Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Imanol Garmendia, arraunlaria

2014-07-30,10:00:00

Aritz Mutiozabal. Orioko Arraunketa Elkarteko kide Ander Zabala santurtziarra eta Imanol Garmendia donostiarra munduko txapeldun izan dira 23 urtez azpiko mailan, pisu arineko lemazain gabeko lauko ontzian, Espainiako selekzioarekin. Imanol Garmendiak (Donostia, 1992) zazpi urte daramatza Orioko klubarekin arraun egiten, eta oso gustura agertu da nazioarteko lorpenarekin. Gaur arratsaldean ongietorria egingo die Orioko Udalak eta Orioko Arraunketa Elkarteak herriko plazan, 19:00etan. “Egingo diguten lehen harrera izango da. Zortzikoarekin Espainiako txapeldunorde izan ginen eta ia-ia egin ziguten, baina gaurkoa izango da gure lehena”.


Irabazteko helburuarekin joan zineten, eta halaxe izan da. Hasiera-hasieratik argi eta garbi zeneukaten!

Urte osoa daramagu entrenatzen, eta denboraldian zehar egindako denborak onak izan dira. Hori kontuan izanda, jakin bagenekien garaipena lortzeko aukerak bageneuzkala, eta lortu ezean oso-oso gertu geratuko ginela.


Ezustekoa izan al da aurkariei nagusitasunez gailentzea, bai sailkapen estropadan bai finalean?

Alde horretatik ezustea jaso dugu, bai. Gure estropadak normalean oso estuak izaten dira, segundo baten buruan hiruzpalau ontzi helmugaratzen baitira. Bigarren, hirugarren eta laugarren postuak halaxe erabaki ziren, gainera. Guk, ordea, hiru segundoko aldearekin irabazi genuen, eta horren errenta handiarekin irabaztea ez da batere ohikoa.


Uneoro agindu zenuten, hasierako metroetatik bukaeraraino. Alde horretatik, gainerako herrialdeetako ordezkariek baino maila hobe al duzue?

Normalean, Espainiako selekzioak ez ditu oso emaitza onak ateratzen aulki mugikorrean nazioarteko probetan. Iaz domina bat lortu zuten biko ontzian, brontzezkoa, eta aurten ere domina bakarra lortu dugu. Kasu honetan, pisu arinean nahiko talde ona osatu dugu eta urrea eskuratu dugu. Hala eta guztiz ere, Espainia ez da lehen potentzia arraun munduan aulki mugikorrean.


Etorkizun handiko laukotea osatzen duzuela esan nahi al du horrek?

Urtebete daramagu lauok batera prestatzen, eta denbora tarte luzea ez da. Beraz, aurrerantzean batera entrenatzen jarraitzen badugu edo selekzioak jarraipena ematen badigu, zerbait lor dezakegula iruditzen zait, dela datozen Olinpiar Jokoetan dela hurrengokoetan.


Jokatu berri duzuen Munduko txapelketa 23 urtez azpikoena izan da, baina garaipen hau erakusleiho ona izango da talde absolutura jauzi egiteko eta azaldu duzun bezala Rioko Jokoetarako, ezta?

Datorren urtean absolutu mailara jauzi egingo dugu, eta aurrerantzean horretarako prestatuko gara. Lehenik eta behin absolutuen ontzian sartu beharko dugu. Nahiko osatuta dago, eta zaila izango da, baina horretan saiatuko gara.


Laukote irabazleko bi zarete Orioko arraun elkarteko kideak. Lorpen handia klubarentzat, zalantzarik gabe.

Ander aurten etorri da klubera, baina nik ia-ia betidanik nabil Orion. Duela zazpi urtetik nabil bertan, nahiz eta Ur Kirolak elkartean hasi nintzen arraun egiten. Pentsatzen dugu Orioko klubari ilusio handia egingo ziola gure garaipenak, haientzako ere oso emaitza ona delako. Azken finean, aulki mugikorrean orain arte egindako lana erakutsi ahal izan dugu, bai zortzikoarekin bai orain Munduko Txapelketan.


Munduko Txapelketarekin bukatutzat jo duzue denboraldia ala baduzue beste hitzordurik?

Bada, nolabait esateko, zain gaude. Espainiako hautatzaileek absolutuen mailako Munduko Txapelketara eramango ote gaituen erabakiaren zain gaude Ander eta biok. Edonola ere, oraindik ez dakigu ezer garbirik. Datorren astean esango digute joango garen ala ez. Momentuz, aste hau atseden hartzeko aprobetxatuko dugu. Hautatuz gero, Amsterdamen (Herbehereak) lehiatuko ginateke abuztuaren azken astik irailaren lehen astea bitartean.


Horrek, behintzat, hautatzaileen konfiantza baduzuela esan nahiko du, ezta? Batik bat, datorren urtean absolutura jauzi egiteko.

Pentsatzen dugu selekzioko taldean jarraituko dugula, hautatzaileek gustura baitaude gure lanarekin, eta lortutako emaitzak ere berme baitira. Jarraipena izango dugula iruditzen zaigu, lauko ontzian ez bada bikoan edo beste modalitate batean.


Eta Orioko arraunlari izanda, trainerura jauzi egitea ezinbesteko pausoa al da zuentzat?

Anderrek eta biok horretaz hitz egin izan dugu, eta etorkizunera begira, egia esan, nahiko genuke jauzi hori eman. Niri dagokidanez, asko gustatuko litzaidake Orioko traineruan arraun egitea. Betidanik jarraitu ditut estropadak, Kontxako Bandera eta Orioko trainerua hor goian, eta nahiko nuke biharko egunean elastiko horiarekin arraun egitea. Momentuz, ordea, aulki mugikorrean nabil buru-belarri.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info