Sasoian.info Urolakostako Kirol Aldizkaria

Elkarrizketa digitalak

Gorka Etxeberria, Getariako entrenatzailea

2014-09-16,12:00:00

Aritz Mutiozabal. Getariak eta Zumaiak TKE Ligara igotzeko kanporaketa jokatuko dute asteburuan Bermeon eta Portugaleten, erlojupeko estropadetan. Txartel bakarra dago jokoan, eta haiekin batera, Meira eta Amegrove ariko dira lehian. Sekulakoa izango litzateke Getaria bezalako herri txiki batentzat igoera lortzea». Gorka Etxeberriak (Orio, 1977) argi adierazi du aurtengoa «historikoa» dela klubarentzat, baina igoera lortzen ez badute ere, oso pozik daudela osatutako denboraldiarekin. (Argazkia: Karkara.com)


Zer nolako sentsazioekin zabiltzate azken asteotan?
Tentsioarekin gabiltza. Badakigu zer datorkigun gainera, eta jada jokatzeko gogoz gaude. Pixka bat luze joan da liga bukatu eta igoera bitarteko tartea. Hiru aste pasa dira, eta taldea geldirik ez egoten saiatu gara; esaterako, liga bukatu eta astebetera lagunarteko estropada bat jokatu genuen Pasaian. Gero, Kontxako sailkatze saioa etorri zen, eta hura ere bidean zegoen ongi etorri zaitzaigu prestaketa bezala.


Sailkatze saio horretan  Meira geratu zen aurretik. Haiek al dira faborito?
Agian, bai. Informazio gehiegi ez dugu haiei buruz. Gainera, Donostiako estropada ere diferentea da: luze bakoitza 10 minutu dira, eta ez daude hainbeste ziaboga, adibidez. Horrez gain, ez zen gure estropadarik onena izan, erreferentziarik gabe aritu ginelako. Non geunden  jakin gabe abiatu ginen, eta bueltakoan Santurtzi harrapatu genuen irlara iritsi aurretik, baina ez ziguten pasatzen utzi, normala denez. Nire ustez, Meira, Zumaia eta hirurok igoerako txartela lortzeko hor nonbait ibiliko garela. Amegroveko traineruari buruz, berriz, informazio gutxiago dugu; Kontxan atze samarrean geratu ziren arren, ezin gara gehiegi konfiatu.


Hiru hautagai garbi daude, orduan?
Ez dakit. Estropadak jokatu egin behar dira. Estropada eremuan bandera jaisten dutenean traineru guztiak hutsetik abiatuko gara. Hor ez dago abantailarik.  Bi egunetan jokatu denez, ikusi egin beharko dugu egun batetik bestera nola errekuperatzen duen taldeak. Bestalde, Bermeoko estropada nahiko berezia da, itsasoak albo batetik jotzen duelako eta bukaeran brankaz. Ikusiko dugu zer gertatzen den.


Aurten, igoerako fasean lau ontzi eta txartel bakarra daude. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Hobe izango zen bi txartel jokoan egotea. Aukera gehiago izango genuen, baina Astillerok maila txukuna eman du azken estropadetan eta haiei aurrea hartzea nahiko zaila izango zen. Edonola ere, haiek ere jokatu egin beharko zuen besteok bezalaxe. Aurrena libre geratzen zirela, gero jokatu egin beharko zutela eta orain, atzera, ez dutela jokatuko... Horrek guztiak eragin egiten dio gure buruari. Azkenean, jokatzen ez duenez, dagoenarekin konformatu beharko dugu: txartel batengatik borrokatu beharko du­gu, alegia.


LIga txapeldun bukatu duzue, eta horrek eman diezue aukera igoera jokatzeko. Horiek al ziren taldearen hasierako helburuak?
Ez, inondik ere ez. Iaz laugarren postuan bukatu genuen, eta aurten ere hor goian mantetzeko asmotan ekin genion.  Helburu errealak, ordea, zer-nolako taldea duzun ikusten duzunean zehazten dituzu, baita beste taldeek nola dauden eta zer maila duten ikustean ere. Guk taldea osatzeko arazoak izan ditugu, arraunlari batzuk berandu etorri direlako eta beste batzuk lesionatuta ibili direlako, eta hasiera hartan liga irabazi eta igoera jokatuko genuela esan baldin baligute, barre egingo genuen. Estropadak jokatzen hasi ginenean, beste bi ontziekin batera hor goian sailkatzen hasi ginen, eta orduan hasi ginen ikusten aukera bagenituela. Hortik bost bandera eta liga irabaztea ez genuen pentsatzen.


Behin lorpenekin hasita, konfiantza handiagoz helduko diozue asteburuko erronkari?
Ez dugu inolako presiorik, eta orain arte bezala estropadak irabaztera abiatuko gara. Lortzen ez badugu, ezin da ikusi porrot bat bezala. Oso pozik gaude egindako denboraldiarekin. Liga irabazi dugu, eta hori pauso historikoa izan da Getariarentzat. Lehen lortu zuten, baina Oriorekin elkarlanean, eta oraingoak meritu gehiago du, etxeko jendearekin lortu delako. Asteburuan gure bertsio onena ematen saiatuko gara, eta aurkariei gauzak ahalik eta zailen jartzen.

Sasoian boletina

Sasoian.info-n argitaratutako berriak zure postan jaso nahi dituzu?

Erregistratu eta zure intereseko kirolen inguruko informazioa jasoko duzu astero.

Sasoian Aldizkaria

Zu ere sasoian

Kirol Jardunaldiak

Eguna Non Kirola

RSS jarioa

Urolakostako Udal Elkartea. Logotipoa Urola Kostako Udal Elkartea
Urdaneta bidea, 6 20800 ZARAUTZ
Tel: 943 89 08 08 - Fax: 943 83 51 47
e-mail: idazkaritza@urolakosta.org
SASOIAN
Zelai Ondo, 23 behea. 20800 ZARAUTZ
Tel: 943890017-607615239
e-mail: sasoian@sasoian.info