Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Gorka Etxeberria, Getariako entrenatzailea eta arraunlaria

2014-07-14,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Bigarren denboraldia du Gorka Etxeberriak (Orio, 1977) Getariako traineruko entrenatzaile bezala. Aurten hasiera bikaina eman diote ligari: lehen hiru probetan bigarrenak izan ondoren, laugarrenean garaipena lortu dute. Larunbatean izan zen, Donostiarra-Kaiarriba Bandera altxatuz.


Azkenean bandera lortu duzue...
Jada irabazteko gogoa geneukan, eta azkenean etorri da eguna. Oso estropada borrokatua izan genuen Zumaiarekin, beti bezala; aurtengo estropada guztiak horrelakoak izango direla iruditzen zait. Alde txikiagatik izan bazen ere, oraingoan gu nagusitu ginen.


Aurreko asteetan zuek jartzen zineten buru eta Zumaiak hartzen zizueten aurre azken luzeetan. Oraingo honetan alderantzizkoa gertatu da.
Hala izan zen, bai. Itsaso irekian aritu ginen olatuekin, eta lehen luzeetan alde egin ziguten aurkariek, baina estropadak aurrera egin ahala, gero eta erosoago sentitu ginen. Poparean ere ongi moldatu ginen, eta pixka bat hori izan zen gakoa.


Garaipena ezin zitzaizuela ihes egin pentsatuko zenuten, ezta?
Bai... Tira, hori esaten dugu beti. Gero, ahaleginak egiten ditugu hala izan dadin, baina, egia esan, pixka bat erretxinduta geunden gai horrekin. Ez genuen errepikatzerik nahi; hau da, buru joan eta azken unean aurkariak pasatzea.


Oro har, oso denboraldi hasiera erregularra bezain ona egin duzue. Espero zenuten halakorik?
Denboraldiaurrean ongi ibili ga­ra, eta liga hasi aurreko estropadak erreferentzia inportanteak izaten dira, ondoren zer izan daiteken jakiteko. Iaz ere denboraldiaurre txukuna egin genuen, baina liga hasi ginenean konturatu ginen gainerako taldeak ere ongi prestatu zirela. Niretzako, hasiera batean, Lekittarra da ligako faborito nagusia, nahiz eta azken probetan gauzak ez zaizkien nahi bezala atera. Iruditzen zait lanak emango dizkigutela, baita Ondarroak ere.


Sailkapenean Zumaiarekin batera zaudete buru, 45 punturekin. Bien artean egongo da lehen postua?
Ikusiko dugu. Estropadaz estropada pentsatzen dugu, eta aurrerantzean ere hala jarraituko du­gu. Nolanahi ere, iruditzen zaigu denboraldia gisa horretan joango dela, bi taldeak antzeko maila baitugu. Diferentzia gutxitara ariko gara liga osoan, bai gu biok bai Lekittarra, Ondarroa eta beste traineruren bat ere.

Lehenengo bi sailkatuek lortzen dute igoera kanporaketa jokatzeko txartela.
Hori da, baina onena horretan gehiegi ez pentsatzea da. Pixkanaka-pixkanaka joatea komeni da, eta ahal den neurrian estropadak irabazi eta sailkapenean hor goian egotea. Aurtengo denboraldiko gakoa hutsik ez egitea da.

Asteburuko jardunaldia baino lehen beste hitzordu bat izango duzue: Gipuzkoako Txapelketa Zumaian, asteazkenean. Itxaropenik ba al duzue ala zail ikusten duzue TKEko traineruekin?
Normalena, Orio, Hondarribia eta Pasaiako bi ontziak (San Juan eta San Pedro) garaipena lortzeko borrokan aritzea. Beste txandan bestelako lehia izango dugu guk, Zumaiarekin, Donostiarekin eta Trintxerperekin, baina ez da aurtengo gure helburuetako bat. Nik uste dut gehiago egongo garela liga buruan dugula.

 

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info