Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Yuri Berchiche, Eibar taldeko futbolaria

2014-06-10,12:00:00

Aritz Mutiozabal-Sasoian.info. Bigarren mailako hamaikako idea­laren barruan sartu dute Yuri Berchiche (Zarautz, 1990), eta ez da harritzekoa. Denboraldi itzela osatu du Eibar taldean, begi bistako  emaitzarekin. Armaginek liga irabazteaz gain, Lehen mailara igotzeko txartela lortu dute.


Nola ari zarete bizitzen une historiko hau? Sinesten hasi al zarete?
Bai eta ez. Jokalariok jakin badakigu lortutakoa sekulakoa izan dela eta bizitzen ari garena une historikoa dela, baina bizpahiru urte barru konturatuko gara benetan lortutakoak duen garrantziaz. Oso pozik nago nire taldekideengatik, baita Eibarko herriagatik eta elkartearengatik ere. Lorpen honi esker askoz ezagunagoa bihurtuko da Eibar, eta hori inportantea izango da datorren denboraldiari begira.


Orain jende guztia ospatzen ari da, baina Liga hasieran inork ez zuen Eibar faboritoen zerrendan kokatzen.
Hala da, bai. Hasieran Bigarren mailari eustea zen guztion helburua. Bigarren B mailatik igo berriak ginen, eta inork ez zuen pentsatu ere egiten hor goian borrokatzeko hautagietako bat izango ginenik. Partidaz partida, ordea, irabazten joan ginen, baita aurkari handien aurka ere; esaterako, Xixongo Sporting edo A Coruñako Deportivo. Erregulartasuna izan da emaitzaren gakoa. Urte osoan bi partida baino ez ditugu galdu jarraian, eta hori ezinbestekoa izan da sailkapenean.


Erregulartasun hori iaztik zenekarten. Bi urtetan Bigarren B mailatik Lehen mailara igotzea ez dute askok lortzen, ezta?
Ez da batere erraza izan. Talde gaztea dugu, eta Lehen mailan jokatzeko gogoz dagoen jokalariak ditugu. Umiltasunarekin eta eguneroko lanarekin lortu dugu balentria. Nik uste dut hori izan dela sekretua. Batak besteari lagundu diogu, eta talde lana agerian geratu da; izan ere, guk ez dugu izarrik taldean. Alde horretatik, oso polita izan da, eta zaila izango da beste behin errepikatzea.


Zuri dagokionez, denboraldi bikaina jokatu duzu. Zuk nola bizi  izan duzu?
Asko dibertitu naiz, egia esan. Entrenatzaileak konfiantza ematen dizunean, askoz hobeto jokatzen duzu eta, bide batez, jokoarekin gozatzen duzu zelaian.  Azken bi denboral­di­ak nire bizitzako onenak izan dira, eta hori guztia, nolabait esateko, entrenatzaileari zor diot. Oso pozik nago Eibar taldean jokatzeko aukera izan dudalako. Alde horretatik, Reala eta Eibar eskertu behar ditut nigan sinesteagatik.


Izatez Realeko jokalaria zara, baina lagata jokatu duzu Eibarren azken bi urteetan. Denboraldiaurrea Realarekin hasiko al duzu?
Printzipioz, bai. Hala ere, oporrak hartu aurretik nire agentearekin hitz egin nahi dut bi taldeek zer pentsatzen duten jakiteko eta ados jartzeko. Nik, batez ere,  jokatu egin nahi dut. Bi urte daramatzat ia partida guztiak jokatzen, eta ez dut datorren denboraldian aulkian geratu nahi. Beraz, bi taldeekin hitz egin, eta gehien komeni zaidana aukeratuko dut.


Reala ala Eibar izan, Lehen mailan jokatuko duzu.
Hori da. Eibarren jarraituz gero, aukera interesgarria izan liteke. Taldekide gehienak jarraitzeko borondatea erakutsi dute, eta talde gaztea izanik, denboraldi polita egin dezakeela iruditzen zait. Mailari eusteko prestatuta gaudela, alegia. Bestela, Realarekin lana gogotik egin beharko dut hamaikakoan postu bat lortzeko. Edonola ere, nire helburu nagusia Lehen mailan jokatzea da.


Zuk duelako bost urte egin zenuen debuta Lehen mailan Valladolidekin, nahiz eta partida bakarra izan. Kostosoa egin al zaizu itzulera?
Bai, ez da bide erraza izan nirea. Baina tira, gauza txarretatik ere gauza onak atera daitezke,. Bigarren aldiz etorri zait trena, eta hori futbolean ez da aise gertatzen. Beraz, aprobetxatu nahi dut. Bi denboraldi bikain egin ditut Eibarren, eta orain helburu berriak zehaztu nahi ditut.


24 urte duzu, baina ibilbide luzekoa: Reala, Athletic, Tottenham, Valladolid, Real Union...Zer gertatu zaizu horrenbeste aldaketa izateko? Egokitzapen arazoak, akaso?
Ez zen halakorik izan. Gaur egun garai batean baino heldutasun maila handiagoa dut. Lehen, beharbada, nire buruari kalte egiten zioten gauzak egiten nituen, baina orain zentratuago nago eta gauzak beste modu batera ikusten ditut Eskarmentu handia dut futbolean, eta gauza onetatik ikasten saiatu naiz. 24 urte baino ez ditut, eta oraintxe bertan gogotsu nago futbolean jarraitzeko eta erronka berriei heltzeko.


Zure momenturik onenean zaude, baina oraindik zure onenak emateko, ezta?
Halaxe da. Gaztea naiz eta oraindik asko dut ikasteko, baita emateko ere. Beraz, gorputzak uzten didan arte dudan guztia emango dut eta futbolaz gozatzen ahaleginduko naiz.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info