Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Haimar Zubeldia, txirrindularia

2014-07-04,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Txirrindularitzaren festa nagusia bihar hasiko da Ingalaterran. Frantziako Tourreko lehen hiru etapak irlan bertan jokatuko dituzte, eta bertan harrapatu du Sasoian.info-k Zarauzko bizilagun Haimar Zubeldia (Usurbil, 1977). Aurtengoa, Tourrean parte hartuko duen hamahirugarren aldia izango du, eta oraingoan Trek Factory Racing taldeko buru bezala egingo du. Frank Schleck taldekideearekin batera hartuko du taldearen gidaritza.

 

Aurtengoa hamahirugarren Frantziako Tourra duzu. Ez dira asko izango horrenbeste aldiz korritu dutenak. Esanahi berezirik ba al du zuretzat marka horrek?
Tour guztiak dira ezberdinak, eta ilusioz hartzen ditut guztiak. Nik uste dut hori dela hainbeste urtez mundu honetan jarraitzeko bidea. Hamahirugarrena izateak niretzat ez du garrantzia berezirik, baina zerbait ondo egin dugun seinale da. Gainera, Trek Factory Racing bezalako bederatzikoaren parte izatea niretzat bada zerbait.

 

Aspaldiko partez, gainera, taldeko buru ariko zara, Frank Schleckekin batera. Sasoiko zauden seinale izango da, ezta?
Ondo aurkitzen naiz. Prestaketa lanak nik nahi bezala joan dira, eta nire ustez ondo ailegatu naiz Tourreko hasiera honetara. Taldeak ere badu konfiantza nigan, eta horrek motibatu egiten nau. Gaur egun prestaketan dena oso neurtuta eramaten dugu, eta prestatzailearen esanetan datuak onak dira. Hori bai, hori dena errepidean erakutsi behar da.

 

Euskaltel-Euskadiren garaitik ez zenuen taldeko ardura izan. Bigarren aukera bat al da zuretzat?
Jakin badakit zein den nire lekua talde honetan. Lider izateak edo ez izateak ez dit lorik kentzen. Duela bi urte ere lider izan gabe atera nintzen, eta gero egoera ezberdinak tarteko ardura hori hartu nuen. Aukerak aurkezten direnean horiek aprobetxatzen jakitean dago gakoa.

 

Sailkapeneko lehen hamar postuetan bukatzea duzu helburu, orain arte lau bider lortu duzuna. Podiumera igotzea hitz potoloegiak al dira?
Nik uste dut baietz, inoiz ez baitut helburu hori lortu. Lasterketak oso alde jarri beharko luke niretzat. Amestea ez dago gaizki, baino hobe da errealista izatea. Tourra hasi eta egunak pasa ahala helburuak finkatzen joatea gustatzen zait.

 

Trek taldean txirrindulari multzo lehiakorra osatu duzue, izen handiekin. Zein da taldearen helburua?
Taldearen helburua kideetako bat sailkapeneko lehen hamarretan sartzea da. Baita etapa bat irabaztea ere. Sailkapen nagusiari begira, Frank Schleck eta biok ariko gara. Beste taldekideak etapa ehizean ibiliko dira. Horretarako talde orekatua dugu, Cancellara, Voigt eta gainerakoekin.

 

Alboan, Markel Irizar laguna izango duzu bidaide. Zer ekarpen egiten dizu? Zer da zuretzako haren presentzia lasterketetan?
Markel lagun handia dut, baita gelakidea ere. Oso ondo ezagutzen gara elkar, eta, askotan, begiratu hutsarekin elkar ulertzen gara. Ni berez lasaia naiz, hitz gutxikoa. Markel, aldiz, guztiz alderantzizkoa. Hitz egitea gustuko du. Elkarrekin ongi moldatzen gara. Gainera, lasterketan besteengatik %110 ematen du.

 

Aurtengo Tourrak hutsune handia izango du, Euskaltel-Euskadiren faltarekin, ezta?
Dudarik gabe. Faltan botako dugu euskaldunok. Agian. orain konturatuko gara zein handia zen euskal talde bat txirrindularitzako goi maila edukitzea.

 

Zuk bertan eman zenuen jauzia profesionaletara, eta hamar urtez aritu zinen haiekin. Ondoren, Astana eta RadioShack etorri ziren, eta orain Trek Factory Racing. Ibilbide luzea daramazu txirrindularitzan, maila altuan. Eskarmentutik ere asko ikasi duzula dirudi?
Bai, halaxe da. Urteek ematen dute esperientzia., eta 1998an profesionaletara pasa zen gazte hartatik ezer gutxi geratzen da egun. Gauza asko bizitu ditut urte hauetan guztietan. Nolanahi ere, berriro ere dena errepikatuko nuke. Ondo pasatu dut, zalantzarik gabe!

 

37 urte dituzu, eta beste urtebeterako kontratua duzu Trek taldearekin. Hamalau Tour jokatu ondoren bukatuko al da zure ibilbidea?
Nik neuk ere ez dakit hori. 2015 bukaeran ikusiko dugu. Momentuz ondo aurkitzen naiz, ez baitut nabaritu beherakada handirik nire fisikoan. Beste gauza bat izango da jarraitu ahal izateko aukerarik izango dudan. Gaur egun txirrindularitzan ere gero eta aukera gutxiago dago. Bertan gabiltzanok pribilegiatu batzuk gara.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info