Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Kauldi Odriozola, eskubaloi jokalaria

2014-09-02,10:00:00

Baleike.com. Sari bikoitza ekarri du Kauldi Odriozolak (Zumaia, 1997) Poloniako Europako Txapelketatik: Espainiako selekzioarekin lortutako brontzezko domina eta txapelketako eskuin hegaleko onenaren izendapena. «Gogorra izan da ia uda osoa hondartzatik urrun egotea. Pontevedrako (Galizia) entrenamenduetan egunero gogoratzen nintzen Itzurunekin. Lagunek ere mezuak bidaltzen zizkidaten… Baina merezi izan du. Asko ikasi dut, jendea ezagutu dut, eta gainera, emaitza oso ona izan da».

 

Europako Txapelketara joan aurretik esan zenuen horrelako aukerak gutxi izaten direla bizitzan, eta aprobetxatu nahi zenuela. Esan eta egin.
Oso gustura nago egindakoarekin. Esfortzu handia izan da. Bi hilabete buru-belarri eskubaloiari emanda, uda ezin gozatu, goiz eta arratsalde entrenatzen… Egun asko izan dira kanpoan, baina behintzat sariarekin etorri naiz.

Gainera, minutu asko jokatzeko aukera izan zenuen. Joan aurretik halakorik espero al zenuen?
Ez nuen pentsatzen hainbeste jokatzeko aukera izango nuenik. Bigarren eskuin hegaleko bezala joan nintzen. Titularra Gerard Carmona zen, izen handiko jokalaria, Bartzelonakoa. Lehen partidan bera atera zen jokatzera. Lehen zatian nik zortzi minutu inguru izan nituen. Baina bigarren zatiaren hasieran Carmonak min hartu zuen belaunean, eta handik aurrera nik jokatu nuen. Gol erabakigarria sartu nuen, gainera: 25-24 gindoazen Danimarkaren aurka eta 26.a egin nuen nik. Bigatik irabazi genuen, 27-25.

Eta handik aurrera zeurea izan zen postua.
Carmonaren lekua betetzeko Bartzelonako Aleix Gomez deitu zuten. Nik pentsatu nuen hura jarriko zutela titular, zaharragoekin jokatu duelako, baina neuk jarraitu nuen eskuin hegalean jokatzen. Oso pozik nago hauta-
tzaileak nigan erakutsitako konfiantzarekin, eta uste dut ondo erantzun dudala.

Lehen bi faseetan partida guztiak irabazita iritsi zineten finalaurrekora. Zer gertatu zen Frantziaren aurka?
Guk pentsatzen genuen haiei irabazteko gai ginela. Bideoak ikusita, eta geneuzkan erreferentziengatik, partida aurrera aterako genuela sinesten genuen. Gero, egia da Frantziako jokalariak banaka hartuta oso onak direla. Jackson Richardsonen semea dago, tartean. Baina partida oker hasi zen guretzat. Defentsa aurreratua egin ziguten eta ez genuen asmatzen. Bost goleko aldea atera ziguten. Orduan hautatzaileak erabaki zuen erasoan aldaketak egitea.

Eta Aleix eta zu jarri zintuzten lehen lerroan.
Bai, defentsa aurreratuak hausteko gaitasuna daukagulako. Partida erabat aldatu zen. Bion arten hamar gol sartu genituen –bosna– eta partidari buelta eman genion. Amaiera arte oso orekatua joan zen partida eta azkenean, zoritxarrez, beraiek irabazi zuten. Baina oso lan ona egin genuen lehen lerroan. Niri beti esan didate txikiegia naizela lateral jokatzeko, Espainiako selekzioko konzentrazioetan, beti bidali naute hegalera, baina Polonian Aleixek eta biok erakutsi genuen zenbait egoeratan lan handia egin dezakegula lehen lerroan.

Urreak ihes egin zizuen baina brontzezko domina ere sari handia da.
Finalaurrekoa galtzea kolpe handia izan zen guretzat. Aleix eta biok ondo moldatu ginen, baina taldeak orokorrean txapelketako partidarik eskasena egin zuen. Ez genuen gogo handirik Danimarkaren kontra brontzea lehiatzeko. Baina partida borobila atera zitzaigun. Lehen zatian hamar goleko aldea lortu genuen, defentsan bikain eta kontraerasoan bizi. Azkenean, brontzearekin, pozik bueltatu gara etxera.

Ez da ekarri duzun sari bakarra. Eskuin hegaleko onena izendatu zintuzten. Hori ikaragarria da.
Partidatik irten eta bazkaltzera joateko zain geundela, entrenatzailea etorri zitzaidan, paper batekin. «Best right wing, Kauldi Odriozola, Pulpo K.E.» irakurri nuen, txapelketako onenen zerrendan. Hasieran ez nuen sinesten. Ez nuen halakorik espero, ordezko modura joan eta txapelketako onenen artean amaitu.  Bazkaldu ondoren finala ikustera joan ginen eta gero hasi zen sari banaketa. Erdian alfonbra gorri bat jarri zuten. Argi guztiak itzali eta saridunen izenak esaten hasi ziren, banaka. Nire txanda iritsi zenean han atera nintzen, argi borobil baten erdian… Aldamenean Frantziako pibotea neukan, sekulako mutil puska. Finalaurrekoan muturreko ederra eman zidan eta zorabiatuta utzi ninduen…

Zeure burua ezagutzera eman duzu Europan ere. Agian ate berriak zabalduko dizkizu…
Uda honetan Ademar eta Bidasoa jarri ziren harremanetan txapelketaren aurretik. Txapelketaren ondoren ez dakit norbaitek deituko duen, baina berdin zait. Nik aurten batxilergoa amaitu nahi dut eta Pulpon oso gustura nago. Datorren urtean, unibertsitateko ikasketekin, ikusiko dugu. Eskubaloian diru askorik ez dago eta ezin da ilusio handirik egin. Sari hau emanagatik ez naiz aldatu. Lehengo jokalaria naiz. Nire lehentasuna ikasketak dira orain. Datorren urtean Munduko Txapelketa jokatu da, eta, han izateko aukera badut, ahalik eta gehien gozatzen saiatuko naiz. Eta ondoren ikusiko dugu. Nik ingeniaritza elektronikoa ikasi nahi dut. Donostian badago. Oraingoz Zumaian ondo nago. Lagunekin jokatzen dut eskubaloian, eta gehien hala gozatzen dela uste dut. Aurrerago, gustatuko litzaidake jokalari profesionala izatea.

Ia bi hilabetez etxetik kanpo egon ondoren, zer egin zenuen etxera iritsitakoan?
Astelehen gauean iritsi nintzen etxera [joan den astean], 17 ordu inguruko bidaia egin ondoren. Gaueko 00:30ean sartu nintzen ohera. Baina biharamunean zortzietarako jaiki eta lehenengo gauza hondartzara, olatuak hartzera joatea izan zen. Eta gero bazkaria familiarekin. Amari esan nion nazkatuta nengoela egunero pasta eta oilaskoa jateaz, eta zerbait berezia jartzeko, ospatzeko. Anaia ere kanpoan ibili da eta uda osoan ia ez gara elkarrekin egon. Bazkari ederra egin genuen: abakandoa, ganbak eta azpizuna. Eta gero, entrenatzera…

Entrenatzera? Poloniatik bueltatu eta hurrengo egunean, bapo bazkaldu ondoren?
Asper-asper eginda nengoen… Taldeko lagunei kasu egin… eta, gainera, hemen gozatu egiten duzu eskubaloiarekin. Espainiako selekzioan, berriz, presioa izugarria izan da. Beti irabazi behar da. Europako aurreko zazpi txapelketetan finalaurrekoetara sailkatu zirela gogorarazten ziguten. Hori ez lortzea porrota zen. Partida bezperatik urduri jartzen ginen ardura horrekin. Nik neuk ere urduritasun handia pasa dut, jateko gogo handirik gabe egon naiz. Gero, behin partidak hasten zirenean, dena ahazten zitzaidan, eta ondo.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info