Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Irakoitz Etxeberria, Orioko patroia

2014-07-01,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Itsaso zakarrari aurre eginez, San Miguel Ligako lehen bandera erdietsi zuen Oriok Bartzelonako uretan. Erakustaldi bikaina eman zuten oriotarrek, Irakoitz Etxeberria (Orio, 1976) patroiaren gidaritzapean.


Ligako lehen bandera etxera. Garaipen handia izango da hori Oriorentzat, ezta?
Bai, handia izan da. Eguna nola jarri zen ikusita oraindik ere handiagoa. Izan ere, lehen estropada zen eta urduritasun handiak genituen. Gainera, itsasoa nola jarri zen ikusita, are eta urditasun gehiago jarri zitzaigun. Beraz, oso gustura gaude emaitzarekin.


Estropada benetan konplikatua jokatu zenuten, haizea eta olatuak medio. Zure lana, patroiaren lana, gakoa izan al zen?
Bien lana izan zen gakoa, patroiaren eta arraunlariena. Taldeak ez badu laguntzen patroiak nekez eramango du ontzia, eta alderantziz. Kasu honetan, patroiaren lana handia izan zen. Olatuak ikaragarri kolpatzen zuen istriborrean, eta horri eustea ez da batere erraza. Indar handia egin behar da, eta uneoro aurrea hartu behar dtiozu olatuari. Estropada konplikatu samarra izan bazen ere, nik ikaragarri gozatu nuen.


Horrelako estropadetan ikusten da traineru baten potentziala. Zuek hori erakusteaz gain, bigarrenari –Urdaibiari– 32 segundoko aldea atera zenioten. Espero al zenuten halakorik?
Arraunean bete-betean asmatu genuen. Lau luzeetan Urdaibaik baino denbora hobea egin genuen, alde batera zein bestera; hau da, haizearen alde eta kontra. Hori oso erreferentzia ona da guretzat. Guk gure buruari erakutsi genion estropada kontrolatzeko gai garela. Irten eta berehala, haizea alde genuela, hirugarren jarri ginen, baina bagenekien ziaboga hartutakoan haizea kontra izango genuela eta gauzak asko zaildu zirela guztiontzat. Beraz, buelta eman eta bigarren luzeari heldu genionean indarrez ari ginela ikusi genuen, eta pixkanaka-pixkanaka estropada hausten ari ginela. Une horretan, gu geu ere gora etorri ginen eta sekulako erakustaldia eskaini genuen.


Oraindik lehen estropada da, baina  aurtengo liga irabazteko faboritoak zaretela esan al daiteke?
Hala garela esaten dute. Oso talde ona dugula onartu behar dugu. Aurreko urteetan oso zaila zitzaigun lehen mailako 18-19 arraunlari edukitzea, baina  aurten iazko blokea mantendu dugu eta hiruzpalau arraunlari berrirekin indartu gara. Oso talde sendoa osatu dugu. Iazko arraunketari eutsi diogu eta lan taldea buru-belarri dago. Iaz baino azkarrago gabiltza eta saiatuko gara banderak irabaziz ligako borrokan sartzen.


Eta Bartzelonako erakustaldia berresteko, asteburu honetan Galizian hitzordu bikoitza izango duzue.
Etzi gozatu egin genuen Bartzelonako banderarekin, atzo atsedena hartu, eta gaur jada topera hasiko gara entrenatzen, Galiziako bi estropadetan pentsatzen.Konplikatuak izango dira: haizea dezente izaten da han eta estropada eremuak ere zailak dira. Oraindik larunbat-igande dinamikara ohitu gabe gaude, gainera. Beraz, urduritasunak izango ditugu berriro ere. Baina une onean gaude, eta burua ere lasai dugu. Konfiantzaz gaude, eta dakiguna erakusten badugu gauzak zail jarriko dizkiegu ganerako traineruei.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info