Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Pedro Etxeberria, mendi lasterkaria

2014-06-16,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Duela bi urteko Hiru Haundiak mendi probako arantza kendu du Pedro Etxeberriak (Zumaia, 1975), eta bigarren postuan helmugaratu da, bere marka nabarmen hobetuz (11:14:36). Aurreko ekitaldian erretiratu egin zen minez; duela lau urte txapelduna izan zen, ordea. Aurten, Javi Dominguez gasteiztarra izan da nagusi Gorbeia, Anboto eta Aizkorri lotzen dituen 100 kilometroko ibilbidean.

(Argazkiak: Leire Zearreta)

 

Bigarrena izan zara Hiru Haundiak proban. Zer-nolako balorazioa egiten duzu lasterketaz?

Duela lau urte, bi ekitaldi atzera, garaile izan nintzen, baina duela bi urte, azken ekitaldian, erretiratu egin nintzen lesio baten erruz. Egia esan, egiten dudan balorazioa ona da, irabazi nuenean baino 44 minutu gutxiago behar izan baitut ibilbidea osatzeko. Beraz, oso pozik nago egindako lanarekin.


Aurretik proba irabazita zeneukala kontuan izanda, agian batzuentzat zu izango zinen faborito nagusia?

Ez, Javi Dominguez zen hasiera-hasieratik Hiru Haundiak irabazteko faborito nagusia. Pronostiko guztietan bere izena agertzen zen. Hamar lagun geunden podiumera igotzeko borrokan, eta txapeldunordea izatearekin oso gustura nago.


Garaipena borrokatzeko aukerarik izan al zenuen?

Dominguezekin batera 27 kilometro inguru egin nituen, baina Otxandioko anoa gunean jateko geratu nintzen ni eta hark aurrera jarraitu zuen. Harrezkero, lasterketa osoan bigarren postuan izan nintzen. Zentzu horretan, garaipena lortzea oso zaila ikusten nuen. Atera zidan denbora tartea ez zen murrizten ,ezta areagotzen ere, eta, azkenean, erritmoa mantendu nuen.


Ehun kilometro mendiko proba batean gorabehera fisikoak eta psikikoak izan ohi dira. Izan al zenuen une zailik?

Bada, Anboto jaitsitakoan bide zabal batean sartu nintzen eta ez nuen ibilbideko markarik ikusten. Oraindik markatu gabe zegoenez, galduta ibili nintzen eta bost minutu galdu nituen. Gainerakoan, giro nahiko ona izan genuen, apur bat lainotsua; horrek zailtasun pixka bat eman zigun ikurrak ikusterakoan, baina freskotasun aldetik ongi etorri zitzaigun.


Faboritoak faborito, marka gogotik hobetu duzu. Hori ez da hala-nola lortzen. Indartsu ibili al zara proba prestatzen?

Ez bereziki. Urte batzuk badaramatzat halako mendiko lasterketetan, prestatzen eta parte-hartzen. Pixkanaka-pixkanaka kilometroak gehitzen joan naiz eta nik uste dut horren eraginez etorri direla emaitzak.


Hiru Haundiak izan al da denboraldiko zure proba? Horretarako prestatu al zara bereziki?

Hainbat proba zehaztu ditut aurtengo denboraldian, eta Hiru Haundiak horietako bat izan da. Uztailean, adibidez, Goierriko Bi Handiak egiteko asmoa dut. Aurten ultra-traileko lau proba zehaztu nituen egutegian: Apukoa irabazi egin nuen; Euskal Herriko Mendi Erronkan hirugarrena izan nintzen; eta orain, bigarrena izan naiz Hiru Haundiak-en


Beraz, hirutik hiru podium lortu dituzu.

Hori da, bai.


Eta laugarrena Goierriko Bi Handiak. Ez zara animatzen Ehunmilak-ekin?

Oraindik ez, luzetxoegia iruditzen baitzait. Aurrena ongi egin nahi dut Goierriko Bi Handiak, eta gero ikusiko dugu...


Orduan, buru-belarri zabiltza ultra-trailetan?

Badaramatzat urte batzuk honetan. Lesioa dela eta, iaz ezin izan nuen denboraldi txukuna egin, baina aurten fisikoki nahiko ongi nabil eta ea horrela jarraitzeko aukera dudan.


Goierriko probaren ondoren ba al duzu besterik buruan?

Mendiko denboraldia proba horrekin bukatzeko asmoa dut, momentuz. Izan ere, abuztuan Alpeetan txakurkroseko probetan lehiatzekotan naiz. Neguan txakurkrosean aritzen naiz, eta udan ekiten diot prestaketari. Alpeetan, hamar egunetan zortzi proba korrituko ditugu, abuztuaren 2tik 10a bitartean.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info