Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Jesus Arana, Zarauztarra TxKE-ko kidea

2014-05-29,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Zazpigarren urtez, Zarautz Hiria VII. Txirrindularitza Egokituko Nazioarteko Kriteriuma jokatuko dute igandean Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak antolatuta. Guztira, 70 txirrindulari inguru espero dituzte, hainbat kategoriatan banatuta. Hauek Lege Zaharren Enparantzatik abiatuko dira 09:30ean modu neutralizatuan, eta behin Nafarroa kalera iristean hasiko da ofizialki lasterketa; hori horrela, Getaria arteko errepidea itxi egingo dute, eta 10:45ean ireki berriz. Zarauztarra elkarteko kide Jesus Aranak (Azpeitia, 1963) kriteriumaren nondik norakoken berri eman dio Sasoian.info-ri
 

Zazpigarren aldiz antolatu duzue Txirrindularitza Egokituko Nazioarteko Kriteriuma. Hasieran egindako apustua sendotuz doala dirudi.

Egia esan, lehenengo aldia nola izan zen eta zer-nolako partaidetza izan genuen kontuan izanda, zazpigarren honetan ikusten ari gara izugarrizko parte-hartzea izango dugula Estatu osotik. Horrez gain, kriteriuma nazioarte mailara iristea lortu dugu, eta datorren urteei begira ziur gaude bultzada izango duela.


Azken urteetan, gainera, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketek bat egin dute Zarauzko Sariarekin. Gainera, Estatutik eta nazioartetik gero eta txirrindulari gehiago hurbiltzen dira. Lasterketak gero eta oihartzun handiago bereganatzen ari dela esan daiteke?

Kriterium honek bi berezitasun ditu. Alde batetik, indartze aldera asteburu osoko egitaraua antolatzen hasi ginen. Beraz, larunbatean Andoainen erlojupeko banakako txapelketa jokatuko da, eta igandean, berriz, errepidekoa Zarautzen. Bestetik, Zarauzko ibilbidea oso berezia da. Kontuan izanda txirrindularitza egokitua dela, aldapa gutxi ditu, eta kirolarientzat aparta da atontzen dugun zirkuitua. Ondorioz, urteak aurrera joan ahala ezagutzera eman da. Une honetan goi mailako txapelketak antolatzeko zirkuitu bat eta antolakuntza bat dugu. Hori horrela, munduko, Espainiako eta Euskadiko txapeldunak izango ditugu lehian. Beraz, kirol egokituko txirrindularitzako punta-puntako ordezkariak izango ditugu.


Probaren bilakaera aintzat hartuta, posible ikusten duzue Espainiako Txapelketa edo halakorik Zarautzera ekartzea?

Espainiako Kopako zirkuituan sartzeko proposamena egin digute aurten. Baina proba ia guztia antolatuta geneukan, eta, gainera, sari ekonomikoei dagokienez exijentzia batzuk finkatzen zizkigutenez, gure aurrekontuarekin ezin genion horri aurre egin. Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartea benetan apustu egiten ari da txirrindularitza egokituaren alde, eta datozen urteetan espero dugu berri onak izatea asteburu honi eta Zarauzko probari buruz.


Aurten ere elkartea ordezkatuta egongo da lasterketan, Arroitaonaindia anaien bitartez.

Hori da, bai. Kriteriuma antolatzen hasi ginen momentuan harremanetan jarri ginen Zarautzen bertan txirrindularitza egokitua egiten zuten pertsonekin; Joxe Anjel eta Josu Arroitaonaindia anaiekin, alegia. Joxe Anjel itsua da eta gidari lanak egiten dizkio Josuk, eta urtero-urtero beren tandemarekin ateratzen dira proban. Zarauztarra elkarteko maillotarekin igandero-igandero ibiltzen dira kostako errepidean bueltaka, beste edozein txirrindulari bezala entrenatzen. Meritu handia dute! Bestalde, oso gertu munduko txapeldunak ere baditugu; adibidez, Usurbilen bizi den Amador Granado. Kriteriumak, era berean, balorean ipini nahi du hemen inguruan ditugun txirrindulariak.


Azken finean, honekin guztiarekin txirrindularitza sustatzea duzue helburu. Muga guztien gainetik, ezta?

Hala da. Zarauztarra elkarteak txirrindularitza eskola bat du, eta beheko mailakoekin egin izan du beti lan; aurten, 23 urtez azpiko taldea ere sortu dugu. Guk txirrindularitza eta bizikleta garraiatzeko tramankulua izateaz harago ulertzen dugu. Kirol osasuntsu bezala zinez egokia da, bai gaztetxoentzat bai adinean aurrera doazenentzat. Eta igandeko probarekin argi geratzen da gaitasun ezberdina duten pertsonek egin dezaketen kirola ere badela.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info