Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Jon Unanue, triatleta

2013-04-12,09:00:00

Amaia Ventas - Urola Kostako Hitza. Astearte eguerdian ekin zion Jon Unanue (Zarautz, 1981) triatletak Hegoafrikarako bideari. Erronka berria du zarauztarrak: igandean bertako ironmana jokatzea. Aurten marka pertsonala haustea du helburu; bederatzi ordu baino gutxiagoan 3,8 kilometro igerian, 180,2 kilometro bizikletan eta 42,2 kilometro korrika egitea, hain zuzen.

Igandean Hegoafrikako Ironman proban hartuko duzu parte. Zein da zure helburua?
Beste ironmanetan lehiatu naizenean, adin taldeen mailan hartu dut parte, eta nire asmoa Hawaiiko probarako plaza bat lortzea izan da. Oraingoan, ordea, profesional mailan lehiatuko naiz, eta helburua ere pertsonala da: neure marka pertsonala hobetu nahi dut. Bederatzi ordu pasatxo da nire orain arteko marka, eta bederatzi orduz azpitik egin nahi dut. Hori lortzen badut, lehenbiziko hamabost postuetan sailka naiteke, lasterketaren garapenaren arabera. Bederatzi orduko muga hori gainditzea da nire asmoa, beraz. 
 
Asko prestatuko zinen horretarako.
Azken hiru hilabeteotan Ironmanerako prestatzen jardun dut buru-belarri. Otsaila eta martxoan zehar kilometro ugari egin ditut, eguraldiak lagundu ez arren.

Hiru probak osatzen dute Ironmana: bizikletaz, igerian eta korrika. Zein diziplinetan ikusten duzu zeure burua indartsuen?
Denboraldi honetan oraindik ez naiz lehiatu, eta, ondorioz, hori da dudan zalantza. Igerian eta korrika erreferentziaren bat badut, entrenamenduetako denborak kontuan izanda. Bizikletan, ordea, ez daukat erreferentziarik. Ni ongi sentitzen naiz, asko entrenatu dut, eta forma onean nago. Kilometro ugari egin ditut, eta nahiko ongi ikusten dut neure burua.
 
Zure erronka pertsonala lortzeko aukerak dituzula uste duzu, orduan.
Bai. Ongi prestatu dut nire burua, eta ongi egingo dudala uste dut. Proba luzea da, ordu asko dira, eta denetarik gerta daiteke: mekanikoki arazoak izan ditzaket bizikletarekin, egoera fisikoarekin gorabeherak... Bederatzi ordu direnez, asko jan eta edaten da proban, eta gorputzak hori guztia asimilatu beharra dauka. Guztia ongi joanez gero, nire helburutik gertu ibiliko naizela uste dut.

Zergatik aukeratu duzu Hegoafrikako Ironmana?  
Aurten Ironman proba bat jokatu nahi nuen, baina bestelako probei uko egin gabe. Hori dela eta, proba denboraldiari ekin aurretik egin nahi nuen. Hegoafrikakoa da nire egutegira ondoen egokitu dena, behin hori eginez gero beste probetan murgiltzeko aukera eskaintzen baitit.

Azken urteetan distantzia luzeko probetan zabiltza buru-belarri. Gustura sentitzen al zara formatu horretako probetan?  
Egun denetarik egiten dut; distantzia luzeko probak zein motzak. Hamaika-hamabi urte daramat triatloietan parte hartzen. Duela bost urte eskas hasi nintzen, ordea, Ironmanetan parte hartzen. 2009an egin nuen lehenbizikoa, hain zuzen. Ordutik lautan hartu dut parte, eta horietatik hiru bukatu ditut. Hegoafrikakoa, beraz, bosgarrena izango da niretzat. Azken urteetan, ordea, Ironmana izan dut buruan beti; zeinetan har dezakedan parte, nola entrenatu naitekeen, motibatuta sentitzen naizen... Gustatzen zaizkit distantzia luzeko probak, bai.

Garaipen ugari pilatu dituzu azken urteotan, babesleak dituzu, denbora eta esfortzu asko eskaini diozu lasterketei... Zeure burua profesionaletara bideratzen ari al zara?  
Ez, triatloi mailan profesionala izatea oso zaila da. Maila handia behar duzu horretarako. Nik lortutako garaipenak Euskal Herriko zirkuituan egin ditut, hemen inguruan. Egia esan, ongi moldatzen naiz proba mota horietan. Batzuk irabazi ditut, eta askotan podiuma lortu ere bai. Babesleak izateak ere erraztasunak ematen ditu, material aldetik-eta laguntzeaz gain, sostengu handia baita.  Profesionala izatea, ordea, oso konplikatua da. Egia esan, ez zait burutik pasatu ere egin profesionala izatea. Nik lana badaukat aspalditik, eta halako probetan lehiatzea zaletasuna da niretzat, oso serio hartzen dudan hobby-a. Izan ere, denbora asko eskatzen du. Urtetik urtera maila hobetuz noa, eta hori mantentzeko entrenamendu gogorrak beharrezkoak dira.

Hegoafrikakoaren ostean, aurreikusita ba al duzu beste probaren bat egitea? Aurtengo egutegia finkatu al duzu dagoeneko?  
Argi daukat Hegoafrikako Ironmana jokatu ostean, gorputzari atseden emango diodala. Hilabete gogorrak izan dira, asko entrenatu naiz. Behin berreskuratzen naizenean, benetan zer egin nahi dudan pentsatuko dut, zein probatan har dezakedan parte... Hegoafrikan lortutakoarekin kontentu baldin banago, aurtengoz Ironmana alde batera utzi eta beste probatan murgilduko nintzateke. Emaitza txarrak lortu, arantzarekin geratu eta oraindik gogoa baldin badaukat, ordea, beste Ironman batean parte hartzeko aukera jarriko nuke mahai gainean.  Guztia ongi ateraz gero, bertako probetan hartuko dut parte. Hain zuzen helburu horrekin aukeratu du Hegoafrikako Ironmana, Euskal Herriko zirkuituko lasterketetan parte hartzeko aukera ematen zidalako.

Zarauzko Triatloian parte hartuko al duzu?  
Bai, ziur. Egutegian apuntatuta daukat data hori.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info