Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Imanol Yeregi, surflari zumaiarra

2014-04-29,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Volcom etxeak sustatutako Totally Crustaceous Tour birako Karramarro Fish Surf txapelketa irabazi zuen Imanol Yeregi (Zumaia, 1995) surflari zumaiarrak duela bi aste. Garaipenari esker, Europako txapelketa jokatzeko txartela lortu zuen, eta joan den asteburuan Hossegorren (Frantzia) izan zen Europako Totally Crustaceous Tour-eko finalean. Zoritxarrez, ez zuen egun ona izan eta final-laurdenetan kanporatu zuten. Hala ere, ilusioz agertu da, eta Pro-junior mailako Europako Surf Zirkuituan lehiatzeko gogoz dagoela adierazi du.
 

Zarautzen txapeldun izan zinen apirilaren erdialdean. Irabaztea helburuen barruan sartzen al zen?

Zarautzen irabazteko esperantzarekin aritu nintzen. Batzuetan lortzen duzu helburua eta besteetan ez, eta kasu horretan posible izan zen. Egia esan, ongi aritu nintzen surfean, eta ondorioz garaile izan nintzen 17 eta 20 urte arteko kategorian.
 

Garaipenarekin Europako txapelketan lehiatzeko txartela lortu zenuen, joan den asteburuan jokatu duzuna. Zer moduz joan da?

Nahi baino okerrago. Ez zitzaidan txapelketa txukuna atera. Normalean txandak 20 minutukoak izan ohi dira, baina honetan 15 minutukoak izan ziren, eta horrez gain, olatu gutxi izan genituen. Bestalde, kanporaketetan lau surflari beharrean bost aritu ginen lehian. Horri guztiari zorte txarra gehitu behar zaio: olatu gutxi altxatzen ziren, eta altxa zirenak ez nituen behar bezala aukeratu. Alde horretatik, aurkariak ni baino hobeto aritu ziren, eta azkenean final-laurdenetan geratu nintzen txapelketatik kanpo.
 

Oker ez banago, buru-belarri aritu zinen prestatzen.

Hala da, bai. Irabazteko gogoz aritu nintzen entrenatzen, eta ilusio handiz joan nintzen. Tamalez, ezin izan nuen askorik egin... Konturatzerako nire txanda berehala bukatu zen, eta olatu on gutxi lehertu ziren. Une horretan zapore gazia geratu zitzaidan, eta apur bat triste. Dena dela, aurrera begiratu beharra dago, eta hurrengo txapelketetarako prestatzen jarraitu.
 

Zein izango duzu hurrengo txapelketa?

Pro-junior mailako (20 urtez azpikoak) Europako Txapelketa jokatuko du pare bat hilabete barru. Zirkuitu bat da, eta urte bukaera bitartean lauzpabost proba jokatuko ditugu; krisia dela medio, ez dakigu zehatz-mehatz zenbat lehia izango diren. Europan sailkatzen diren lehen bost surflariak Munduko Txapelketako txartela lortuko dute, eta hori ere zirkuitu formatuan jokatzen da, bizpahiru probarekin.

 

Aurreko denboraldietan ere ibili zara Europako zirkuituan. Orain arte zein izan da zure lorpenik handiena eta aurten zer espero duzu?

Aurreko urtetan final-laurdenetaraino iristen nintzen, eta ezin izaten nuen muga hori gainditu. Aurten pauso bat aurrera egin nahi dut, eta final pare bat jokatu. Finaletara iristeak sailkapenean gora egiten lagunduko lidake.
 

Eta profesional mailara jauzi egin eta WQS zirkuituan sartzea al da zure helburua?

Bai, hori da nire ametsa. Horretarako, ordea, Pro-junior mailako zirkuituetan nabarmendu beharko nuke, eta babesleak nigan apustu egitea. Nire aurtengo eta hurrengo urteko helburua hori litzateke; izan ere, bi urte geratzen zait kategoria honetan. Hala ere, gaur egungo krisiarekin ez da batere erraza azken jauzia ematea. Gainera, surflari asko daude ni bezalaxe.
 

Aitor Frantzesena 'Gallo'-rekin hasi zinen entrenatzen, baina azken urtean Ibon Amatriainen ardurapean aritzen zara. Aldaketa handia izan al da?

'Gallo'-k ikusmena galdu zuen istripu baten erruz, eta, harrezkero, Amatriainekin hasi nintzen entrenatzen. Nik ere aldaketa bat behar nuela ikusten nuen, eta oso gustura nabil berarekin. Lehen erresistentzia gehiago lantzen genuen, baina orain iraupen laburragoko ariketak egiten baditugu ere, biziagoak izan ohi dira. Azken finean, olatuak azkarrak dira eta haren gainean egin beharreko maniobrak azkarrak izan behar dute. Orduan, 20 segundo irauten du gehienez olatuak, eta denbora tarte hori ahalik eta gehien aprobetxatzen jakiteko ariketak egiten ditugu.
 

Motibatuta ikusten zaizu.

Oso motibatuta nago, bai, eta aurten lorpen handiren bat erdietsi dezakedan itxaropena dut. Inoiz ez dakizu zure urtea aurten izango den ala ez, baina nik guztia emango dut dudan onena ematen.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info