Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Jesus Antonio Makazaga ‘Makatza’, Orioko Futbol Taldeko presidentea

2013-05-23,10:00:00

Aiora Larrañaga - Urola Kostako Hitza. Jesus Antonio Makazaga Makatza (Orio, 1959) Orioko Futbol Taldearen bueltan lanean aritu da azken hamabost urteetan. Taldeko lehendakaria izan da urte hauetan guztietan, eta «atzetik datozenei txanda emateko ordua» iritsi dela erabaki du. Hala, aurten denboraldia amaitzen denean utziko die bidea libre. Berarekin batera joango da Zuzendaritza Batzorde guztia. Azken urteetan futbol taldearekin bizitazkoez aritu da  Makatza Urola Kostako Hitza-rekin.


15 urte egin dituzu Orioko Futbol Taldeko lehendakari. Ez da nolanahikoa.
Urte asko dira. 1999an hartu genuen elkarteko zuzendaritza; 14 denboraldi izan dira denera, 15 urte natural. Dena dela, aurretik ere lagun talde bat garaiko zuzendaritzari laguntzen aritzen ginen, eta partida guztiak ikustera joaten ginen. Horregatik, 1999an Atorrasagasti etorri zitzaigun eta elkarteko zuzendaritza hartzea proposatu zigun. Bi aldiz pentsatu ere egin gabe eman genuen baiezkoa, eta 15 urte izan dira.  


Gustuko lana izan al da?
Denetik egitea tokatu zaigu guri. 15 urte hauetan bi garai nabarmenduko nituzke nik; futbol zelaia hondartzan genuen garaia, alde batetik, eta Mendibeltz futbol zelaiko garaia, bestetik. Gustura aritu gara beti, baina oso desberdinak izan dira garaiak lanari dagokionean. Ez dira ahaztu behar antolaketa lanak ere. Izan ere, ez da erraza urtero-urtero entrenatzaileak aurkitzea txanponik tartean izan gabe. Mota honetako taldeetan lanean gabiltzanok boluntarioak gara, eta denboraldi batetik bestera ohikoa izaten da aldaketaren bat edo beste izatea.


Konpromisoa al da hitz gakoa lan honetan?
Konpromisoa oso garrantzitsua da, era batera edo bestera emaitzak lortu behar baitira. Horrek ez du esan nahi taldeek beti irabazi eta lehen postuetan sailkatu behar dutenik. Emaitzak kirol mailakoak ere izan daiteke; hobekuntzaren bat antzematea da garrantzitsua. Jokalariek futbolean hobetzeari garrantzi handia eman diogu guk beti; hau da, talde batek hasieran ez badaki zelaian kokatzen, eta denboraldia futbolean txukun jokatzen amaitzen badu, guretzat oso emaitza ona da, ikasi egin duten seinalea baita.


Futbola sustatzeari garrantzi handia eman diozue, beraz.
Oriotarren artean futbola sustatzea izan da beti gure helburua. Mailaz igotzearekin ez gara sekula itsutu. Etxeko jokalariekin lan txukuna egiten saiatu gara, eta taldea osatzeko nahikoa jokalari izan ez ditugunetan jo dugu inguruko herrietako taldeetara.


Zer dela eta erabaki duzu taldearen zuzendaritza uztea?
Nirekin batera familiakoek ere lan asko egin dute futbol taldean, eta badira pare bat urte atzetik datozenei txanda pasatzeko garaia iritsi dela esaten hasi zitzaizkidala. Nik argi nuen ez nuela kargua utziko konfiantzazko norbait zuzendaritza hartzeko prest ez bazegoen, eta aurten lortu dut horretarako taldetxo aproposa. Eskola futbolak lanketa handia eskatzen du, eta taldetxo batek hartu zuen hori kudeatzeko ardura. Oso txukun aritu dira, eta pixkanaka futbolean jardundako gurasoak proiektuan parte hartzen ari zirela konturatu nintzen. Talde horri iaz elkartearen zuzendaritza hartzea proposatu nion, elkartea asko hazi zela-eta beste norbaitek txanda hartzeko garaia iritsi zelako. Iaz zalantzak zituztela esan zidaten kideek, baina aurten berriz ere saiatu naiz. Bilera egin genuen, eta hamabost egunera baiezkoa eman zidaten. Hortik aurrera, hasiak dira dagoeneko dena antolatzen.


Noiz aldatuko da zuzendaritza?
Denboraldi amaierako bazkaria ekainaren 8an egingo dugu aurten, eta nire asmoa ekainaren 7a bazkideen batzarra egin, guk amaitu eta zuzendaritzan sartu nahi duten talde berriei euren proiektua azaltzeko hamabost eguneko epea irekitzea da. Ez dut uste aurretik aipatu dudan taldeaz aparte beste inor aurkeztuko denik, baina ezinbestekoa da prozesua modu egokian jarraitzeko egutegi bat finkatzea.


Urte guzti hauek gauza onak nahiz txarrak biziko zenituen, ezta?
Jende asko ezagutu dut eta hori oso polita eta ona da. Uste dut Orio hobeto ezagutzen ere lagundu didala Orioko Futbol Taldeko lehendakaria izateak, herritarrengana hurbildu baitit, beste modu batera ezagutuko ez nuen jendea ezagutu dut hemen. Bestetik, aitortu behar dut haserre bat edo beste ere izan dudala urte guzti hauetan, baina uste dut ez dudala etsairik egin hemen. Horretaz gain, jendearekin tratatzen ere ikasi dut, askotan zaila izaten baita iskanbilaren bat izan denean pakea jartzeko bitartekaria izatea; horrelakoak datozen bezala ahal den ondoen gainditu behar izaten dira eta horretan saiatu naiz.


Zuzendaritza uzteak futbol taldetik urruntzea esan nahi al du?
Zuzendaritza utziko dugu, baina hemenik aurrera ere hemen izango gara laguntzeko prest. Orioko Futbol Taldeko zuzendaritza hartu baino lehen partida asko ikustera etortzen ginen eta orain ere horrela jarraituko dugula uste dut, futbola asko gustatzen baitzaigu.


15 urte hauetan hondartzako zelaiaren auzia izan al da buruhauste gehien sortu dizkizuna?
Ez zen erraza izan. Zurrumurrua bazegoen, baina inork ez zekien hondartzako lanen inguruko ezer argirik. Egun batean pertsona batek hurrengo astean lanekin hastekotan zirela komentatu zidan. Udalera jo genuen, eta esan ziguten zelai berria jarriko zigutela. Hala ere, guk argi genuen zelai zaharra kendu aurretik berria egin beharko zutela. Manifestazioa egin genuen, plazan entrenamenduak egin genituen protesta moduan, eta azkenea ados jarri ginen. Zelaia txikitu, alde batera mugitu, eta hondartzan bertan jokatzen aritu ginen; hori moldatu bitartean, Zubietan partida batzuk ere jokatu genituen, eta azkenean lortu genuen auzia konpontzea. Aitortu behar dut hasiera batean Orioko Udalarekin tira-bira batzuk izan bagenituen ere, zelai berria egiterakoan gure iritzia eskatu zigutela, eta gure proposamenak kontuan izan zituztela.


Aldaketa handia izan al zen Mendibeltzen jokatzen hastea?
Jendea zelaira hurbiltzea erraztu du zelai berriak. Hala ere, batek baino gehiagok esan dit partidak herrian bertan egiten direnetik ikusle gehiago izaten dituztela. Nik neuk ez dut uste horrela denik, hondartzan ere jende asko biltzen baitzen partidak ikusteko. Han, ordea, ez genuen harmailik, eta ikusleak zelaiaren inguruan jartzen ziren.
Zelaia herrian bertan izateak haur gehiagok futbolean jokatzea ekarri al du?
Taldea asko hazi da. Guk zuzendaritza hartu genuenean hiru talde genituen, eta gaur egun zortzi talde eta eskola kirola ditugu. Ez dut uste hori zelai aldaketak ekarri duenik, araudi aldaketak baizik. Hasiera batean, ez genuen haurren mailako taldeak izateko aukerarik, eta pixkana-pixkanaka aldatzen joan da. Eskola kirolaren baitan ume asko hasten dira futbolean jokatzen ikasten. Horrek haurrengan zaletasuna sortu du, eta adin guztietako taldeak ditugu egun. Nesken taldea ere badugu. Taldea osatzeko zailtasunak izan genituen hasiera batean, aitortu egin behar dut. Baina nesken taldearen ardura Joseba Manterola Baserrik hartu zuenetik, bera arduratzen da.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info