dugula uste dut, eta gero ikusiko dugu jarraitu ala ez.


Guadalajarara iritsi zarenean zer moduzko taldea topatu duzu?
Inpresio ona egin dit. Telebistatik ezagutzen nuen taldea, eta hainbat jokalari lehendik ere ezagutzen nituen, nire bi anaiekin batera jokatu dutelako noizbait. Azkenean, eskubaloi munduan guztiok ezagutzen gara elkar. Guadalajarari dagokionez, jakin banekien nola jokatzen zuen. Talde ona eta indartsua da; maila onekoa, hain zuzen ere. Gainera, eskuzabal hartu naute, eta jende jatorra topatu dut.


Ligako azken jardunaldian Bartzelonaren aurka lehiatuko zarete, maiatzaren 25ean. Partida horretan Mikel anaiaren aurka jokatzeko aukera izango duzu. Lehen aldia izango da?
Berezia izango da. Inoiz ez naiz haren aurka lehiatu, eta estreinakoa Asobal Ligan izatea sekulakoa izango da, zalantzarik gabe.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info