Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Laura Gomez, Bartzelonako futbol jokalaria

2014-06-26,10:00:00

Aritz Mutiozabal. Bartzelonako emakumezkoen futbol taldeko jokalaria da Laura Gomez (Zarautz, 1983), eta la Puyol bezala ere ezagutzen dute. Fisikoki antza omen dute, batik bat ile kizkurragatik, eta zelaian ere postu berean jokatzen dute. Kasualitatez, Carles Puyolek erretiroa hartu du aurten eta zarauztarrak ere erabaki bera hartu du, baina hark ez bezala, garaipen bikoitza lortuz. Aurrena liga bereganatu zuen, eta ondoren, aurreko asteburuan, kopa. Ate handitik eman dio agurra bere ibilbideari.


Finalekoa partida borrokatua izan zen, baina azkenean kopa irabaztea lortu zenuten.

Oso norgehiagoka estua izan zen. Azken finean, final bat da eta bi taldeek irabazi nahi dute. Horretarako aukerak bi taldeok eduki genituen, baina berdinduta bukatu genuen partida. Luzapenera gu baino nekatuago iritsi ziren Athleticeko jokalariak. Hala ere, guztia eman zuten, eta guk luzapeneko bigarren zatian gola sartu bezain pronto berdindu ziguten. Hortik aurrera, penaltietan erabakiko zela pentsatzen hasi ginen guztiok. Penaltietan zorte kontua gehiago izaten da, eta kasu honetan zortea alde izan genuen.


Zu bigarren zatian zelairatu zinen, baina zure jarduna erabakigarria izan zen garaipena lotzeko; besteak beste, penaltietan gola sartu zenuelako.

Hala da, bai. Taldean erabakitzen dugu nortzuk dauden jaurtitzeko prest, eta nik ziur ikusi nuen nire burua. Jakin banekien gola sartuko nuela, eta horregatik hartu nuen jaurtiketa egiteko erabakia. Une erabakigarria izaten da, eta konfiantzaz egon behar duzu, zure buruaz ziur.


Aurtengo kopa irabaztea iazkoa baino zailagoa izan al da?

Hala izan da, bai. Iaz 4-0eko emaitzarekin irabazi genuen. Aurten, ordea, Ligako lehen bi sailkatuak iritsi gara finalera, eta hori antzeman egin da. Athletic orpoz orpo izan dugu denboraldian zehar, lana gogor egiten, eta, zentzu horretan, bi taldeok nahiko parekatuta ibili gara, finaleko partidan bezalaxe.


Emakumezkoen futbolak gero eta maila handiagoa duen seinale al da hori?

Izan daiteke. Egia esan, gero eta gehiago hitz egiten da emakumezkoon futbolaz.Oihartzun handiagoa duela iruditzen zait. Jakina, tituluak irabazteak ere hori dakar. Aurten, azkenean, Bartzelonaren museoan emakumezkoen txokoa ireki dute. Gizonezkoen lorpenez gain, gureak ere jarri dituzte erakusgai.


Gizonezkoen nolabaiteko gainbeheraren aurrean, emakumezkoak egin duzue goraka Bartzelonan. Zein izan da zuen sekretua?

Eguneroko lanak eramaten zaitu tituluak irabaztera. Guztion indarrak batu eta talde lanean ekinez, hain zuzen ere. Azken hiru urtetan goraka egin du, eta iaz eta aurten dobletea lortu dugu; hau da, liga eta kopa irabazi ditugu. Bloke sendo bat osatu dugu, eta zelaia ongi funtzionatzen ari gara.


Eta zuek ere tiki-taka edo Masiako jokamolde entzutetsua jokatzen al duzue?

Horretan saiatzen gara, bai. Etxeko jokatzeko modua da, eta horrela jokatzen irakasten dizute Bartzelonara iritsi bezain pronto. Ahal den neurrian futbol eredu hori egiten saiatzen gara. Izan ere, aurkariek jada badakite nola jokatzen dugun, eta batzuetan aldatu egin behar izaten dugu. Momentuz, funtzionatzen digu.


Duela sei iritsi ziren Bartzelonara. Beraz, taldeak erdietsi dituen lorpen handi horiek guztiak zuk zeuk ere lortu dituzu, ezta?

Bai, halaxe da. Aurtengoa nire seigarren denboraldia izan da, eta, egia esan, hasieran ez genuen ezer lortzen, baina lan eginez eta denborarekin handia izan da lortu duguna (hiru liga eta hiru kopa). Realean jokatzen nuenean helburuak bestelakoak izan ten ziren: koparako sailkatu, mailari eutsi eta halakoak. Bartzelonak, aitzitik, tituluetan jartzen du mira.


Azken bi urteetan Txapeldunen Liga jokatu duzue. Zer moduz aritu zarete?

Iaz estrenakoz jokatu genuen, eta aurten ere lehiatu gara. Final-laurdenetan kanporatu gintuzten. Aurten ligako txapeldun izanda, datorren denboraldian ere bertan izango gara.


Hori al da zuen garaipen zerrendan falta zaizuen garaikurra?

Bai, hori da faltan zaiguna. Edonola ere, ez da erraza. Ezberdintasun handia dago Europako eta Espainiako futbolaren artean. Beste herrialdetako taldeak askoz ere prestatuago daude, eta apustu sendoagoa egiten dute emakumezkoen taldeengandik. Olympique, Arsenal, Postdam eta Wolsburgo bezalako taldeak, esaterako, oso indartsuak dira.


Posible ikusten duzu datorren denboraldian Txapeldunen Liga irabaztea?

Ez dakit... Taldeak eskarmentu handiagoa du, eta urtero egiten dira fitxaketa berriak multzoa indartzeko. Helburua da ahalik eta urrutien iristea. Aurten, final-laurdenetara iritsi gara, eta aurrerantzean lana gogotik egin beharko da eta ea posible den.


Hasierako hamaikakoan jokatzen duen horietakoa zara...

Aurten gutxiago jokatu dut hasieratik. Nire topera iritsi naizela ikus dut, eta aurtengoa nire azken denboraldia izan da.


Beraz, futbola utziko duzu?

Bai, hala da. Ez da erabaki zaila izan. Azkenean, une honek lehenago edo geroago iritsi egin behar zuen, eta nik jada 31 urte ditut. Garaiz erretiratzea egokiagoa dela iruditzen zait, eta are gehiago bi titulu irabazita eta azken partidan gola sartuta. Zapore onarekin utzi nahi izan dut futbola.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info