Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Ibon Huegun eta Luis Mari Osa, Orioko eta Zumaiako presidenteak

2013-06-13,12:00:00

Aitor Manterola  - Urola Kostako Hitza. Berriak dira presidente karguan Ibon Huegun (Orio, 1972) eta Luis Mari Osa (Zumaia, 1967). Oriotarrak bigarren denboraldia beteko du Orio Arraun Elkarteko presidente bezala; zumaiarrak hilabete batzuk bakarrik daramatza Zumaiako Arraun Elkartearen buruan. Baina ondo ezagutzen dute arraun mundua, beti jarraitu izan dutelako gertutik. Etzi hasiko da San Miguel Liga, arraun munduko lehiaketa nagusia. Non eta Bartzelonan (Herrialde Katalanak). Biak lasai eseri, eta solasean aritu dira ligaz , eta arraunaz orokorrean. Kontu askotan iritzi bera dute; esaterako, honetan: arraun klubetan sartzea lan egiteko izaten da, eta borondatez, gainera. «Osasunari ere pixka bat kentzen zaio», onartu du Osak. Denbora eta dirua ere galtzen dute biek, baina Huegunek dioen bezala: «Bihotzagatik egiten dugu».


San Miguel Liga gainean da, etzi hasiko da. Zein da presidenteen aldartea oraintxe?
Luis Mari Osa: Hasita nago sabelean tximeletak sentitzen. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Guk gure maila emango dugu, eta ikusi egin beharko da aurkarien maila zein den. Ez dugu burua galduko, baina kezka puntua daukagu ikusteko beste ontzi batzuk non dauden.  
Ibon Huegun: Urduri ez nago, hasteko gogoaz gaude. Ezin dugu ahaztu igo berriak garela, eta umiltasunez gatoz. Ea lortzen dugun arraunaz gozatzea aurreneko mailan. Gauzak txukun egin nahi ditugu, itxura ona eman, eta gero, itsasoak jarriko gaitu geure lekuan. Elitean egitura sendotu nahi dugu.


Kirol arloari eutsi diozue erantzunetan, baina presidente batek beste hainbat kezka ere izango du. Liga hasi aurreko hilabeteetan zer lan egin behar izan duzue?
L.O.: Ordu asko eta lan asko eginbehar izaten da. Hau esan beharra daukat: Oriori enbidia sanoa diot. Jende asko dute lanerako klubean gure aldean. Gu mugatuta gaude alde horretatik. Neuk ibili behar izan dut, adibidez, balizak jartzen herriko estropadetan, bateletan. Zumaian, behintzat, presidenteak denetik egin behar izaten du: balizak jarri, bileretara joan, udalarekin harremana izan.
I.H.: Orion ezberdin ibiltzen gara. Gure antolaketa handia da, eta jende asko behar da lanerako. Egin kontu, ontzi mota guztiekin ibiltzen gara lehian: aulki mugikorra, aulki finkoa, ontzi txikiak, emakumezko, gizonezko... Lan asko daukagu, baina onartu behar da jendea ere badugula. Presidentearen lana gai bakoitzeko arduradunak koordinatzea da. Arropen gaian bat daukagu, haurren mailetan Ibon Urbieta da koordinatzailea, eta horrela beste arlo guztietan. Lan handia kentzen dizkigute, egia esatera. Gu babesleak aurkitzeaz arduratzen gara, bileretara joateaz, eta horrelako lanak dira gureak.
L.O.: Esan behar dut aukera hau baliatuz, Zumaiako Arraun Elkartean ateak irekita ditugula laguntzera etorri nahi duenarentzat. Laguntza behar dugu, jende gutxi gaudelako lanean.
I.H.: Gure egitura, zorionez, ezberdina da, baina ulertzen dut zer esan nahi duen berak. Eskerrak jende asko dugun laguntzeko. Behar da, bai, jendea arraun munduan laguntzeko.
L.O.: Klubaren antolaketan, Orio erreferentea da. Hainbeste jende izatea lanerako handia da gero.


Presidente zareten neurrian, eta herrian bertan, gainera, aurpegia eman beharra al da txarrena?
L.O: Nik antzeman dudana da jendeak aurreko presidentearen eredua duela buruan. Eta iruditzen zaio jendeari Goiko [Luis Mari Goikoetxea, lehengo presidentea] bezala ibili behar dudala: bilera guztietara joan, estropada guztietan delegatu lanak egin, eta abar. Nik ez dut horrela ikusten presidente kargua. Gure zuzendaritzan lanak banatuta dauzkagu, eta bide horretatik goaz. Denok gaude lanerako azkenean, zuzendaritzako kide guztiak.
I.H.: Gu klubean sartu ginenean sartzea ez zen erraza. San Miguel Ligatik jaitsi ginen urtean izan zen, eta zikloi bat pasatzearen parekoa izan zen hura. Jendea noraezean zegoen, batzuk alde batera begira, besteak bestera. Orion arrauna era berezian bizi da, eta presidentearen lana beti dago aztergai jendearen partetik. Presioa sentitzen dut, baina gauzak ondo egiteko. Hala ere, aldatu egin dira gauzak Orion. Lehen ez irabaztea gaizki ikusia zegoen; orain, beste era batera ikusten dira gauzak.


San Miguel Ligak hamargarren denboraldia beteko du aurten. Nola ikusten duzue?
L.O.: Gauza bat da bakoitzak nolako liga nahiko lukeen, eta bestea nolakoa den. Ondo antolatuta dago, nahiz eta akatsak izan. Hutsik handiena iruditzen zait hau duela: arraunlariari ez zaio ematen protagonismo nagusia. Nik neuk askotan plazaratzen dut gai hori batzarretan. Gero, egia da, baliabide askotariko ekonomikok ditugun klubak batzen gara lehian. Baina gauza bera gertatzen da beste kirol guztietan ere.
I.H.: Oso liga ona da. Ondo egituratu du arrauneko lehia. Ordenatu egin du lehiaketa. Hasieran oso zaila izango zen dena ordenatzea, baina dagoeneko hamargarren denboraldia bete du, eta bide onean doa. Udako kirol nagusia arrauna bilakatu da, eta ligak eragin handia izan du horretan.


Krisi ekonomiko honen eraginez, arrauna sustraietara itzuliko den ustea dago. Adibidez, arraunlariek dirua irabaztearen aroa amaitzen ari al da? 
I.H.: Babesleen araberakoa izango da, eta egia da gero eta zailagoa dela lortzea.
L.O.: Guk aurten ez dugu babesle handirik gizonezkoen traineruan, orain arte izan dugun bezala. Eta gauzak zaildu egin dira. Baina lehen ere eman zaio bueltak egoera zail bati baino gehiagori. Garbi daukagu zer dugun.
I.H.: Bizkaian eta jaitsi dituzte aurreikuspenak. Kantabrian ere ez dira entzuten lehengo kontuak. Hemen, Gipuzkoan, betiko martxan segituko dugu, etxeko arraunlariekin eta.
L.O.: Nik uste dut, adibidez, Kaikuk eta badutela harrobia, baina presaka ibiltzen dira lanean, emaitza onak lehenbailehen lortu nahian. Aurten, Kaikuko jubenil batzuk Arkoten ariko dira, eta ez Kaikun bertan. Arraunlariak badituzte, baina gero bidean geratzen dira.
I.H: Bai, hori da. Arraunlari gazte horiek non geratzen dira gero? Klub horiek enpresak bezalakoak dira, eta berehalako emaitzak nahi dituzte; onak, gainera. Hemen inguruan, beste lan bat egiten dugu klubek; lan soziala ere bada. Beste era bateko fruituak jasotzen ditugu. Geroago jasoko ditugu fruituak, baina segurua da jasoko dituguna.
L.O.: Gurea bezalako filosofiekin irabazteak gehiago betetzen du gero. Etxekoekin irabaztea ezberdina da, sakonagoa.


Zumaiak izango du berezitasun bat aurten: traineru berria dauka, eta herritarren laguntzaz finantzatu dute. Telmo Deun herritarren izenekin aterako da uretara. Zer gogoeta eragiten dizue horrek?
L.O.: Orion dagoen arraun zaletasuna ikaragarria da, eta alde horretatik, Zumaia urrun dago. Baina badago herrian zaletasuna, eta herritarrei esker erosi ahal izan dugu trainerua. Bartzelonara joateko autobusa ere osatu da, eta eskertzekoa da zaleen babesa. Baina Zumaian, arrauna ez da kirol nagusia.
I.H.: Herritarren babesa guk ikusi genuen aurreko urtean, San Miguel Ligatik jaitsi berritan. Babesle handienik gabe geratu ginen, eta herriak erantzun handia eman zuen. Batetik, herriko merkatariek eta enpresa txikiek; eta bestetik, herritarrek eurek, bazkide eginez. Ikusi genuen, KAE 1 ligan egonda, gure presentzia jaitsi egingo zela hedabideetan. Enpresa-babesleen kanpaina jarri genuen abian, eta berrogei lortu genituen. Gero, bazkide kanpainaren baitan, hirurehun bazkide berri egin genituen. Taldea bigarren mailan egonda, handia da halako zenbakiak lortzea.

Zenbat bazkide dituzue Orion?
I.H.: 1.800 bat. Joan zen urtean, herriaren bultzada handia izan zen. Bandera guztiak irabazi genituen ligan, eta goiko ligan bageunden bezala ospatu genituen: txaranga, kalejira... Behean egonagatik ez genuen ospakizunetarako protokoloa aldatu.


Eta Zumaian zenbat bazkide dituzue?
L.O.: 180 inguru. Hor ikusten dut hutsunea gurean. Zaletasuna badago, baina gero, klubera lanera azaltzea kosta egiten zaio jendeari.


Bartzelonara joango zarete biok etzi, han hasten delako San Miguel Liga aurten. Presidenteak zarete, baina pribilegio gutxi izango duzue bidaia honetan ere, ezta?
L.O.: Gu, esaterako, larunbat goizaldean aterako gara, 06:30ean. Trainerua hartu eta Bartzelonara. Pribilegoak? Orduak eta osasuna galtzea da klub batean sartzea. Eta dirua ere galtzen dugu.
I.H.: Gu ez dakit noiz aterako garen, baina ordu horren bueltan izango da. Azken batean, bihotzez sartzen gara klubean, barru-barruan eramaten dugulako. Lanerako sartzen gara. Sartu beharra dagoenean, sartu egiten gara, eta bihotzak eskatzen dizulako da. Orion eta Zumaian, presidentzialistak ez gara klubetan; gurea iritzi bat gehiago da. Ez gara autoritarioak, talde lana da gurea.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info