Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Urtzi Lazkano eta Mikel Lorenzo, Kenpo borrokalariak

2013-04-19,10:00:00

Kenpo borroka-arte praktikatzen dute Urtzi Lazkanok (Getaria, 1988) eta Mikel Lorenzok (Getaria, 1992), eta joan den asteburuan Villagarcia de Arousan (Galizia) izan ziren Euskadiko selekzioarekin, Espainiako Txapelketan. Koloretako gerrikoen kategori­an –txuritik urdinera bitartekoen artean– lehiatu zen lehena, eta gerriko marroien eta beltzen kategorian bigarrena. Sahatsaga kiroldegian entrenatzen badute ere, Oiartzungo klubeko kide dira.

Hiru domina lortu dituzu Espainiako Txapelketan, Urtzi. Aurreikusten al zenuen halako emaitza lortzerik?
Urtzi Lazkano: Oso gustura nago, bai, ez bainuen halakorik espero. Kata arma tradizionalarekin –bo izeneko makilarekin– txapeldunorde izan nintzen. Gero, defentsa pertsonaleko tekniken erakustaldia egin nuen, Mikel Lorenzo adiskidea lagun nuela, eta modalitate horretan ere bigarren izan nintzen. Puntukako borrokan, berriz, aurkariari gerritik gora jo behar zaio, eta bost puntu egiten duen lehenak irabazten du. Eta lehia horretan hirugarren sailkatu nintzen.
Ezusteko gozoa izan da, beraz.
U.L.: Zorte pixka bat izan dut, iazko txapelketan baino parte-hartzaile gutxiagok hartu baitu parte. Hori horrela izanda ere, ez nuen uste lorpen hauek izango nituenik, eta, zalantzarik gabe, sekulako ezusteko jaso dut.
Hiru domina lortzeko, aukeraren bat bazegoela pentsatuko zenuen, ezta?
U.L.: Defentsa pertsonalean sentitzen nintzen erosoen, ordu asko eman bainuen hura prestatzen. Modalitate horretan zerbait lortzeko edo ongi ibiltzeko itxaropen txiki bat banuen. Txapelketa aurrera joan ahala, lasaitzen eta konfiantza hartzen joan nintzen. Gisa horretan, gauzak argiago ikusten dituzu, baita zerbait lortzeko aukerak ere.
Txanponaren beste aldea Mikel da.  Esku hutsik itzuli zara txapelketatik.
Mikel Lorenzo: Nire kategorian maila handiagoa zegoela uste dut. Koloretako gerrikoen mailatik gerriko marroi-beltzeko mailara jauzi nabarmena dago. Borroketan, esaterako, eskarmentu handiko jendea dabil. Nik, gainera, aurten atera dut gerriko marroia, eta, hori kontuan izanda, txukun aritu naizela iruditzen zait. Finalerdietara sailkatzeko atarian geratu naiz.
Kategoria aldaketarekin jauzi kualitatibo hori antzeman duzu?
M.L.: Borrokek ez dute zerikusirik koloretako gerrikoen kategorikoekin alderatuta.Gerriko marroiko eta beltzeko kategorian lehiak oldarkorragoak dira, eta ukabilkadak zuzenagoak. Nik ere, Urtzik bezalaxe, puntukako borrokan, defentsa pertsonaleko teknikan eta katan hartu nuen parte; nire kata, ordea, arma gabekoa izan zen.
Espainiako Txapelketan parte hartu duzuen lehen aldia izan al da?
M.L.: Niretzat bigarren aldia izan da. Iaz Madrilen hirugarren geratu nintzen defentsa pertsonaleko ariketan, koloretako gerrikoen kategorian. Gerriko urdinarekin hartu nuen parte. Aurten, azterketarako prestatu naiz, eta duela bi aste marroi kolorekoa atera dut. Beraz, oraintsu eman dut jauzia goiko kategoriara, eta, alde horretatik, gustura geratu naiz aurtengo txapelketarekin.Maila horretan  lehiatzea zer zen ikustera joan naiz, zer moduz moldatzen nintzen probatzera, eta oso gustura geratu naiz. Uste baino maila hobea erakutsi dut.
Epe laburrera beste txapelketarik ba al duzue?
M.L.: Maiatzaren 11n, Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak jokatuko ditugu hemen, Getarian. Iaz alderantziz izan zen: Eskoriatzanjokatu zen, eta handik Espainiakora sailkatu ginen.
U.L.: Aurten ere, hasiera batean, lehenago jokatzekoak ginen Getarian, baina ez dakit zer arrazoiengatik data atzeratzea erabaki dute.
Eta zer itxaropen duzue? Helburu zehatzik jarri duzue?
M.L.: Ezberdina izango da. Espainian borrokak gogorragoak dira; hemengo lehiak, aldiz, diferenteagoak dira. Lehia oro da gogorra, baina, agian, maila gutxiago dago aurkarien artean. Garaipena lortzeko aukera gehiago dago; iaz, esaterako, Euskadiko txapeldun izan nintzen borrokan, defentsa pertsonalean eta katan.
U.L.: Niretzat Espainiakoa izan da jokatutako lehen  txapelketa...
Orduan guztiak zure bila joango dira, zu menderatzeko asmoz.
U.L.: Ez dut uste. Orain hilabetetxo bat dugu txapelketa prestatzeko, eta horretan buru-belarri jarriko gara. Gainera, etxean jokatzen dugunez, motibazio handiagoa izango dugu. Orain dominak lortu ditudala, gainera, guztia ematera joango naiz.
Txapelketa bertan jokatzea ona izango da kirol hau Getarian eta inguruko herritan ezagutzera emateko, ezta?
M.L.: Bai, hala da. Zoritxarrez, ez gara jende asko Kenpoa praktikatzen dugun herritarrak, eta iruditzen zaigu halako txapelketa batek bultzada ematen lagunduko digula. Beraz,jendea etor dadin animatu nahi dugu, kirol hau ezagutzera..
Zuk, Mikel,  iaz Madrilen lortutako hirugarren postuari esker, Japoniako Munduko Txapelketarako txartela eskuratu zenuen.
M.L.: Uztailaren 30ean abiatuko naiz, Euskadiko selkzioarekin, eta abuztuaren 10era arte Japoniako Hamamatsu hirian izango naiz, Kenpoko Munduko Txapelketan. Sekulako oparia izan da, baina gogor entrenatu beharko dut, guztia eman ahal izateko.
Praktikatzen duzun kirolaren sorterrira joatea berezia izango al da?
M.L.: Jakina, baietz. Kenpoa Japoniako borroka-arte tradizionala da. Gainera, Munduko onenak bertan ariko dira, eta ez dakit zer topatuko dudan. Edonola ere, maila ona erakutsiko dudala uste dut. Hori da nire asmoa. Defentsa pertsonalen eta borroken modalitateetan lehiatuko naiz.
Txapelketaz aparte, gerriko beltza eskuratzeko azterketa egingo duzu japonian bertan.
M.L.: Behin hara noala, gerrikoaren kolorea aldatzeko baliatuko dut bidaia. Azterketa Kenpoko maisuen aurrean gainditzen saiatuko naiz. Horretarako ere gogotik entrenatu beharko dut.
Espainian lortu berri duzun balentri­ak Munduko Txapelketara eramango  al zaitu datorren urtean, Urtzi?
U.L.: Ez dakit aukera hori izango dudan. Ez dut uste. Japonia oso urruti ikusten dut oraindik.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info