Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Marina Agoues, futbolaria

2014-09-08,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Igande arratsaldean egin zuen debuta Marina Agouesek (Zarautz, 1992) bere talde berriarekin, Riviera di Rogmanarekin. Reala utzi eta Serie A ligako taldearekin sinatu berri du, baina asteburukoa Italiako Kopako partida izan zen; liga datorren hilean abiaraziko dute. Kopan, Ferrara taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta 10-0 emaitza oparoarekin gailendu ziren. Zarauztarrak 90 minutuak jokatzeaz gain, hamar goletako bat sartu zuen. Astebete pasatxo baino ez darama Cerviako taldearekin lanean, eta, zalantzarik ga­be, bikain eman dio hasiera denboraldiari.


Zer dela-eta erabaki zenuen Reala utzi eta atzerrian abentura berri bat abiaraztea?
Realean bost urte eman eta gero, haizez aldatzeko beharra sentitzen nuen. Motibazio eta erronkaberriei heltzeko beharra neukan, hain justu ere. Guztiz erakargarria egiten zitzaidan atzerrira irten eta beste herrialde bateko futbola ezagutzea. Atzerriko ligan jokatzea, nolabait esateko. Oso pozik nago hartutako erabakiarekin eta, egia esan, gogotsu heldu diot ibilbide berriari.


Zergatik aukera duzu Italiara joatea? Aukera edo eskaintza gehiago izan al  zenituen?
Hainbat eskaintza jaso nituen herrialde ezberdinetatik. AEBetako Havard unibertsitateak beka bat eskaini zidan, esate baterako. Aukera kitzigarria izan zen, baina hara joateko bisatua atera behar nuen eta azterketa bat gainditu. Frantziatik ere izan nuen eskaintzarik, baina herrialdeak ez nau gehiegi konbentzitzen eta, beraz, albo batera utzi nuen. Ondorioz, Italiako aukerarekin geratu nintzen. Duela lau urte Munduko Txapelketa jokatzen izan nintzen bertan, eta herrialdeaz maitemindu nintzen. Han bizitako esperperientzia oso polita izan zen. Harrezkero, italiera ikasten eta guzti hasi nintzen.


Futbol taldea bera jarria al zen zurekin harremanetan?
Italiako agente bat Zubietara etorri zen joan den denboraldian Realaren bi partida ikustera, eta nire bideo bat pasatzeko eskatu zidaten, haiek Italiako futbol taldeetan zabaltzeko. Riviera di Romagna taldeaz gain, beste bi talde interesatu ziren nitaz: Bardolino Verona eta Mozzanica, alegia. Bi talde hauek oso ezagunak dira, eta goiko postuetan borrokatzen duten horietakoak dira, baina arazo ekonomikoak dituzte. Riviera di Romagna xumeagoa da talde bezala, baina ekonomia arloan ongi funtzionatzen du, eta soldatak ordaintzerakoan gorabeherarik ez dute.


Futbolari profesional gisa ariko zara, baina futbolaz bizitzeko asmoarekin abiatu al zara?
Urtebeteko kontratua sinatu dut, eta denboraldi honetan futbolaz gozatu nahi dut. Dena dela, magisteritza ikasten ari naiz, eta ikasketan bukatzeko urtebete baino ez zait geratzen. Hori horrela, futboleko konpromisoek uzten didatenean, magisteritzako ikasketak bukatu nahi ditut, baina momentuz jo eta su entrenatzen ari naiz.


Zer moduz egin zara taldera?
Astebete daramat taldean, eta entrenatu eta entrenatu ari gara, prestaketa gogor eginez. Hemen alderdi fisikoari garrantzia handia ematen diote. Ez nuen uste hau horrela izango zenik. Egia esan, neka-neka eginda bukatzen dugu lan saioa, baina oso gustura nago.


Italiako Serie A ligan ariko zara. Espainiako Superligarekin alde handia al dago? Gizonezkoek bezala kontraerasoan jokatzen al dute?
Aldea badago, bai, eta, egia esan, gizonezkoek bezalaxe, kontraerasoan jokatzekoaren aldekoak dira. Italiako jokamoldea da hori. Esan bezala, hemen fisikoari sekulako garrantzia ematen diote. Hala ere, teknikoki ere oso ongi prestatuta daude, eta hori deigarria egin zait, ez bainuen halakorik espero. Oro har, ordea, erasoan jokatzen dute. Superligarekin alderatuta, Italiako ligak maila eskasagoa izango zuela uste nuen, baina oker nengoen. Bertan nagoela ongi prestatuta daudela konturatzen ari naiz. Bestalde, Italiako jokalarien adinaren bataz bestekoak ere harritu nau: Italian 28 urte ingurukoa da, eta adin gehiagokoak ere badira; Realean, aitzitik, 18-19 urtekoa da.


Riviera di Romagna talde xumea dela azaldu duzu. Zeintzuk dira klubaren denboraldiko helburuak?
Taldea xumea da, bai, baina joan den denboraldian seigarren postuan bukatu zuen liga. Argi dago hor goiko postuetan sailkatzea duela helburu. Realean ibiltzen nintzenean, Kopa izaten genuen urteko helburua. Alde horretatik, anbizio gehiago duen taldea da. Enrico Buonocore dugu entrenatzailea, Italiako bigarren mailan jokalari aritutakoa, eta aurreko batean jo­ka­tutako lagunarteko partidan agerian utzi zuen ez zaiola galtzea batere gustatzen.


Taldea indartzeko fitxatu zaituzte. Zutaz gain, atzerritar gehiagorik ba al dago taldean?
Momentuz, bi baino ez gara: Kristina Erman jokalari esloveniarra eta biok. Gutaz aparte, probak egiten ari diren beste bi kroaziar daude, baina ez dakit azkenean taldean geratuko diren. Horiez gain, beste lau jokalari berri fitxatzekotan da kluba, Errusia eta Polonia aldekoak guztiak. Iaztik hona sei jokalarik utzi dute taldea, eta kluba haiek utzitako tokia betetzen ari da, aurtengo multzoa indartzeko.


Atzerrira jauzi egin duten emakume futbolari asko ez zarete izango Euskal Herrian, ezta?
Ez, askorik ez gara atzerriko ligetara joan garenak. Bada Havard unibertsitatera joan den jokalaririk... Italian, esaterako, nirekin batera Athletic-en ibilitako Joana Flaviano dago, Torres taldean jokatzen duena. Hark zera esaten dit: «Hemen erotuta daude, entrenatu besterik ez dute egiten».

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info