Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Amaia Uranga, Zumaiako arraunlaria

2014-09-11,17:00:00

Aritz Mutiozabal. Iaz Kontxako Bandera irabazi zuten Zumaiako emakumezkoek, eta datorren igandean ere horretan saiatuko dira. Aurten, ordea, bost segundo atzetik dira, eta aurretik San Juaneko eta Hibaikako ontziak dituzte hurrenez hurren. Baina estropada batean dena da posible. Halaxe dio Zumaiako arraunlari Amaia Urangak (Zumaia, 1995). Ametsa egi bilakatu eta bigarren urtez jarraian trapua etxera ekartzeko ilusioz daude.
(Argazkia: Klausser)


Gero eta gutxiago geratzen da egun handirako. Zer giro duzue taldean?
Aste honetan arraunlari guztiok ari gara pixka bat Kontxa ahazten, edo behintzat gai horretatik isolatzen. Gainerakoan, berdin-berdin ari gara entrenatzen. Aurreko igandean gertatutako guztiok dakigu, baina oso gogotsu gaude. Ezin gara geratu horri begira, bestela astea luzea ez... hurrengoa egiten zaizu.


Eta zer moduz doaz entrenamendu saioak?
Momentuz, ondo doa, eta lasaitasunez hartzen saiatzen gara. Aurten, beste urteetan baino beranduago tokatu da Kontxa, eta taldekide asko oporretatik lanera edo ikasketetara itzuli gara. Dena dela, gehienok goizez ditugu klaseak, eta inolako eragozpenik gabe moldatzen ari gara.


Kontxako Banderako lehia irekita dago: bost segundoren bueltan hiru traineru zaudete. Gizonezkoenak baino ikusmin gehiago izango al du emakumezkoenak?
Nik uste dut baietz. Azken urteetan lehen igandean jada bideratuta geratzen zen norantz joango zen bandera. Aurten, ordea, hiru tripulazio gaude trapua eraman dezakegunak, Orio bera ahaztu gabe.


Oriotarrek konplikatuagoa dute, ezta?
Bost segundoren barruan, Oriok baino aukera gehiago dugula uste dut. Hamar segundotik aurrera oso zaila iruditzen zait, baina itsasoa ateratzen bada, edozer gerta daiteke.


Zuen kasuan, bost segundoko desabantaila duzue. Ez da aldea, baina era berean bada. Posible ikusten al duzue bandera irabaztea?

Irabazteko ilusioa dugu, eta itxaropena ez dugu galduko. Lehen jardunaldiko gure helburua, atzetik geratuz gero, gehienez bost segundora geratzea zen, eta lortu dugu. Aurretik ditugunek ere arraunean egin beharko dute oraindik, eta denetarik gerta daiteke estropada batean. Azken finean, bost segundoren bueltan dena da posible.


Aurten, Euskotren Ligan hirugarren postuan kokatuta ibili zarete, Hibaikaren eta San Juanen atzetik. Kontxan bezala, nolabait esateko. Baina, agian, denboraldiko momenturik onenean zaudetela esan al daiteke?
Trainerua osatzeko arazoak izan ditugu aurten. Jendea kanpotik etorri denez, gure egokitzapena eta gorengo maila berandu etorri dira. Euskotren Ligako estropadak denboraldi hasieran izan ziren, eta une horren ez geunden gure onenean. Azken asteetan goraka joan gara, eta Hibaikari eta San Juani irabazteko gai garela uste dugu. Nik uste dut orain gaudela gure puntuan.


Ezustekoa emateko prest, beraz!

Printzipioz, bai. Baina ea zer gertatzen den egunean bertan!


Zuek Kontxako Bandera irabaztea badakizue zer den. Iaz trapua eraman zenuten etxera. Hori kontuan hartuta, sumatzen duzue presiorik inguruan?

Ez pentsa. Iaz bandera lortu genuen, eta aurten ere animatzen gaituzte, baina inolako presiorik gabe.


Zein izango bandera eskuratzeko gakoa?

Burua ez galtzea eta beste ontziei begira ez jartzea. Bakoitza bere lanera joan eta estropada biribiltzea izango da gakoa. Hasieratik ziaboga eman eta aurkariak muturra sartzen hasten badira ere, ez dugu gure arraunketa galdu behar. Hori guztia aplikatzen saiatuko gara, nahiz eta arraunean hasten zarenean zaila izango den.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info