Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Iñaki Osa Goikoetxea, zesta-punta jokalaria

2014-07-23,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Torneoz torneo dabil Iñaki Osa Goikoetxea (Zumaia, 1980) puntista. Halaxe aritzen da uda partean, Miamitik Euskal Herrira itzultzen denean. Aurten, Euskal Pilota Federazioaren egitasmoarekin bat egin du, beste hainbat pilotarirekin batera, eta federazioak antolatutako zirkuitua jokatzen ari da. Larunbat honetan zirkuituko bigarren txapelketako finala jokatuko du Mutrikuko Miruaitz frontoian, Manex Urtasun lagun duela, Hormaetxea-Irastorzaren aurka.


Udako hirugarren finala jokatuko duzu larunbatean Mutrikun. Aurreko bietan, Donibane Lohitzunen eta Markinan, galdu egin zenuen. Hirugarrengoan asmatzeko prest?

Beno, hori ez dago jakiterik. Finala partida bakar batera izanda, edozer gertatu daiteke. Momentuz, gogotsu joango gara jokatzera. Ahalik eta erakustaldi politena eskaini eta ikuslea gustura uztea da gure helburua. Ondoren, garaipena lortzen badugu, bada, askoz hobeto.


Aurreko bi finaletan Imanol Lopez herrikidea izan zenuen aurkari. Oraingoan, Hormaetxeak eta Irastorzak osatutako bikoa.

Hormaetxeak maila ona eman zuen Markinako finalean, eta jakin badakigu Irastorzak zer-nolako jokoa duen. Hori guztia kontuan izanda, izerdia gogotik bota beharko dugu kantxan emaitza on bat lortu nahi badugu.


Aukeran, nahiago al zenuen Lopezen aurka jokatu eta arantza kendu?

Ez, ez dut halako sentipenik. Hemen garrantzitsuena finaletara iristea da, eta behin iritsitakoan ahalik eta emaitzarik onena lortzea. Beti izaten da polita txapela janztea, baina heltzea bakarrik ere ez da gutxi. Lan asko egin behar izaten da aurreko partidetan, finalerdietan, eta, egia esan, oso gustura nago finalera sailkatu naizelako.


Baina, agian, zaletuek Lopezen aurka ikus nahi zituzten berriro ere? Azken finean, zuek biok zarete une honetan munduko espezialistarik onenetakoak, ezta?

Zaletuek zer nahi duten ezingo nizuke erantzun. Egia da Lopez oso une onean dagoela eta hari partida bat irabaztea benetan zaila dela, oso ongi moldatzen baita kantxan. Hala eta guztiz ere, ezin dugu ahaztu Irastorzak ere maila handia duela. Nahiz eta beterano samarra izan, kontuz lehiatu behar da haren aurka.


Orduan, finala parekatua izango dela aurreikusten al duzu?

Haiek faborito bezala aterako direla iruditzen zait. Irastorzaren bermeaz gain, Hormaetxea oso indartsu ikusi dudalako batez ere. Guk dugun guztia ematen saiatuko gara, eta zorte pixka bat eduki beharko dugu garaipena eskuratzeko.


Beste final batera ere iritsi zara, Pauko torneokora. Kasu honetan, Lopezekin berarekin bikotea osatuz.

Abuztuaren 1ean jokatuko dugu finala. Oraindik ez dakigu nortzuk izango ditugun aurkari, bigarren finalerdia ostiral honetan jokatuko dutelako. Finalerdi horretako faborito nagusiak Beaskoetxea eta Irastorza dira, baina Olharan eta Alliez bertakoak izanda, harmailak haien alde ariko dira. Norgehiagoka interesgarria izango da, baina finalean Irastorza-Beaskoetxearen aurka ariko garela iruditzen zait.


Aurtengo udan Euskal Herrian jokatzen ari zareten hainbat txapelketa Euskal Pilota Federakuntza zirkuituaren baitakoak dira: Markina, Mutriku eta Donostikoa, alegia.

Hala da, bai. Euskal Pilota Federakuntzak proiektu bat jarri du abian datorren urteari begira, eta orain jokatzen ari garen txapelketen zirkuitu hau horren atarikoa da, horren aurrerapen moduko bat. Momentuz, oso gogor ari dira lanean, eta espero dugu aurtengo egitasmoa bultzada txiki bat izatea, proiektua bera sendotzen joan dadin. Markinan aurreko astean jokatu genuen; Mutrikun larunbatean bukatuko da, finalarekin; eta, jarraian, Donostiakoari ekingo diogu.


AEBetan jokatzen duzuen hainbat puntista proiektu horren alde agertu zarete, zirkuituan parte hartuz. Beste batzuk, aitzitik, Munduko Txapelketen zirkuituan dabiltza.

Euskal Pilota Federakuntzak proiektu serio eta argi bat aurrera ateratzeko borondatea erakutsi digu. Bere asmoa zesta-punta jokalari guztiak elkartu eta zirkuitu honetan parte-hartzea da, eta hartara txapelketak behar bezala jokatuko dira. Aurreko urteetan nahasi samarrak izan dira, bi enpresa izan baitira eta bakoitzak bere munduko txapelketa antolatzen baitzuen. Publikoarentzat, telebistarentzat eta edozeinentzat nahasgarri samarrak ziren, antzeko izena erabiltzen zutelako. Hori guztia saiheste aldera, Euskal Pilota Federakuntza egitasmo bateratu bat prestatzen ari da; aurten, oraingoz, bitan banatuta dago. Nik hasieratik egin nuen bat federazioarekin, gauzak interesgarriak egiteko prest zaudela konturatu nintzelako, baina ez nigatik bakarrik, baizik eta zesta-puntaren etorkizunagatik.


Txapelketak uztailean jokatzen ari zarete. Abuztuan izango al du jarraipenik?

Federazioa zerbait antolatzekotan da, baina ni ez naiz izango. Abuztuaren 2-3an Miamira itzuliko naiz, eta jada hango denboraldiari ekingo diot.


Aurreko denboraldia zer moduz joan zaizu eta zer espero duzu hastear denaz?

Urte txukuna izan da, eta emaitza onak lortu ditut. Miamiko denboraldiko sailkapen orokorrean bigarrena izan nintzen, Lopezen atzetik; banakakoan, berriz, ni izan nintzen garaile, baita bikoteka ere, ni aurrelari gisa eta Lopez atzelari moduan. Denboraldi berria abuztuaren 3an hasiko da, eta nahiko luzea izango da, bost hilabete ingurukoa. Egunero jokatu beharko dugunez, ea lesioak portatzen zaizkigun, urtea kantxa barruan pasatzeko.


Zuk jada 34 urte dituzu, eta beteranoetako bat zara frontoietan. Etorkizunera begira zer aurreikuspen dituzu?

Jokatzen jarraitzeko asmoa dut. Oso ongi sentitzen naiz, baina ez dakit aurrera begira lesioek eragozpenik jarriko ote dizkidaten. Sasoiko nagoen bitartean jokatzen jarraituko dut, eta momentua iristen denean erabakiko dut zer egin.



Loeweko iragarki batean

Iñaki Osa Goikoetxeak Loewe moda etxearen lurrin bateko iragarkian hartu du parte, beste zenbait kirolarirekin batera: Jordi Bargalló hockey patinatzailea, Arturo Gracia arku-tiratzailea eta Javier Hernanz piraguista. Bestelako esperientzia bat, kantxatik kanpora.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa © Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info