Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Dani Estrada, Realeko futbol jokalaria

2013-07-30,12:00:00

Datorren astean Ingalaterran kontzentratuko da Reala, baina hara bidaiatu aurretik, lagunarteko partida jokatuko du bihar Zarautzen, 19:00etatik aurrera, Eibarren aurka. Txapeldunen Ligako kanporaketa gainditzeko prestatzen ari da talde txuri-urdina, eta kideak aurkaria nor izango duten jakiteko gogoz daudela aitortu du Dani Estrada (Zarautz, 1987) jokalariak. Baita erronka menderatzeko ilusioz ere.

Aurten Txapeldunen Liga jokatuko duzuen horrekin, beste sentsazio batekin itzuli al zarete oporretatik?
Urtero ilusioarekin ekiten diogu denboraldiari, baina horrelako urte baten aurrean are ilusio handiagoarekin itzuli gara. Realarekin Europan jokatzea izugarria da, eta Txapeldunen Ligan sailkatuko bagina, are gehiago. Kristoren helburu polita da. Kluben arteko txapelketa garrantzitsuena da, eta normalean Bartzelona eta Real Madrid aritzen badira ere, bertan jokatzeko gogoz gaude gu ere. Ea aurretiko kanporaketa ongi ateratzen zaigun, eta Txapeldunen Ligan lehiatzeko txar­tela lortzen dugun.

Helburu hori oso presente duzuela ekin al diozue denboraldiaurreari?
Egia esan, bai. Abuztuan jada  partida garrantzitsuak izango ditugu. Ez zaigu horrenbeste denbora geratzen, hilabete eskas, eta normalean ilusioz baldin bagaude, aurten askoz ere gehiago. Denboraldiaurreko helburua partida horietara ­—kanporaketako bi partidetara— ­puntuan iristea da. Liga hasiera ahaztu gabe, hori ere berehala hasiko baita.

Aurten hiru txapelketa (Liga , Kopa eta Txapeldunena edo Europako Liga)  jokatuko dituzuela eta, prestaketa gogorragoa izaten ari al da?
Ez bereziki. Azkenean, denboraldi osoa izango da pixka bat ezberdina, partida ugari izango ditugulako. Ez gaude ohituta astean bi partida jokatzera; hau da, asteazkenetan Europan, eta asteburuetan Ligan. Hori horrela, jokalari guztion laguntza beharko da aurrera atera ahal izateko. Oraingoz, behintzat, denboraldiaurrea aurreko urteetakoaren antzerakoa izaten ari da. Gero, segur aski, urtean zehar entrenamenduak diferenteagoak izango dira.

Denboraldiaurrea bi zatitan banatu duzue. Bata, Gipuzkoa aldean eta bestea, Ingalaterran. Bertakoa, Zarautzen bukatuko duzue bihar, Eibarren aurkako partidarekin. Etxean jokatzea berezia izango al da?
Beste batzuetan ere egokitu zait herrian jokatzea, eta beti da gustagarria, etxeko jendea eta lagunak gerturatzen direlako. Gainera, Eibar taldearen aurka izango da, eta lehia polita izango dela uste dut. Eibarrek bigarren mailan jokatzeko txartela lortu du, eta mailari eusteko prestatuko direnez, partida ona ikusteko aukera izango da. Nolanahi ere, denboraldiaurrean ga­rrantzitsuena partidaz partida joatea da, eta inor ez lesionatzea.

Eta Ingalaterrako egonaldi nola antolatu duzue?
Oker ez banago hiru partida jokatuko ditugu han: Tottenham B, Norwich City eta Southampton taldeen aurka, alegia. Azken finean, lekuz aldatzea, taldea kontzentratzeko modua izaten da; iaz Italian izan ginen, adibidez. Askotan partida ofizialik jokatu gabe gabiltzanean, luze egiten zaigu, eta ongi etortzen zaigu astebetez kanpora irtetea. Talde trinkoa eratzeko eta pilak kargatzeko modu benetan eraginkorra izaten da, gainera.

Handik itzuli baino egun bat lehenago Txapeldunen Ligako kanporaketako zozketa egingo dute. Aurkaria ezagutzeko gogoz al zaudete?
Aldagelan gure artean aritzen gara gaiaz, baina inolako urduritasunik gabe. Tokatzen dena tokatzen dela, aurkari zaila izango dugu aurrez aurre. Zalantzarik gabe, aurkaria nor den jakiteko gogoz gaude. Badakigu ez dela erraza izango, baina taldekideok ilusioz gaude. Iaz ere talde gogorren aurka paper txukuna egin genuen, eta gauza bera eginez, kanporaketa gainditu nahiko genuke.

Talde entsutetsuak daude loteria-ontzian: Milan, Arsenal, Schalke’04, Lyongo Olympique...
Sekulako taldeez hitz egiten ari gara; Italiako, Ingalaterrako eta Alemaniako onentsuenak, besteak beste. Talde onak dira, baina gu ere talde ona gara, eta inolako lotsarik gabe egin behar diogu aurre erronkari. Partida onak jokatu eta kanporaketa gainditzera joango gara.

Baina talde horien aurka jokatu na­hiko al zenukete, ala nahiago duzue talde apalagoren baten aurka aritu?
Kontua da bi loteria-ontzi daudela, eta Reala soslai baxuena dutenen ontzian dagoela. Koefiziente batzuk zehazten ditu UEFAk, eta gu ez gaude goikaldean, azken urteetan ez baitugu Txapeldunen Ligan jokatu. Onenen ontzian aipatutako talde horiek daude, eta gu talde apalen ontzian izanda, talde indartsu bat tokatuko zaigu, bai ala bai. Zaila izango dela garbi dugu, baina zezenari adarretatik heltzeko prest gaude.

Zaletuak, beraz, gustura egoteko moduan izango dira.
Ilusioz beteta daude. Iaz horrelako denboraldi bikaina osatu ondoren, Txapeldunen Ligako partida bat Anoetan ikusi ahal izatea itzela izango da. Ea gainditzen dugun, eta partida gehiago izaten diren.

Eta kanporaketa gaindituko ez bazenute, porrota izango al litzateke?
Jendea ilusioz dago, baina jakin badaki erronka oso zaila dela. Ho­ri jakinda, kanporaketa gaindituko ez bagenu, baina itxura ona emango bagenu, ez zait iruditzen porrota izango litzatekenik. Bestalde, ez da ahaztu behar Europako Ligan jokatuko genukeela Txapeldunen Ligara sailkatuko ez bagina. Azken urteetan ez gara Europan lehiatu, eta hori ere ez da batere txarra.

Urte osoa Txapeldunen Ligarekin gora eta behera ibili ondoren, Europako Ligan ez al litzateke izango sari txikiegia?
Txapeldunen Ligaren aldean, bai. Baina oso kontuan eduki behar dugu Realak urte dezente daramala Europan jokatu gabe. Hori ere baloratu egin behar da. Gainera, Txapeldunen Ligako aurretiko kanporaketarako txartela azken jardunaldian lortu genuen. Egindako urtearen emaitza izan zen, egundoko oparia. Baina laugarren postuan bukatu beharrean bosgarrenean sailkatu izan bagina, zuzenean Europako Ligara sartuko ginateke, eta jendea pozez zoratzen egongo zen berdin-berdin. Jakina, Txapeldunen Ligako goxokia ahoan izanda, aukera alferrik ez galtzen saiatuko gara. Lortuko ez bagenu, ez litzateke porrota izango inolaz ere.

Europako parte hartzea bermatuta, taldearen helburua zein izango da?
Dela Txapeldunenean dela Europako Ligan, ahalik eta urrutien iristea. Azkenean, garbi dugu txapelketa horietan ligaxka bat jokatu beharko dugula, eta partida onak jokatu beharko ditugula. Taldeak ez du eskarmentu handirik Europan, batere ez duela ez esatearren. Nolanahi ere, taldea ongi dago, eta motibatuta.

Anbizioa eduki behar da?
Bai, partidaz partida egin behar dugu aurrera. Iaz Liga egin genuen bezala, ahalik eta partida gehien irabazten saiatu behar dugu. Era berean, ez ditugu Liga eta Kopa ahaztu behar. Liga txapelketa garrantzitsua da, eta ezin dugu deskuidurik izan behar; eta Kopan ere paper txukuna jokatu nahi dugu, nahiz eta azken urteetan ez garen fin ibili. Denboraldi berrian partida pila bat jokatu beharko ditugu, eta horretara ohituta ez gaudenez, ikusi egin beharko dugu nola barneratzen dugun hau guztia. Klub handiak ohituta daude, baina gu ez.

Apalagoak diren taldeei zera gertatu izan zaie: Europan lehiatzegatik, Ligan gaizki bukatzea.
Bai, gertatu da. Realak ere ezin du itsutu. Hori taldekide guztion erantzukizuna da. Partida oro topera joan behar dugu, txapelketa edozein izanda ere. Dugun guztia eman behar dugu, eta norgehiagoka guztiak irabaztera joan. Erraza da esatea eta zaila egitea, baina horretan buru-belarri jarri behar dugu.

Iazko talde bera zarete ia-ia. Aldaketa gutxi batzuk daude, baina garrantzitsuak. Adibidez, entrenatzaile berria: Jagoba Arrasate.
Egungo entrenatzailea iaz ere gurekin zegoen; hirugarren entrenatzailea zen. Hori horrela, ezagutzen gaitu, eta jokalariok ere ezagutzen dugu bera. Apustu ona egin dutela iruditzen zait. Entrenatzaile ona da, eta berari gauzak ongi ateratzen bazaizkio, taldea ongi ibiliko den seinale.

Montanierrek egindako lanari jarraipena emango diola esaten dute.
Tira. entrenatzaile bakoitzak be­re ikus­pegia du. Oraindik ez gara taktiketan eta jokaldietan gehiegi sakontzen hasi, baina ziur bere xehetasunak izango dituela eta ekarpenak egingo dituela. Entrenatzaile batetik bestera beti dago aldea, eta ez da inoiz berdin. Aldaketak aldaketa, moldatu egiten zara egoera berrira, entrenatzaile berriaren sistemara. Beraz, ez dut uste arazorik izango dugunik.

Oraingoz, gustura al zabiltzate?
Bai, orain arte egin ditugun entrenamenduetan ongi aritu gara. Alde fisikoa lantzen ari gara, denboraldiaurre guztietan bezalaxe, eta baloia ere dezente ukitzen ari gara. Oraingoz, gustura gaude berekin. Partida serioak jokatzen hasten garenean, emaitzak dira agintzen dutenak hemen, eta orduan ikusiko dugu.

Zuk Montanierrekin ez zenuen minutu gehiegi jokatu iazko denboraldian. Arrasaterekin aukera gehiago izango duzula uste al duzu?
Iaz hasierako hamaikakoan ekin nion denboraldiari, baina, ondoren, ez nuen gehiegi jokatu. Urtetik urtera gauzak aldatu egiten dira, eta jokatzeko ilusioz heldu diot denboraldi berriari. Aurten, gainera, hiru txapelketa jokatuko ditugunez, jokalarien txandatzea handiagoa izango da. Ondorioz, aukera gehiago izango dugula uste dut. Hala ere, aukera horiek aprobetxatu egin beharko dira, zelaian partida onak jokatuz.

Carlos Martinezekin partekatzen duzu postua taldean. Badirudi txandaka aritzen zaretela: denboraldi batean batek jokatzen du gehiago eta hurrengoan besteak.
Azken urteetan hala suertatu da; batzuetan bera hobeto aritu da eta gehiago jokatu du, eta beste batzuetan nik jokatu dut gehiago. Aurten jokatzeko aukera ge­hiago izango dugu jokalari guztiok. Dena dela, lehia hori tal­dearen­tzat ona dela uste dut: postu baterako bi jokalari badaude, hamaikakoan sartzeko gehiago saiatzen zara, eta horrek jokalari be­zala hobetzen zaitu.

Liga ere konturatzerako hasiko da. Aurten taldeak dezente indartzen ari dira, jokalari berriak fitxatzen. Iazko laugarren postua berresteko gai izango al da Reala?
Urtero bezala, gehien indartzen direnak Bartzelona eta Real Madrid dira. Gainerako taldeok ahal duguna egiten dugu. Iazko dinamikarekin jarraitu behar dugu: ahalik eta puntu gehien lortu, ahalik eta partida gehien irabazi, eta helburuak Liga amaierarako zehazten joan. Liga hasieran  hirugarren edo laugarren postuan bukatu behar dugula pentsatzen hasiz gero, obsesionatu egingo gara. Pausoz pauso joango gara, eta Ligak jarriko gaitu dagokigun tokian. Ezin gara konfiatu, eta iaz laugarrenak izan ginelako aurten ere postu horretan kokatu garela pentsatu, lanik egin gabe. Hasieratik umil-umil ekingo diogu, eta gero gerokoak; betiere, sailkapenean ahalik eta gorenen bukatu nahian.

Zein izan zen iazko arrakastaren sekretua?
Umil-umil eta partidaz partida joatea. Taldea ez zen oso fin hasi, baina denboraldi erdialdetik aurrera puntuak lortzen hasi ginen, partidak irabazten eta ongi jokatzen. Asteburuz asteburu joatea izan zen gure xedea. Gabonetan ez ginen hasi Txapeldunen Ligara sailkatu behar genuela hitz egitenbaizik eta liga bukatzeko jardunaldi gutxi geratzen zirenean.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info