Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Iosu Lertxundi, Amenabar Zarautz eskubaloi taldeko jokalaria

2014-05-22,10:00:00

Aritz Mutiozabal. Amenabar Zarautzek Asobal ligara igotzeko fasea jokatuko du asteburuan Alcobendasen. Iosu Lertxundi (Zarautz, 1985) taldeko kapitaina da, jokalari beteranoena, eta motibatuta agertu da balentria historikoaren aurrean.

Taldeko beteranoena zarela kontutan hartuta, zer suposatu du zuretzat fase historiko honetara iristea?
Kadeteetatik jokatzen dut elkartean, eta txikitatik lehen taldeko jokalariak idolo moduan ikusten nituen, egunen batean haiek zauden tokira iritsiko ote nintzen pentsatzen. Goiko taldera heldu nintzen, eta orain badirudi pauso bat harago eman dugula. Hodei batean bezala gaude, eta ea orain Asobalera igotzeko helburua lortzen dugun.

Iaz ozta-ozta eutsi zenioten mailari, eta aurten guztiz bestelakoa lortu duzue.
Iaz gure lana egin eta azken bigarren postuan bukatu genuen liga, mailari justu-justu eutsiz. Aurten  12 taldetik 16ra handitu dute liga, eta azken sailkatua zuzenean jaisteaz gain, azpiko beste hiru taldeak promozioko kanporaketa bat jokatuko zuten eta hoirietatik bik maila galduko zuten. Arrisku postu horietatik ihes egitea lortuz gero, denboraldi biribila izango zela iruditu zitzaigun denboraldi hasieran. Bat-batean sailkapenean goian ikusi gara, eta ez dugu aukera hau alferrik galdu nahi izan.

Larunbatean ekingo diozue igoera faseari. Sinesten hasi al zarete?
Hartu duen dimentsioa ikusita, taldekideak nahiko lasai ikusten ditut. Momentuz nahiko lasai gaude, baina bihar egingo dugu azken entrenamendu saioa eta hortik aurrera urduritzen hasiko garela iruditzen zait. Jendeak kaletik geratzen gaitu zoriontzeko eta animatzeko, eta oraindik hodei horretan gaude, baina guk kirol arloaz arduratu eta larunbaterako zentratu behar dugu orain.  

Zaletuek babestuta zoazte, behintzat. Alcobendasek Aritzabatalde emango al du?
Hala da, bai. Kanporaketako lau taldeoi 125 sarrera-bono pasatu dizkigute, baina Barakaldotik autobus bakarrabete dute, eta haiei soberan geratu zaizkien sarrerak guk jaso ditugu. Ondorioz, 220-250 pertsona abiatuko dira Zarauztik. Beraz, Aritzbataldeko kantxan jokatzea bezala izango da. Horrek ere indar  eta babes handia emango digu, zalantzarik gabe.

Zarauzko eskubaloi zaletuak giltzarri al dira lorpen honetan?
Ligako azken partidan Zilarrezko ligan urrezko afizioa zioen kartel batekin atera ginen  kantxara, garrantzitsuena zaletuak direla nabarmenduz. Haiek gabe ez ginateke inora iritsiko. Orain masiboki joango dira Alcobendasera, eskubaloi gosea baitago herrian. Oso bolada polita bizitzen ari gara.

Finalerdian Benidorm izango duzue aurrez aurre. Irabazteko eta finalera sailkatzeko prest?
Aurten bi aldiz neurtu ditugu indarrak, eta bata galdu eta bestea irabazi egin dugu. Orain berdinketa apurtzeko ordua da. Faboritoak haiek dira, sailkapenean gu­re aurretik geratu direlako eta lehen mailan aritutako hainbat jo­kalari dituztelako. Partida bakarrera izanda, ongi prestatuta eta urduritasunak kontrolatuta, irabazi dezakegula uste dut.

Finalera pasata, Alcobendasi etxean irabaztea sekulakoa izango litzateke, ezta?
Bai, etxekoen aurka finala irabaztea baino hoberik ez dago. Hori litzateke pelikula idealena. Gainera, kontuan izan behar da Barakaldoren aurka ez garela ongi moldatzen; aurten, hiru partida jokatu ditugu elkarren aurka,  bat berdinduz eta beste biak galduz. Dena dela, Alcobendasen eta Barakaldoren arteko lehian, lehenak dira faborito.

Errealistak izanda, posible al da Zarautzek Asobalen jokatzea?
Krisiak bete-betean astindu du eskubaloia, eta jokalari asko beste liga batzutara joan dira eta  atzerritarrak ere gero eta gutxiago daude. Badirudi orain dela harrobi lana egiten dugun elkarteon aukera. Maila gorenera iritsi eta egungo jokalariekin taldea osatu ahal izango genuke, baina ikusi besterik ez dago Bidasoari zer gertatu zaion aurten (maila galdu du), eta hori atzerritar batzuk zituela. Zaila izango da, baina ez ezinezkoa. Lehenengo igoera lortu behar dugu, eta gero gerokoak. Azken finean, bi partida bakarrik dira, eta akats gutxien egiten duena igoko da.

Zarauzko eskubaloi taldea salbuespen bat litzateke, bai zilarrezko mailan bai Asobal ligan, elkarte oso herrikoia delako.
Beti esaten dugu alde batetik eskubaloia dagoela eta bestetik gu gaudela, aparteko burbuilatxo batean, Auzolanean bezala funtzionatzen dugu, esku bat botatzen dugu, beheko taldeetan entrenatzaile gisa arituz eta abar. Aurten, Iruñeako Anaitasuna taldeak utzitako bi jokalari ditugu taldean, baina orokorrean etxeko jokalariekin osatzen gara, beheko taldetik igoz. Beraz, Asobalera igoko bagina talde berezi bat izango ginateke, zentzu horretan.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info