Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Luis Mari Zulaika, pedagogian doktorea

2014-09-11,12:00:00

Miriam Tamayo - Urola Kostako Hitza. Larunbatean hasiko da Azpeitiko Eskola Kiroleko ikasturte berria. Baina ekintza horiekin hasi baino lehen, gaur hitzaldi bat antolatu dute Luis Mari Zulaika (Zarautz,1965) pedagogian doktore eta EHUko irakaslearen eskutik. Hitzaldia Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan. Txapelduna ez izatearen eskubidea izeneko hitzaldian, Zulaikak, Kirol Eskoletan gurasoek eta monitoreek izan behar duten filosofiaz edo ikuspegiaz kontzientziatzeko helburua du.

Zergatik hitzaldiaren izenburu hau: Txapelduna ez izatearen eskubidea?
Umeei disfrutatzen utzi behar zaie, eta horregatik, oso garrantzitsua da hauek presiorik gabe jolastea. Umeek kiroletan lortzen dituzten emaitzei garrantzi handia ematen diotenez, frustratu egiten dira eta, horren ondorioz, kirola uzteko arriskuan eror daitezke.

Zure ustez, zein dira umeei erakutsi behar zaizkien balioak?
Saiatu, ikasi, gozatu eta irabazi. Egia da irabazten ere saiatu behar dela, baina umeen kasuan, ez dugu lehenengo helburu bezala jarri behar.

Nolakoa izaten da gurasoen jarrera?
Zenbait gurasok izugarrizko presioa sartzen diote beraien seme-alabei. Ume horiek gurasoek jarritako helburua lortzen ez badute, porrot pertsonaltzat hartzen dute. Presio hori egiteak umeengan eragin dezakeen kaltea erakutsi nahi dut hitzaldi honekin. Psikologo batek hala esan zuen: «Guraso guztiek helburu bera dute, beraien seme-alabentzako onena eskaintzea».

Eta beraientzat, zer da onena?
Ez da erraza galdera honi erantzutea. Baina egia da zenbait gurasok beraien seme-alabekiko duten jarrerari buruzko gogoeta bat egin beharko luketela.

Orduan, nolako jarrera izan behar dute umeek?
Epe luzera egin behar dute lana, hau da, emaitzak eta errendimendua kategoria edo adin handiagoko pertsonei eskatu behar zaie.

Zein adinetik aurrera eskatu daiteke errendimenduaren gorakada hori?
Haur bakoitzaren arabera, ezin dut adin bat esan. Baina behintzat nerabezaroaren ondoren. Ume bat kirolean trebea izateak ez du esan nahi heldua denean ere derrigorrez trebetasun hori izaten jarraituko duenik.

Nola jokatu behar da umeei presiorik ez sartzeko?
Kontuz ibili behar dugu umeei ematen dizkiogun itxaropenekin, helburu horiek ez badira lortzen, umeak bere burua hondoratuta sentituko du eta.

Eta monitoreen edo entrenatzaileen jarreraz zer diozu?
Ikuspegi hezitzaile honetatik abiatuta, umeari ez zaio presiorik sartu behar. Senior mailako kirolariei, beharbada, gehiago eskatzen zaie. Umeei akats baten aurrean errieta egiten bazaio, ez dugu ezer lortuko.

Zein dira kirolari batek kiroletan emaitza txarrak lortzeak edo beste partaideekin konparatzeak ekar ditzakeen ondorioak?
Pertsona horiek kirola utzi nahiko lukete. Badago jendea kirol asko egitetik bat-batean kirola betirako uztera pasatu dena. Beraz, hori da benetan saihestu behar duguna.

Goi mailako kirolean mantentzea oso zaila da, ezta?
Bai, horregatik kontu handia eduki behar dugu umeei helburu bakartzat goi mailako kirolean sartzea jartzearekin. Beraz, umeei ondo pasatzeko eta asko ikasteko aukera eman behar zaie.

Jarrera postiboa mantentzea garrantzitsua da, hortaz.
Bai. Jarrera positibo horrekin, umeak kirol ekintzetan jarraitzea lortuko dugu eta, beraz, kirolean aritzen gozatu egingo du.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info