Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Patri Espinar, pilota hezitzailea

2013-10-31,12:00:00

Amaia Ventas - Urola Kostako Hitza. Patri Espinarrek (Galdakao, Bizkaia, 1984) eskarmentu handia du pilota munduan.  Pilotaria izan da eskuz eta palaz zazpi urtez. Lesio bat zela medio lehia utzi behar izan zuen, ordea, duela bi urte. Horrez gain, bederatzi urte darama hezkuntza alorrean lanean. Duela sei urte hasi zen Zarautzen emakumezkoak trebatzen, eta aurten erronka berriekin dator.
Ez da lehenbiziko aldia Zarautzen pilotan inguruan lan egiten duzuna.  Zer aldatu da aurten?
Sei urte daramat Zarautzen lanean. Sei urte horietan Emakumea pilotari egitasmoko teknikari gisa jardun dut lanean,Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioren bitartez, eta Zarauzko Kirol Elkarteko Pilota sailarekin elkarlanean. Gipuzkoako Foru Aldundia diru laguntza murriztuz joan da azken urteotan, eta aurten oso diru gutxi bideratu dio pilota federazioari. Proiektu batzuk bultzatzeko baliatu du hori federazioak, baina beste zenbait ezin izan du mantendu. Aurrez ZKErekin lan egin dudanez, eta emakumeen zein federatuen taldea mantendu nahi zituenez, elkarteak berak eskaini dit lanpostua. Lan bera egingo dut aurten, baina kirol elkarterako.
Zein izango da aurten zure lana ZKEn?
Orain arte emakumeekin soilik jardun dut lanean, haurrekin zein federatuekin. Aurten aisialdiko kirolaren baitan emakumezko paleta ikastaroak eskaintzeaz gain, mutilekin ere egingo dut lan, Eskola Kirolaren baitan. Horri dagokionez, eskolak koordinatzea izango da nire lana. Eskoletan eskuz eta palaz jardungo dute alebin mailako neskek zein mutilek, eta ni izango naiz horren guztiaren koordinatzailea. Hala, txapelketak antolatuko ditut, entrenamentuak ikusi eta aztertu, begiraleak formatu, saioak egituratzen lagundu...
Zenbat lagunekin jarduten duzu lanean egun?
Eskola kirolaren barruan, hiru ikastetxearekin egiten dut lan: Orokieta, Salbatore Mitxelena eta Antonianorekin. Zentro bakoitzean bataz beste hogei haur daude. Duela hiru aste hasi ziren, eta oraindik ezin ditut kopuru zehatzak jakin. Hala ere, talde majoak sortu dira.
Zaila al da taleak osatzea?
Eskolako koordinatzaileak inplikatzen badira errazagoa da lana. Horrek lagundu egiten baitu haurrek izena ematerako orduan. Kanpotik zatozenean zailagoa da taldeak osatzea, ez baitzaituzte ezagutzen.
Alebin mailakoak pilotan jardutea ohikoa da. Federatzea, ordea, zailagoa. Pilota gogorrekin hasten dira orduan, konpromiso gehiago eskatzen du, lehiatu egin behar izaten dute... Gure helburua hastea da, harrobia osatzea.
Eta jarraitzea?
Duela sei urte hasi ginenean alebin mailako neskak trebatzeari ekin genion. Eta orduko haur horietatik bospasei neska federatzea lortu dugu. Helburua, hortaz, proiektu sendoa sortzea da eta haurrak motibatzea, etorkizunera begira segitu dezaten . Horretarako garrantzitsua da kalitatezko entrenamenduak eskaintzea.
Eta hain zuzen, horri heltzera zatoz zu.  
Bai, baina begirale eta koordinatzaileen laguntzarik gabe ezinezkoa da. Hortaz, nire lana ongi egin ahal izateko, horien konpromisoa beharrezkoa da. Ni baikorra naiz. Nik uste dut lanean gogotsu ikusten nautenean haiek ere segituan inplikatuko direla. Askok dagoeneko ezagutzen naute eta harreman ona dugu. Beste batzuek, ordea, ez. Horiek deskonfiantza senti dezakete hasieran, are gehiago neska izanda. Baina lanean ikusten nautenean nik uste ez dutela arazorik izango.  
Gaur egun oraindik deskonfiantza  al dago emakumeekiko?
Eskola zaharreko pilotariei hasieran atentzioa ematen die emakumezko bat pilota munduan ikusteak. Baina behin ezagututa, puskatu egiten dira orain arteko sinesmen eta esterotipo horiek. Zarautzen oso gustura nabil, konfiantza osoa dute nigan, eta horrela erraza da lan egitea.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info